Garoa
Eta etxekoak zer? Bost? Betikoa izatea, betiko betean azaltzea eta betikotzearen kate-begi izatea uste negargarriez hezitako gizarte honek, hobe luke garoei gehixeago begira. Herrian edo hurrean, horiek bai beti hor; noiztik ote?
Aspaldi gabe jakin dut etxetik bertan, gu eguzki begitan iparrean haiek, ditugun bizilagun batzuen bitxitasunen berri. Zuk ere hurrean izango dituzu eta adi. Itsas aldean, hari begira bizi diren errekasto motzetako klima bereziaren altzoan tropiko inguruetako garo batzuk aurki ditzakegu, erliki. Tasmaniatik ekarri berriak bestengusuekin topo, Stegnogramma pozoi, Woodwardia radicans, Dryopteris aemula, Trichomanes speciosum, Culcita macrocarpa... familia zabala izotzak badirela omenka ezagutzen duten erreka heze gozo horietan. Milioika urtetan hemen iraun dute garo horiek, garai bateko klimaren arrasto. Eta orain bueltan dator, klima hura, alegia. Pagotxa datorkie. Deskuidoan hezetasunak pixka bat laguntzen badu mahuka ederra izango dute. Hor daramatzate milaka urte, zain.
Orduan lagunago izango al ditugu garook... Hasteko itsasaldeko errekatxo aparta hauek babestu beharko genituzke (espekulazioa, suteak..). Bestetik garai batean zituzten erabilerak berreskuratzea ez litzateke txarra: errizoma edo lurpeko zuztarrak eta oraintxe destolesten ari diren hostoen puntta berriak jateko. Kontuz baina, garo zabalduena, Pteridium aquilinum, pozoitsua da. Tiamina edo B1 bitamina suntsitzen duen tiaminasa entzima du.