Aro berriaren atarian

  • Paraguaiko hauteskundeak Fernando Lugok irabazi ditu. Latinoamerikako herrialde fronte aurrerakoientzat albiste pozgarria eta Amerikako Estatu Batuentzat ez hainbeste. Etxeko lan asko ditu Lugok, aurreko 60 urteetan bertako oligarkiak agindu baitu.
Paraguayko hauteskundeak
Paraguayko hauteskundeak
Apirilaren 20an, Fernando Lugok, Askapenaren Teologiaren apezpiku ohiak eta Alianza Patriótica para el Cambio koalizioaren hautagaiak Paraguaiko hauteskundeak irabazi zituen, lurrikara politikoa eraginez herrialde horretan. Izan ere, bertako oligarkiaren alderdi historikoak, hau da, Partido Colorado-k, 60 urte jarraian gobernuan iraun ondoren, –Stroessner jeneralaren diktadura barne (1954-1989)–, botere exekutiboa galdu du, Mexikoko PRIri gertatu zitzaion bezalaxe. Zentro-ezkerrak irabazi du lehenengo aldiz herrialde honen historian, eta horrexegatik inflexio puntutzat jotzen dute aztertzaile gehienek.

Paraguai, Hego Amerikan hainbeste urtetan “ahaztua” izan den errepublika, lehenengo planora igaro da azken asteotan. Bi erraldoien artean kokatua, 400.000 km koadroko herri “txiki” honek 6 milioi biztanle baino gehiago ditu, eta horien %50a nekazaritza eta abeltzaintzatik bizi da. Latinoamerika osoan, bertako hizkuntza gehien mantentzen duen herria da Paraguai. Guarania eguneroko komunikazio tresna da, batez ere etxeko erabileran (%59), gaztelaniaren aurretik. Hego Amerikako bigarren herrialderik txiroena, Boliviaren ondotik, eta mendetan pilatutako arazoz beteriko herrialdea da Lugo lehendakari berriak topatuko duena.

Aurre egin beharko dion arazo handienetakoa nekazaritzarena izanen da. Soja transgenikoaren eredua nagusi bihurtu da azken bi hamarkadetan, ondorio latzak ekarriz garapenari, ingurumenari eta langileei. Bi milioi hektarea baino gehiago soja mota honekin ereinda daude, lurraren kalitatea zartatuz, eredu ekonomikoa eraldatuz, lurraren jabegoa bilduz, eta okerrena, milaka nekazari jaurtiz hirietara edota atzerrira. Lugok agindu duen nekazaritza eraldaketa ez da berez oso ausarta, Estatuaren lurrak besterik ez baititu berreskuratu nahi, baina dena den, lur publikoak lapurtu dituzten lurjabeekin gatazka gogorra aurreikusten da.

Brasil eta Argentinarekin indarrean dagoen energia itunaren birnegoziazioa agenda politikoaren lehenengo puntuetakoa bilakatuko da. Diktaduren garaian sinaturiko Itaipu eta Yacyreta Itunak, Brasil eta Argentinarekin hurrenez hurren, aldarazten saiatuko da Lugo. Gaur egun, Paraguaik bi herrialde horiei energia hidroelektrikoa “oparitzen” segitzen du, kostu-prezioan, eta gobernu berriaren helburu zehatza izanen da merkatu-prezioa lortzea, harreman ekonomikoa orekatu nahian. Aldi berean, Mercosurren (Mercado Común del Sur) ere, Paraguaik bat eginen du bera bezain txikia den Uruguairekin, bi erraldoiak hertsatzeko eta egun dauden asimetriak gaindituz joateko.

Arlo politikoan, Estatuaren birfundazioa erronka galanta izanen da Lugoren administrazioarentzat, hiru minbizi errotuta baitaude. Lehenik, sei hamarkadetan Partido Coloradok eginiko Estatuaren kolonizazioari aurre egin beharko dio, alderdi horren erroak moztuz. Bigarrenik, botere judizialaren eraldaketa sakona ezinbestekoa izango da. Eta hirugarrenik, larriena, egiturazko ustelkeriari aurka egin nahi diola agindu du Lugok, Hego Amerikako herrialderik ustelena baita, nazioarteko instituzioen arabera.

Lehendakari berriak, emigrazioaren arazo mingarriari buruzko promesak ere egin ditu, zailtasun handiko afera dela jakin arren. Eredu ekonomiko baztertzaileak milioi eta erdi paraguaiar botarazi zituen Argentina aldera ogibide bila, eta beste milaka batzuk Espainiako Estaturantz. Neurri ekonomiko ausartak hartu ezean, odoluste honek iraun eginen du.

Amerikako Estatu Batuekiko harremana ere klabea izanen da, iparraldeko potentziak bi helburu estrategiko baititu Paraguain. Alde batetik, Mariscal Estigarribia base militarra bere menpe izan nahi du Etxe Zuriak, Hego Amerikan presentzia militarra sendotzeko eta Brasil eta Argentina zaintzapean izateko. Beste alde batetik, guarani munduko ur gezaren erreserba handienetakoa bereganatu nahi du Washingtonek, etorkizun laburrean ura baliabide eskas eta estrategikoa bilakatuko baita. Lugoren gobernuaren jarrera erabakiorra izanen da.

Gaur nahiko argi dagoena da Lugoren garaipena Latinoamerikako herrialde fronte aurrerakoien aldekoa izan dela –bai fronte “gorria”rentzat, baita fronte “arrosa”rentzat ere–, eta aldi berean ez oso berri pozgarria Amerikako Estatu Batuek gidatzen duten fronte kontserbadorearentzat. Etorkizun interesgarria, zalantzarik gabe.
“Jarrera duinagoa eta subiranoagoa aurreikusten da Lugorekin”
Augusto Dos Santos, Paraguaiko kazetaria, Universidad Nacional de Pilarreko irakaslea, irrati zuzendaria eta Somos Paraguay egunkariaren argitaratzailea, Argiarekin mintzatu da, hauteskundeen emaitzez eta Lugoren Gobernuaren etorkizunaz.

Lugok programan eta kanpaina politikoan itun energetikoak Brasilekin eta Argentinarekin birnegoziatuko dituela ziurtatu du. Zein dira birnegoziazioaren aukerak eta mugak, kontuan izanda Evo Moralesek izandako arazoak gasaren negoziazioetan Brasilekin?


Zilegiena da merkatu-prezioak ezartzea energia hidroelektrikoaren salmentan, kostu-prezioak gaindituz, baina ez dut uste oso aldaketa erradikalak lortuko direnik epe motzera. Hala ere, Celso Amorin, Brasilgo Atzerri ministroaren azken adierazpenak oso itxaropentsuak izan dira, prezioak orekatzearen alde agertu baita.

Zer nolako jarrera hartuko du Lugoren Gobernuak Mercosurren dauden asimetriak kontuan izanik?


Jarrera duinagoa eta subiranoagoa aurreikusten da, aurreko gobernuekin alderatuta. Egungo Mercosur eraikuntza polita da, baina logela hutsezkoa Paraguairentzat, horregatik, Lugo “Egiturazko Fondoek” bultzatzen duten asistentzialismoaren aurka agertu da, eredu simetrikoagoa exijituz.

Nicanor Duarte lehendakari ohiak Estatu Batuetako Armadaren presentzia eta immunitatea onartu zuen 2005ean, kritika ugari jasoz. Zein da Lugoren planteamendua gai honen inguruan?


Azken boladan, inork ez du hitz egin horri buruz. Dena den, subiranotasunaren aldeko diskurtso tinkoa erabili du Lugok lehenengo unetik. Beraz, ez dut uste armada estatubatuarraren presentzia egonkorra baimenduko duenik.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude