Garomena

  • Loreak sedukziorako, limurtze gordinenerako tresnak dira. Intsektuak liluratuz, polena eta haziak sakabanatzeko bitartekoa. Eta bitartean, gu ere xarmatzen gaitu. Eta naturan bezala gure baratze-lorategietan loraldi nabarmenak dituzten landareak nagusitzen ari ditugu. Pentsa, euskaraz ere jardinari lorategi deitzen diote, ez hostotza, ez errogune, ez enbordi, ez adarraga, ez kimutegi, ez fruitu-habi, ez haziola, ez... ez ba, lorategi!
Garoa
Garoa
Etxe ondoko baratzean garo batzuk landatzeko lanetan eta lagunen marmarra: garoa garbitu ezinean hemen eta jata etxe ondora ekarri... eta simaurtu eta zaindu egingo dituk gainera... lorerik emango balute sikira! Aziendaren azpigai, inaurkinetarako, batik bat, zaindu izan dira garomenak. Aziendaren garai bateko garrantzia eta erabilera hedatu honen lekuko men honen izenen ugaria: iraleku, irasail, iratzesail, iraztor, iraztoi, iratza, iratze, iraztoki, iratzaleku, iratzoki, iraztegi, irazleku, iratzeta, garosail, garomen, garoti, garoleku, istorleku, ihaztegi, jaztor eta zugar. Ondo etxekoa izan da bai garometa. Eta lagunak arrazoi du, ez loreengatik, garoak ez baitu lorerik ematen. Onddo eta perretxikoen gisara, ez lore ez hazi, esporak baliatzen ditu ugaltzeko.

Mundu honetako landare zaharrenetakoak dira garoak. Goroldio, hepatiko eta antozeroten garaikoak; landareek lorea asmatu aurrekoak. Duela 400 milioi urteko fosiletan ageri dira eta Karboniferoan (362-290 milioi urte) landare nagusiak izan ziren. Hauen gainbeheran pilatutako hondakinetatik sortuak dira petrolioa eta ikatza. Eta, loredunen kolonizazio basatiarekin batera, nola iraun dute garook? Ba, animalia belarjaleei ez zaizkielako gustatzen, ahoa gozatu beharrean samindu egiten diete, nonbait... Ez da ez sarri ikusten den imajina, animalia berdezalea garoari tiraka...

Zentimetro gutxi batzuetakoetatik hasi eta hogeitalau metroak harrapatzen dituzten zuhaitzetarainoko garoak badira. Hauetakoak landatzen ari gara etxean, palmondoen gisara luzatzen diren hauetakoak.

ASTEKARIA
2008ko apirilaren 27a
Azoka
Azkenak
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude