Beste ehun urterako garra

  • Txomin Peillen, Beñat Oihartzabal eta Xarles Bidegain kezkatuta daude Iparraldean euskarak bizi duen egoerarekin. Hala ere, aurrerapausoak egin direla adierazi dute. Bilbon, joan den astean Deustuko Unibertsitatean egindako mahai-inguruan aritu ziren horretaz.
Donibane Lohizuneko portua
Donibane Lohizuneko portuaGaizka Iroz
Ipar Euskal Herrian euskararen egoera kezkagarria da. Egiten diren inkestek diote funtsezko mugimendua behera doala”, dio Beñat Oihartzabalek. Bidegainen esaldi hau ere ez da makala: “Duela ehun urte hilak behar genuela erraten zuten zenbaitek, eta ez da hala izan. Orain ez dakit bizirik ala erreanimazioan gauden!”. Bilbon, Deustuko Unibertsitatean elkartu ziren Txomin Peillen eta hirurak. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskarak zein egoera bizi duen aztertu zuten. Ez ziren sobera baikor azaldu. Peillenentzat kezkagarria da Zuberoan umeek gurasoei frantsesez erantzutea. Badakite arazo hori Hego Euskal Herrian ere badela gaztelerarekin, baina ez departamendurik, ez erakunderik izan gabe zail ikusten dute geroa Iparraldean.

“Gazte ginela ezagutu genuen Ipar Euskal Herri euskaldunagoa”, kontatu du Oihartzabalek. “Hala ere, azpiko tokian zegoen euskara. Haren kontrako jokabidea garbia zen. Orain, inor ez da euskararen kontra minzatzen eta euskararen alde egiten diren gauzek onespena dute. Horrekin ez da funtsezko ezer aldatuko, baina ona da”, haren arabera. Dena den, horren aldean garrantzia handia eman diote euskara legez ofiziala izateari. “Frantsesa da Frantziako Errepublikako hizkuntza ofizial bakarra eta hala azaltzen da bertako konstituzioan. Legeak euskara onartzeak gauzak aldatuko lituzke. Ez du irudi, baina jendearen pentsamoldean aldaketa eragiten du”.

Xarles Bidegain bat dator horretan: “Euskaldunak ikusten badu, hala izatea normal dela, eta eskubidea duela euskaraz mintzatzeko, gehiago egingo du”. Ofizialtzeak euskara militantismo hutsetik aterako lukeela irizten dio, eta halako urratsak behar direla uste dute. Euskararen erabilera ez da, hala ere, Bidegainen kezka bakarra. Nolako euskara erabiltzen den ere aztertu beharra ikusten du. Izan ere, Iparraldeko gazteek euskara batutik gauza asko hartzen dutela esan du. Ondorioz, fonetikan, lexikoan… galera egon da. Ez du horrek asko harritu. Dioenez, “amuarrainik ez badago, errekako ura ona ez delako izango da”, eta euskara ere zaindu ezean, halako galerak izatea arrunta zaio neurri batean.

Euren euskarari besteen moduko doinua eman beharrak aldatu du gazteen hizkera, Bidegainen esanetan. “Guk ematen dugun euskara euskaldunentzat atzerriko hizkuntza bezain hutsa da”, eta gazteen artean doinua aldatu diote besteen modukoa izan dadin. Horrekin ez du esan nahi euskara batuak euskara hiltzen duenik, “baina gozotasuna ez du erraz pasatzen uzten”. Txomin Peillenek ere euskalkia zaindu egin behar dela uste du. “Zuberoako ikastoletan zuberera ikasten dute lehenengo, eta gero irakasten zaie batua. Ikasi behar da batua, baina euskalkiarekin moztu gabe”, haren berbetan. Zuberoako idazleek lehenago gipuzkeraz idazten zutela aitortu du Peillenek. Hala ere, nafar lapurterara ez dutela inoiz jo. Gipuzkeraren eredua hartu zuten gehienek, zubererara salto egin arte. Oihartzabalek gaineratu du Euskaltzaindiaren lana ondo dagoela. Hau da, tarteka hiztegian Iparraldeko hitzak sartzea ona dela, nahiz eta hitz horietako batzuk Iparraldeko leku askotan ere ezezagunak izan.

Baikor izateko arrazoiak ere agertu ditu Peillenek, nahiz eta kezkatuta egon: “Abertzaletasunaren hizkuntza izatetik, guztien hizkuntza izatera pasatu da euskara Ipar Euskal Herrian”. Ikastolek fama ona dutela esan du. “Eskola seriotzat dituzte gurasoek ikastolak”, Peillenen esanetan. Gainera, zenbait alkate euskararen alde agertu direnetik euskarak prestigioa lortu duela irizten dio. Mauleko alkatea adibidez, euskaltzalea dela dio. Euskararen aldeko mugimendua bizirik dagoen seinale, sei euskara zerbitzu sortu dira Ipar Euskal Herrian. Gainera, orain, zenbait alkatek herritarren eskaerak euskaraz erantzungo dituztela esan dute. Orain arte, Peillenek esplikatu du udaletako idazkariekin euskaraz mintzatzea posible zela leku askotan, baina idazkiak-eta frantses hutsean egin izan direla herriko etxeetan. Orain baina, alkate batzuek idatziz ere euskaraz erantzuteko konpromisoa hartu dute. Aurrerapauso handia da hori, nahiz eta herri txikietan hasi den mugimendua, eta herri handietara heltzea oso urrun ikusten den oraindik.

Banakako ekimenak abian dira, baina legearen babesa falta dute. “Erakunderik ez daukagu, departamendua ere ez gara”, dio Peillenek, “aurrekontua dago euskarazko proiektuetan gastatzeko, baina ez dago erakundetuta. Ez dago horretarako politikarik”. Gainera, erreferentziak ere falta dira. Oihartzabalen berbetan: “Udaletan euskaraz egitea posible da eta badira euskara teknikariak, baina edozein gauza egin behar dutelarik galdetzen dute ea nola idatzi behar duten euskaraz. Euskara batua Iparraldeko terminologiari egokitu beharra dago, ezberdina baita administrazioaren antolaketa osoa”. Hegoalderako egin diren administrazio hiztegi eta landutako terminologiek ez dute balio beti Iparraldean.

Hego Euskal Herritik jasotzen duten laguntzari ere berebiziko garrantzia ematen diote hirurek. Bidegainen ustez, “gu bakarrik bageunde okerragoa litzateke. Frantzian begira nola dauden okzitaniera eta bretoiera. Nahiz eta Iparraldean ezer ez egin, Hegoaldean zerbait egoteak pisu handia du”. Dena den, kontuz ibili behar da askotan, Oihartzabalen ustez. “Frantsesak oso itxiak dira euren gauzetarako, eta askotan, ikusi dute zerbait Iparraldeko indarrarekin lortu ez denean Hegoaldetik bultzatu dela. Orduan, badirudi, askotan ekimenak eta erabakiak hartzen direla, ez hala nahi dutelako, baizik eta egin ezean Hegoaldetik norbait hori egitera joango delako”.

Oraingoz, Peillenek esan duenez, mende hau iraungo du euskarak Ipar Euskal Herrian. Hortik aurrera pronostikorik egiten ez da ausartu. Dena den, Zuberoaren kasua ez dela erraza dio: “14.000 zuberotar gara. Hori Bizkaiko hainbat hiriren erdia ere ez da. Urtero, 3.000 frantses etortzen dira Zuberoara. Itotzen gaituzte”. Lapurdi eta Nafarroa Beherean ere, berdin gertatzen dela azaldu du zentzu horretan. Eta baldintza horietan zaila da aurrerapausoak ematea.

ASTEKARIA
2008ko apirilaren 27a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude