argia.eus
INPRIMATU
Jokin Oregi
«Nire helburua zinez zaila da, ia ezinezkoa: ikusleek barre egitea»
Pilar Iparragirre 2008ko apirilaren 20a
Jokin Oregiren argazkia

Woody Allenen eskolatik edaten omen duzu zure pertsonaiaren nortasun destolestuak eragiten dituen egoera kontraesankor eta umoretsuak sortzeko. Baina, zein da zure lan honen oinarria?


Ni naiz Hector, ni bakarrik! aldarrikatzen du neronek idatzitako azken antzerki testuko protagonistak. Badu nahikoa arrazoi garrasi egiteko, aldamenean dituen bere Ni biek ez baitute bakean uzten. Hor ari dira nor baino nor, nor Hectorrago, nor bakanago. Azkenean ordea, ederto asko ulertuko du hiruon beharra duela aurrera egingo badu, hiru “hankon” premia duela zutik eutsiko badio.

Nolanahi ere, zein da zure lan honen helburua?


Hausnarketa eta ondorio sakonetara eraman gaitzake obra honen mamiak, baina nik garbi utzi nahi dut nire asmoa harago doala, ez naizela konformatzen “pisuzko” zerbait egitearekin, exijentzia maila puntu gorenean kokatu dut honako honetan, lortu nahi nuen helburua zinez zaila, ia ezinezkoa delako: ikusleek barre egitea.

Harkaitz Canok liburu honen aurkezpenean azaltzen dionari kasu eginez, nortasun anitzek osatzen duten gure garun barrunbeetako akelarre gordin, zoro, gozagarrira gonbidatu nahi gaituzu irakurle-ikusleak zure antzezlan honekin. Hala al da?


“Komedia erromantiko hiperbolikoa” azpititulupean aurkeztu dut nire azken lan hau. Zorionez, oholtza gainean ikusteko aukera izango dugu, hori baita edozein antzerki testuaren xedea. Azaroan Santurtziko Serantes Antzerki Jaialdian estreinatuko da.... Hector denak ados jartzen badira, jakina!