argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik
Atentatu eta makroauzien talka
  • Bilboko abusu auzoa eta Elgoibarko PSE-EEko egoitzak izan dira oraingoan ETAren jomuga. Beste behin ere, argi geratu da erakundearen mehatxuak ezin direla gutxietsi. 72 orduko epean gertatu dira biak eta, horrek erakusten du edo ETArentzat samur samarra dela sozialisten egoitzen aurrean lehergailuak jartzea, edo polizi indarrek egoitzok ez dituztela behar bezala zaintzen.
Xabier Letona Biteri @xletona 2008ko apirilaren 22a
Bilboko Abusu auzoko atentatua
Bilboko Abusu auzoko atentatua
Denak adierazten du, alabaina, atentatu mota hau ere gero eta zailagoa egingo zaiola erakunde armatuari. Azken finean, geldi dauden egoitzak zaintzea etengabe mugitzen diren eta askoz gehiago diren zinegotziak zaintzea baino errazagoa izan behar duela dirudi.

Zailagoa izango da PSOEko militante guztiak bizkartzainez babestea, ezinezkoa. ETAk Isaias Carrascoren odol arrastoan segitzea erabakitzen badu, beraz, nekez eutsi ahal izango zaio bere jardunari. Horrek, oro har, ondorioak ekarriko dizkio euskal politikari. Eta gaitza da kutsu sektarioa duen jardun moldeak ezker abertzalean ere eraginik izango ez duela pentsatzea.

Baina ikuspegi teknikotik ETAren mehatxuak gutxietsi ezin diren moduan, ia mende erdiko jarduera armatuaren historiak balio beharko luke fenomeno armatuaren irakurketa politikoa ez desitxuratzeko. Su-etenaren garaiaren azken egunetan, esperantzatik fatalismora iragan ginen eguzkiak argia dakarren minutu gutxien tartean. Eta ondorengo hilabeteetan diskurtsoak ere agudo modulatu dira gatazkaren garai gordinenen uhinetara.

Elkarrizketa eta negoziazioz lortutako bakea atzamar puntan irudikatzetik, gatazkaren saminera iragan gara itzulera gabeko bidaia irudikatuz.

PSOEren buruzagiek etengabe eta nekaezin errepikatzen dute ETArekin polizi irtenbidea besterik ez dagoela, eta larriena, bukaera hori legealdi honetan emango dela. Beharbada izango dute horretarako daturik, baina egoera hoztasunez aztertzen duenak, errealitatean oinarritutako diskurtsoak baino, unean uneko estrategia politikoari lotutako diskurtsoa ikusten du adierazpen mota horretan.

Ezker abertzalearen oinarri sozialaren sendotasuna behin baino gehiagotan ageri izan zaigu azken urteotan, bai hauteskunde garaian, kale mobilizazioan, edo Arrasateko zentsura mozioa moduko hainbat abagunetan. Nafarroan, Bizkaian edo Gipuzkoan, esate baterako, oso agerpen maila desberdina duen mugimendua da, zalantza barik, baina gorputz oso gisa indar erakusle harrigarria duena. Bestelako kontua da, indar hori zein neurritan den eraginkor ezker abertzalearen helburu politikoen lorpenerako.

Diskurtso politikoan ENAMekin hiruzpalau urtetan bukatuko dela saltzea ulergarria izan liteke gerra eszenatokira osorik itzultzen denean, beste gauza bat da benetan halakorik sinesten den. Hori litzateke larriena.

Amnistiaren aldeko Mugimenduaren (AAB) aurka hasi den makroauzi berriak, Estatuak suntsipen politika horretan serio sinesten duela erakusten du. Eta beste estrategia bat darabil horretarako, “dena da ETA” ospetsua. Baina ez da. ETAkoak dira erakunde horretako militanteak eta pertsonak epaitu beharko dira pertsona gisa egin dituzten delituengatik, Kode Penalean ageri direnak, eta horren arabera bakarrik zigortu ahal izango direnak.

Carrascorena moduko atentatuek, herritar askoren aurrean makroauzi hauekiko ulerkortasunari haize ematen badiote ere, zuzenbide estatuaren oinarrietan sinesteak, epaiketa kolektibo hauen zutoinak salatzera behartzen du. Eta zutoinak oso sinpleak dira: Estatuaren errepresioaren kaltetuak laguntzea eta sostengatzea –politikoki eta humanoki– delitua da; presoez arduratzea eta hauei onarpen publikoa eskaintzea terrorismoaren apologia da. Azken finean, ENAMeko erakundeetan aritzea, ETAn aritu gabe ere, delitua dela, ETAkoa izatea dela.

Zigorra da 27 auzipetuentzat oro har espero dena, 10 urteko espetxe zigorrera ere iritsi daitekeena. Estatua salatuko ei dute auzipetuek, baina bizi den giroan, entzungor egin nahi duenaren aurrean egindako salaketaren itxura hartuko du epaituen ahaleginak.