Ekai TxapartegiEgoitz Lasa
Kontrara, lau arrazoi politiko eman litezke ETA ez kondenatzeko: 1) Kondenatzea epaileen edo apaizen egitekoa da, ez politikariena. 2) Politikarien zeregina arazoak konpontzea da eta “kondenak” ez du arazoa konpontzen. 3) ETA kondenatzeko exigitzen dabiltzanak hipokritak dira: GAL sortu zuten, tortura babesten dute, Irakera tropak bidali zituzten. Edo aprobetxategiak: ez zaie etika interesatzen, kriminalizaziotik etekin politikoa ateratzea baizik. 4.) ETA kondenatzea lehen urratsa da, hori egin ondoren beste eskakizunekin etorriko zaizkigulako –ETAkideak salatzea, atxilotzea, kartzelaratzea…–, eskakizunen zerrendak ez baitu amaierarik –independentzia albo batera uztea, indarrean dagoen konstituzioa geure egitea–.
Gehiago ere egon daitezke baina normalean horiek dira ETA ez kondenatzeko lau arrazoi nagusiak, inondik ere politikoki zilegi direnak. Gutxienez, inor gutxik uka dezake pentsamendu eta adierazpen askatasunaren barruan kokatzen direnik. Bere egiten dituztenek bizkarra jarri beharra ordea, izutzekoa da.
Nola deitzen zaio iritzi bategatik hiritarrak espetxean sartzen dituen estatuari? Nola deitzen zaio iritzi bategatik ordezkaritza demokratikoa debekatzen dien sistema politikoari? Praktika horiek dogmatismo morala erakusten dute, baita Espainiako Estatuan politikaren eta legearen erlijiotzea bizi dugula erakutsi ere. ETA ez kondenatzeagatik hiritarrak kriminalizatzea beste sintoma bat baino ez da, prozesu beldurgarri horrena. Gertatzen dena da aldi berean akuilu eta indargarri ere badela eta, horregatik, geratu beharra dagoela.
Arazoaren muina Estatuak hartu duen norabidea da, herejia nazionala gero eta gogorrago zigortzen duelako. Ez du soilik zigortzen ETA ez kondenatzea; ETAren helburuekin bat etortzea ere zigortzen du, 18/98 sumarioa adibide. Horrek eskatzen digu, egoera errepresibo basati hori jasaten duten herritarrei gure babesa eskaintzea. Zergatik? Bide batez, politika bera ere erlijiotze prozesutik babesten ari garelako.
ETA kondenatzea legitimoa da, jakina. Behin derrigorrezkoa bihurtzen denean, ordea, eskenatoki politikotik eskenatoki dogmatikora aldatu garen seinale. Eta guztiok dakigu estatu dogmatikotan zer gertatzen den. Elkarrizketa politikoa ezinezkoa gertatzen da, berme juridikoak desagertu egiten dira, askatasuna gaizki ikusten da, aniztasuna pertsegitzen da.
Hiritar izateko ez dago ETA kondenatu beharrik. Oinarri oinarrizko premisa hori ez babestea hiritarron izaera politikoa ez babestea da. Eta hori egiteak baditu zoritxarreko bi ondorio, gutxienik. Errugabeak espetxean ikustea da lehena. Bigarrena, berriz, euskal gatazkaren irtenbide politikoa blokeatzea.