Imazek eta Egibarrek ordezkatu dituzte irudiok EAJn azken urteetan, baina lehia posizioetan ezik, hurbilagoetan ere praktikatzen da orekaren etengabeko ariketa hori. Jose Luis Bilbao eta Iñigo Urkullu dira horren erakusle publikoenak. Bilbaok Ibarretxeren kontsulta ez dela bideragarria une honetan eta hirukoa jota dagoela. Urkulluk, lehenengoaren hitzak gezurtatu barik, PSOE-EAJren lokomotoreen talka iragarriz, Moncloak Ajuria Enearekin negoziatu ezean.
Herritarren hizkuntzan, Bilbaok labankada sakona jo du lehendakariaren sabelean eta Urkulluk labana apur bat atera du. Eusko Jaurlaritzatik Miren Azkaratek hirukoaren osasuna azpimarratu zuen, labana ren zorrotza aipatu barik.
Ez da EAJren buruzagitzatik hirukoa zalantzan jartzen den lehen aldia, iazko abuztuan, artean Iñigo Urkullu EBBko bozeramale zela, errieta publiko gogorra egin zien EA eta EBri, EAJren aurkako mezu desleialekin jarraituz gero hiruko gobernua bertan behera geratuko zela iragarriz. Orain arteko gisako tentsio unetan Ibarretxe lehendakaria atera izan da azkenean hirukoak gizarteko ubide nagusia ordezkatzen duela esanez eta hurrengo legealdirako ere formularen baliogarritasunari eutsiz. Oraingoan, ikusgai da lehendakariaren erreakzioa zein izango den, baina ezin uka posizio zailean dagoela, bere gobernuaren bide orria eta EAJko buruzagitzan aliantza aldaketarako dagoen gogoaren artean harrapatua.
Euskal politikaren ur sakonetan hiru korronte nagusi daudela azpimarratu ohi da azken 30 urteetako une giltzarrietan. Azken negoziazio saioan hirukiaren erpinen metafora erabili zen gauza bera irudikatzeko: EAJ, PSE-EE eta ezker abertzalea dira hiru erpin horiek, edo bestela esanda, elkarren aurka olatuak jaurtitzen dituzten hiru korronte indartsuak. Eta hiru korronte horien arteko borroka, negoziazio, itun eta solasak etengabeak izan dira azken 30 urteotan.
Orain arte denek onartu dutena egia bada, ezker abertzaleko korrontearen azaleratzea saihestea ezinezkoa da. Legeak agintzeak ez du zentzuzkoa bihurtzen, ez eskubide zibilen ikuspegitik ez politikoki, Herri Batasunaren 30. urteurreneko ekitaldia indarrez desegitea. Bare edo bortitz urak topatzen du nondik azaleratu.