Nor mintzo da Oro bare-ko poemetan?
Hogeita zortzi urte inguruko gizasemea, gorpuzkeraz 65 bat kilo, begi nabarrak, guraso probintzianoak dituen Donostiako euskalduna, lehen jaunartzea egin duen horietakoa, klase gutxienez ertainekoa, unibertsitateko ikasketak dituena, arazo larririk gabekoa, heterosexual monogamo praktikante horietakoa, irakurzaletasun handia izanagatik lana eta gisako mila arrazoi tarteko nahi baino askozaz gutxiago irakurtzen duena, idazteko ez joerarik ez erraztasunik izan ez duena... horrelakoa. Ikus daitekeenez nahiko pertsona taldekoa da; alegia, beste bat gehiago. Izan daiteke norbait. Bada, nire irudimenean sortu zen pertsonaia horren harira nolabaiteko ahots bati itxura ematen ahalegindu naiz testuotan, pentsatuz gainera, egiten ari nintzenak izan zezakeela kanpora begira nolabaiteko interesa. Ahots hori aurkitzeko ez nuen oso urruti joan behar izan.
Zure poesia oso zuzena da.
Literatur lan gehientsuenetan beti lantzen diren gaiak dira epika eta mistika. Eta zenbait sentsibilitateentzako poesian bada arriskua gai horietan urrunegi joateko, hizkuntza nahiko.... deigarria erabiliz: halako adjektibo, halako irudi harrigarriak... Nik poesia ikusten dudan moduan, badaude bizitzan zenbait gauza halako xarma sortzen dizutenak, bai txarrerako eta bai onerako. Orduan, nirekiko nioen: ariketa polita litzake zuri behintzat hain deigarri zaizkizun gauza horiek ahal den argien azaleratzea, hizkuntzan hainbeste oinarritu gabe. Besteak beste gai ez naizelako, eh!