Fulereno molekulak
Apirilaren 18an, Science aldizkariak Hrvoje Petek ikerlariak Donostia International Physics Center-en (DIPC) egindako ikerketa baten berri ematen du. Bertan fulereno deritzonaren propietateak aztertzen dira, silizioarekin alderatuta dituen abantailak barne. Fulerenoa 60 karbono atomoz osatutako molekula da, baina molekularen portaera izan beharrean, atomoarena du. Horregatik, superatomo deitu diote.
Fulerenoak hutsune-tarte handiak ditu bere baitan, eta horrek aukera handiak ematen dizkie ikerlariei. Esaterako, elementuak sartzea konduktibitatea hobetzeko. Silizioak, aldiz, ez du propietate hori, hau da, silizioa den bezalakoa da eta fulerenoa mota askotakoa izan daiteke.
Fulerenoari esker osagai nanoelektrikoetan abantailak lor daitezke, eta hala, gailu elektroniko txikiagoak, azkarragoak eta merkeagoak egiterik izango da. Teoria, orain, egoera errealetan probatu beharko da, nolanahi ere.