argia.eus
INPRIMATU
Bakardadeaz
  • Sándor Máraik idatzi zuen idazleen bakardadean ez dutela tokirik lagunen edota amoranteen arimek. Haren ustez, idazleek egia bilatzen dute, baina haiendako askatasun esparru bat gordetzen dute, inorekin konpartitzen ez dutena. Sekretu guztiak idazki bihurtzen zituen Maráik, bizitzak eskaintzen zion guztiari buruz idazten zuen, mugarik gabe. Hala ere, bazuen “sekretu” bat inori agertu ez ziona. Artea deitzen diote batzuek.
Castillo Suárez @casti_suarez 2008ko apirilaren 25
Castillo Suarez
Castillo Suarez
Etengabe ari gara hitzak ahoskatzen, iritzia ematen, ekintzak burutzen, aldekotasunak eta aurkakotasunak adierazten. Horiek guztiak, ordea, garenaren isla besterik ez dira. Eta sakonean dugun hori, ezkutuan mantentzen duguna, ez da inoiz aldatuko, gainera. Horregatik, nahiz eta pertsona bati buruz dena dakigula iruditzen zaigun, egiazki ez dakigu ezer ere.

Tarteka saiatzen dira gure bakardadea urratzen. Gu ere, nahita ala nahi gabe, besteen sekretuetara hurbiltzen saiatzen gara. Batzuetan lortzen dute; batzuetan lortzen dugu. Alabaina, batzuen sekretuak ez dira idazteko modukoak, batik bat kontatzea erabaki dutenenak. Gure sekretua kontatzea erabakitzen dugunean gaude ahulen, esan izan denaren kontra.