Goierriko balkoia

  • Joxe Migel Iztueta “Lazkao txiki” zenak ondo asko famatu zuen Lazkaoko begiratokia. Jaiotzen ikusi zuen lekuaren izena harrotasunez atxiki izan zion beti bere ospeari. Bertsolari handiaren sorlekua, goierritarren ohiko pasealeku ez ezik bisitari duen ororentzat paraje ikusgarria ere bada.
Txindoki
TxindokiIgor Eguren
Lazkaomendiko larre zabaletatik Aizkorri eta Aralar mendizerrak soaldi bakarrean lotzen dira. Lazkaotik, Ordiziatik eta Zaldibiatik hel dakioke haranzko bideari; oinez zein autoarekin. Tokiaren izenari eta kokalekuari men eginez gero, lehenengotik hasi beharko genuke ibilaldia. Baina gida-liburuek aski ezaguna egin dutenez Lazkaotik irtenda egiten den pausoa, Zaldibiatik abiatuko dugu geurea.

Zaldibia Aralar mendizerraren oinean dago. Bisitaria herri sarrerako larre zabaletara iristen denean, haren gibelean altxatzen den Txindoki mendi itzaltsuak liluratuko du. 1.346 metroko garaiera duen gain ospetsutik gure kostetako itsasoa ere ikusten da ateri dagoen egunetan. Kale Nagusian barrena, hiribarrua zeharkatu eta Egileor auzoraino egin behar da. Ola, Olako Errota eta Olaldek osatzen duten baserri multzoan hasten da Lazkaomendira eramango gaituen zementuzko bidea.

Maldan gora, paradisuaren bila

Erreka gaineko zubitxoa zeharkatu eta txangoaren oztopo bakarrari egin behar zaio aurre, 400 metro aldats gora. Zuhaitzarte ederraren ondotik, tarte motzeko malda malkartsuak Bianda (Miranda) baserria dagoen bihurguneraino darama errepideak. Bide erdira irteten diren etxe-abereak lagun harturik lehen irudi paradisukoa datorkigu bistara. Bidearen ezkerretara, albo-alboan bailiran, Txindoki eta Gazteluko mendien gailurrek agur egiten digute. Gipuzkoa 1200. urtean Gaztelako erresumari eratsi zitzaionean, Gaztelako Koroari Ausoko harkaitz-gaztelua eman zitzaion eta horregatik Gaztelu izenez ezagutzen da mendi hau.

Hemendik aurrerako bidea gora-behera gutxikoa da. Ibilbidearen albo bietan dauden larre irekiek Lazkaomendiraino garamatzate. Oinezko 500 metro besterik ez eta Okobio eta Goizargi baserrien ondotik lehenengo geraleku inportantera helduko da bidaiaria: Itxurrene jatetxera. Indar berritzeko salda beroa edo txorixo muturra mokadu oparoa dira etxe honetan. Besterik nahi duenak, sukalde tradizionaleko eskaintza zabala aurkituko du bertan.

Kopaua jaisteko-edo apropos egiten du bideak beherantz. Maiz baserri multzoan San Joan Txiki ermita dago, berez San Joan Ante Portam-Latinam deitzen dena. Azken aldapa igotzeko bedeinkaziorik behar duenak hementxe du aukera. Bidean gora baina, ez dira beste 500 metro baino gehiago, eta egitea merezi duela ikusiko du iristen denak. Dozena erdi bihurgune gainditu eta bideak Lartxai izeneko etxeraino eramango gaitu. Garaian auzoko haurren eskola izan bazen ere, egun baserritarren elkartea da. Berezi, ordea, kokalekuak egiten du: Zaldibiatik, Lazkaotik eta Ordiziatik heltzen diren errepideak bertan batzen dira.

Bidegurutzea atzean utzi eta Ordiziarako bidea hartu behar dugu, 200 metro eskasera dagoen Goierriko begiratokira iristeko. Albitxu Goena baserrian dago Pipas jatetxea, parajeotan preziaturik bada, preziatuena. Hango otorduen goxotasuna azpimarratzekoa bada, are gehiago da etxeko atarian esertzeak ematen duen plazera. Basoerdi bat eskuetan hartuta, urtaroak ez dio askorik axola halako paradisuak biltzen zaituenean. Alde batera, Txindoki eta Larraone, Amezketako Malloak; alboan Uakorri, Balerdi, Gaztelu eta Gañeta. Bestaldean, Aizkorriko mendilerro orekatu eta gogorra. Soaldi bakarrean Euskal Herriko mendi multzo esanguratsuenetako bat. Eta behean, bistak ematen duen arte, eskualdeko herrien segida.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude