argia.eus
INPRIMATU
Izenak
Jon Torner Zabala @jtorner 2008ko apirilaren 30

Iñaki Alforja Riruindarrak El cementerio de las botellas dokumentala estreinakoz erakutsi zuen jendaurrean hilaren 17an. Ezkaba lanean egin zuen bezala, San Kristobal gotorlekuan kokatu du filma. Frankistek lurperatutako presoen gorpuzkiak errekuperatzeko prozesua du ardatz dokumentalak. Aurkezpen nagusia maiatzaren 24an egingo da.

 

Josetxo Anitua musikari eibartarra hil da. Cancer Moon taldeko abeslaria izan zen, eta banda hura desagertu ostean hainbat artistekin kolaboratu du. 2005ean adibidez kontzertu berezia eskaini zuen Atom Rhumba taldearekin batera Bilboko Kafe Antzokian. Hain justu, hamar urtez aritu da disko-jartzaile moduan areto horretan.

 
 

Sabin Salaberri musikari aramaioarrari eman dio Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria aurtengoan, “sorkuntza, dibulgazio eta musikaren irakaskuntzan Araban egindako lanagatik”. Aramaion bertan jaso zuen saria Salaberrik, eta ekitaldian bere biografia bildu duen liburua aurkeztu zuten.

 

Xorroxin irratia Internet bidez (www.xorroxin.com) zuzenean entzuteko aukera dago jada. Duela 27 urte sortu zen Xorroxin, eta hasieran ez zuen emititzeko lizentziarik. Sortu eta 17 urtera lortu zuten.

 
 

Xabier Mendiguren Elizegi idazle beasaindarrak bi istorio batu ditu Bizitza homeopatikoak liburuan (Susa). “Tonu komiko, umoretsu eta ia esperpentikoan” idatzitako bi konkakizunetan “bizitzaren erdian maiz etortzen diren nora eza, zalantzak eta txorakeriak” agertzen dira.

 
 

Eibartarrak iposta zerrendak (http://eibar.org/eibartarrak-zerrenda) 10. urteurrena bete du. 1998ko apirilean jarri zen abian, Luistxo Fernandezen ekimenez. Zerrenda horretako kideek Eibar.org elkartea sortu zuten geroago.