argia.eus
INPRIMATU
Hiru egunetik behin langile bat hiltzen da
  • Munduan egunero 6.000 langile hiltzen dira lan istripuetan edo laneko gaixotasunen ondorioz. Euskal Herrian hiru egunetik behin langile bat hiltzen da. 2007an 125 langile euskaldun hil ziren. Aurtengo lehen lauhilekoan 30 hil dira, gutxienez. Lan munduan bizi den egoera larriak bat egiten du apirilaren 28an Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANEren) babespean ospatutako Laneko Segurtasun eta Osasunerako Nazioarteko egunarekin. Horregatik, LANEk munduan dauden lan istripuen kopuru orokorra ere eman du. Europan, urtean 167.000 lan-heriotza gertatzen dira, 457 langilek galtzen dute bizia egunero.
Juan Mari Arregi 2008ko apirilaren 29a
Hainbeste langileren heriotza ezin daiteke kasualitate hutsa izan. Akatsak daude ahalik eta irabazirik handiena kosturik txikienarekin bilatzen duen sistema ekonomikoaren egituran. Giza kostuak, langilearen biziak, ez zaizkio axola sistemari. Onartu eta haiekin bizi da, izan ere, heriotza tarteko izanik ere euren negozioak beti dira errentagarriagoak. Aipatutako akats horietako bat, bereziki gazte eta immigranteei eragiten dien prekarietatea eta lanaren aldi batekotasuna dira. Hego Euskal Herriko urteko lehen hiruhilabetekoaren azken datuak dio prekarietatezko kontratuak igo egin direla: modu honetako 12.642 kontratu gehiago daude aurreko urteko garai berean baino eta 2.639 kontratu mugagabe gutxiago. Euskal enpresetako eguneroko lan historiak bermatzen du prekarietatearen hilkortasuna. Atentatu baten aurrean bizitza hain sutsuki defendatzen duten politikariek zer egiten dute euren legebiltzarretan langileen bizitza eta osasuna defendatzeko? Bestaldera begiratu.