Nor genuen Sabino Arana Goiri?
Garai batean, Jesukristoren mailan jartzeraino goratu zuten bere jarraitzaileek. Gaur egun, aurkariek bortizki gaitzesten dute, are Hitlerrekin parekatzeraino. Pertsonaia ospetsua da, dudarik gabe. Euskal nazionalismoaren ideologoa, EAJren sortzailea, euskararen arauemailea, ikurrinaren asmatzailea, antiespainolista gogorra, abertzale sakrifikatua... Berebiziko eragina izan du gure historia hurbilean. Baina polemikoa ere bada.
Ez al da Aranaz nahikoa idatzi? Beharrezkoa al zen zure lan hau?
Arana Goiriren bizitzaz idatzi diren obra aipagarri guztiak erdaraz egin dira. Euskaraz egon badaude hari buruzko zenbait ikerketa on, baina arlo jakinen ingurukoak: filologikoak, pentsamendu politikoaren eremukoak, edota euskalgintzari lotuak. Propioki Arana Goiriren bizitza osotasunean kontatzea falta zen. Mikel Atxagak egina du saio labur bat, eta Joseba Agirreazkuenagak ikerketa jakingarria egin du bere azken urteei buruz. Baina sintesi lana egiteke zegoen. Pertsonaia osorik, jaio zenetik hil arte aztertzea. Bere jarduera publikoa erakustea, baita arlo pribatua ere. Horixe saiatu naiz ni egiten.
Zein da bere arlorik esanguratsuena?
Ez da erraza bere ideologia laburbiltzea. Erlijioa, arraza, euskara, foruak, historia... aski modu konplexuan landu eta uztartu zituen. Nolanahi ere, euskal populua subjektu politiko bihurtu zuen. Bere teoriek mugak eta gabeziak izan arren, inork baino argiago aldarrikatu zuen euskal nazioaren burujabe izateko eskubidea. Horixe da bere ekarpen nagusia.