Desagertu gabearen itzulera

  • Kanpai-galtzekin gertatu bezala iraganera itzultzen ari gara, hamarkada batzuk atzera. Musikak ere hartu du bide hori eta 1980ko hamarkadaren hasierara eraman gaitu. Orduan hainbeste maitatutako biniloak salmentak laukoiztu ditu.
Biniloak Bloody Mary dendan
Biniloak Bloody Mary dendan
Modernitateak eta garapen teknologikoak irensten gaituen garaiotan bada lekurik euskarri analogikoaz gogoratzen denarentzat. Mp3 eta iPodak dira musika euskarririk arrakastatsuenak, baina desagertua zirudien biniloak ere badu zeresana oraindik. Espezializatutako hainbat denda eta Internet dira saltzaile, eta pertsona berriak, dirudienez, erosle.

Multinazionalek ez diote muzin egin nahi aukera berriari eta biniloa sustatzen hasi dira. Klasikoen bilduma lanak izan ziren aitzindari eta egungo taldeen ekoizpenak jarraitzaile. Pink Floyd, Coldplay, Manu Chao eta Radiohead taldeak dira “ausarten” artean sailkatu beharreko batzuk. Eta emaitzak ikusita arriskuak arrakasta dakarrela dirudi. Hala agertzen dute hainbat argitalpenek, Espainiar Estatuko binilo salmenta iaz laukoiztu egin zela diotenean. Desagertutzat emandakoaren itzuleraz hitz egin beharko genuke, beraz.

Binilo salmenta eguneroko bizibide dutenek ez dute hain garbi ikusten, ordea. “Biniloa itzultzen ari dela esatea ez da zuzena, ez baita inoiz joan”, dio Juan Carlos Garciak. Hamazortzi urte inguru daramatza Irungo Bloody Mary dendan mota horretako diskoak saltzen eta ongi baino hobeto ezagutzen du merkatua. “Badirudi CDak indarra galtzean multinazional guztiek hortik jasotzen zuten dirua biniloetatik lortu behar dutela, ondorioz gehiago sustatzen hasi dira. Baina biniloak beti argitaratu eta saldu izan dira”.

Bloody Mary bezalako denda espezializatuek bermatu dute, hain zuzen ere, merkatuak bizirik jarraitzea. Banatzaile handienek binilo dendei saldu gabeko produktuak itzultzea debekatu ostean, inor gutxi ausartu zen xarmaz beteriko produktu haiek saltzen, ez baitzen edonolako arriskua. Orduan biziraun zuten gutxi batzuek eman diote hauspoa orain artean, eta euren lanari buruzko ikuspegia ere aldarazi zenbaiti: “Ez naiz dendari sentitzen, diskoak erosten jarraitzen duenarentzat horiek lortzen dituen pertsona baizik”, dio Garciak. Izan ere, gaur egun ez dago duela hogei urteko erraztasunik eta dendariek euren harremanen bidez lortu behar dute materiala.

Bloody Hotsak

Euskal Herrian biniloak ekoizteko proiektu berria sortu zen iaz: Bloody Hotsak zigilua. Juan Carlos Garcia eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen arteko elkarlana da eta oraindik aukerarik izan ez duten taldeak ezagutaraztea dute helburu. Badakite ez dela salmenta handiak ekarriko dituen egitasmoa baina kopia kopuru jakin bat salduta taldeak lagundu ahal izango dituzte. Diskoetxe handiek eskaintzen ez duten aukera emango dute, beraz: “Multinazionalek ez dute talde berrien alde egiten eta horrek ahalbidetzen die inolako arriskurik gabe diru sarrera handiak lortzea. Gureak arrisku handiagoa du, baina musikari diogun maitasuna kontuan hartuta merezi du ahaleginak”.

Flaming' Groovies taldeko kide izandako Roy Loney-k eta Señor No talde donostiarrak elkarlanean grabatutako binilo singlea izan da zigilu berriak kaleratutako lehen lana. Horren jarraipena izango da uda ondoren bi taldeek argitaratuko duten LPa. Sexty Sexers, Sarris Rock & Roll Trio, Thunder Express, Las Membranas eta Los Creyentes taldeen lanak ere emango dituzte ezagutzera.

Orain arte ekoiztutako singleak jendearengana helarazteko tresna indartsuenetakoa izango da Internet, eskaera egon arren mota horretako produktuentzat saltoki gutxi baitago. “Jendeak esaten du sarearen agerpena txarra izan dela, baina positiboa izan da. Badakigu baliabide horri esker jendeak taldeak entzungo dituela eta musika hori gustuko duenak erosi egingo duela”, zehaztu du Garciak. Gazteenengana ere heltzeko bidea izan liteke sarea, biniloa musikaren historian zehar galdutako tresna modura ikusten baitute horietako askok.

Ezin da jakin zein den bere bereizgarria, zergatik hainbeste urte igaro ondoren ere hain bizirik jarraitzen duen euskarriak. Ehunka arrazoi egon litezke: eskaintzen duen soinu garbia, zalantza askoren ostean CDa hautatu zutenen itzulera, gazteenek orain ezagutu izana, taldeek duten konfiantza, ia kartel itxurako azalak, bere garaikoen nostalgia edo besterik gabe betidanik atxiki zaion xarma. Argi dagoena da gero eta aparailu txikiagoek arrakasta lortzen duten gizartean biniloak bere txokoa izaten jarraitzen duela, urteetan joan-etorrian ibilitako modaz harago. Haren maitalerik sutsuenek ere hala diote: “Ez da inoiz moda kontua izan, eta ez da inoiz izango”.

ASTEKARIA
2008ko maiatzaren 11
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


Eguneraketa berriak daude