argia.eus
INPRIMATU
Sorkun
«Gero eta gutxiago axola zait biluztea, ez naizelako hain originala: mundu guztiari gertatu zaizkio halakoak»
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko uztailaren 12a

Oraingoan Sorkun&Vicepresidentes bataiatu duzu taldea…


Hasieratik daude nirekin, eta Vicepresidentes taldearen jarraitzaile sutsua naiz. Etxean ez dut grindcorea entzuten, baina muturreko musika kontzertuetan oso ondo pasatzen dut. Gainera, diskoari ez nion izenburua jarri nahi, kontatzen nuena oso konkretua zelako…

Nola egin duzue halako disko rockero, stoner, gordina?


Une bat bada konturatzen zarena musika zehatz bat entzuten ari zarela. Fermin Muguruzarekin reggae eta ska bira egin dut; urtebetez Dunna diskoarekin ibili naiz eta orain rocka egin nahi nuen: zuzenekoetarako kantuak, indartsuak, erraz sartzen direnak, freskoak.

Death song (Heriotzaren kanta). Dagoeneko idatzi duzu zure heriotza heltzen denerako kantua?


Ez, eta horretaz pentsatzen ibili naiz Ameriketako indioen gaineko liburu bat irakurri nuenetik. Baina, artista modura, idatzi duzu hor gelditzea nahi duzun abestia. Zatarra da nik esatea, baina uste dut badauzkadala pare bat gelditu direnak. Hala ere, 31 urte ditut eta asko dut egiteko.

“Ezin izanaren sentipenak” abestu arazten dizu?


Bai. Askotan esaten dira gauzak disko batean, zuzenean esaten ez dituzunak, edo zelan esan ez dakizunak; eta disko honetan hainbat daude. Abesti bat idazten duzunean ez duzu jakiten gehiegi biluzten ote zabiltzan edo ez. Baina, gero eta gutxiago axola dit, ez naizelako hain originala: mundu guztiari gertatu zaizkio halako desamodioak, rollo txarrak…

Lohimalen. Barruan daukagun umea sarriago atera behar dugu?


Bai. Lohimalen alter-egoa da, nik asmatutako izena, eta nire istorio txarrak bere gainean jartzen ditut, nire zama askatzeko. Badago fikzioa, eta badago errealitatea… Guztia oso ondo doa kanporantz, baina noizbehinka barrura begiratzea ezinbestekoa da. Azken finean, nitaz eta nire kontraesanetaz hitz egiten ari naiz.