Ken Follet
A world without end, Ken Follett.
(Dutton, 2007)
Urtebetetzean oparitu zidaten A world wi-thout end, Un mundo sin fin nik jasotako bertsioan eta Un monde san fin Euskal Herriko beste erdara nagusian. Euskaraz, oraingoz, ezta hasiera ere. Liburua eskuetan hartu bezain laster ohartu nintzen lana izango zela irakurtzea; giharrentzat, esan nahi baita. 1.177 orrialde, aizue. Ez pentsa erraz erabiltzeko alea denik galestarrak emandako liburukotea. Baina best seller-a best seller da, eta oparia opari. Hortaz, kementsu ekin nion irakurtzeari, Follett writer baino seller hobea dela jakin arren.
Ez nadin hipokrita izan hala ere; banekien istorioaren bihurguneek gupida gabe erakarriko nindutela. Esan gabe doa, eszeptizismoz bapo hornitu nintzela irakurtzen hasi aurretik, badaezpada iruzkin honen antzeko ezer idaztea egokitzen zitzaidan edo. Neu ere literatura onaz dakitenen podiumetik hurbildu nahi nintzaion A world wi-thout end-i, neuk ere ganorazko kritikarien doinuz jardun nahi nuen Folletten prosa arrunt samarraz, pertsonaien psikologia lauaz, literaturaren historiari egin dion ekarpen ezaz.
Gogora dezagun nola gertatu ziren gauzak: Follettek orain hemeretzi urte kaleratu zuen The pillars of the Earth, Lurraren zutabeak, eta egilearen kontu-korrontearenak ere bai, hein handi batean. Orduko arrakastak oraingo ondorengoa ekarri du. Katedral baten eraikuntza izan bazen lehen liburuaren ardatza, katedral beraren lehen hondamendi zantzuek behar zuten segidaren aitzakia. Eta aitzakia besterik ez dira izan, zinez. Gasteizko Santa Maria katedrala berritzeko lanek eman omen zioten Folletti A world without end idazten hasteko inspirazioa; baina Kingsbridge-ko katedralaren ajeek liburuaren %3 ere ez dute betetzen, eskuzabalak izanda. Sekula estatua merkeagorik!
Bestela, lehenengo liburuaren ildo bera jorratzen da bigarrengoan. Matazak azpi-matazarekin korapiloa osatu, eta ea nola askatuko, loa galarazi irakurle txintxooi. Pertsonaiak zeharo dohatsuak edo biziki zitalak izan daitezke, The pillars of the Earth-en bezala. Erdibiderik ez fikziozko Erdi Aro honetan. Han-hemen Folletten ahalegintxoren bat igartzen da hori hala izan ez dadin, pare bat gaiztakeria txiki eginaraziz istorioko heroiei, baina gehiegi tematu gabe. Zerbait berri aipatzekotan, akaso, XIV. mendeko Europa suntsitu zuen izurriaren deskribapena. Hori da liburuaren elementurik interesgarrienetakoa gure uste apalean. Gainerakoan, sexu asko eta katedralgintza gutxi. Entretenimendu ordu batzuk –askotxo– nahi dituenarentzat zeharo gomendagarria. Horrek duen meritua aitor diezaiogun Follett jaunari.