«Emozio, kolore eta zapore aniztasuna proposatzen dugu»

  • Aurkezpenik behar ez duen musikaria dugu Jojo Bordagarai, ia bizi osoa euskal kantagintzari lotua eman baitu. Luxuzko talde baten babesean heldu da oraingoan tauletara eta, Bahaki izenburupean, disko ederra, eklektikoa, bidaiarako gonbitea luzatzen duena ipini digute gozagarri.
Jojo Bordagarai
Jojo Bordagarai

Etxekoekin taldean nahiz Ramuntxorekin bikotea osatuz, bizitza osoa euskal kantugintzari lotuta eman duzu. Oraintsu, berriz, zure banda propioa sortu duzularik, jazz munduari lotutako musikariak hautatu dituzu. Nolatan jauzi hori?


Ez gara jazz taldea. Gertatzen dena da, musikariek badutela eragin hori eta oso ibiliak direla. Gitarra-jolea, esate baterako, bederatzi urtez izan da Martinikan (Hego Amerika), eta beste urtebetez, Los Angelesen (AEB). Gainera jazz emanaldiak eskaintzen ditu piano-jolearekin batera.

2004 urtean Ramuntxo gelditu zelarik, banituen kantu batzuk idatziak eta Philippe akordeoilariari –ordurako taldean zen gurekin– eta bioi domaia iruditzen zitzaigun dena bertan behera uztea. Hala, xerkan hasi eta musikari hauek hurbildu zitzaizkigun. Atabalaria ere inoiz edo beste gurekin aritua zen.

Beraz, nahi baduzu, Philipperen eta bion inguruan osatu da taldea. Gure artera bildu den kide bakoitza bere balioekin heldu da, bere bizipenak ekarri ditu. Neronek ere nire idatziak, nire doinuak ipini ditut. Melodiaren izpiritua azaldu diedalarik, izpiritu hori bereganatzen eta errespetatzen saiatu dira, baina haien esperientziak bazter utzi gabe, melodiaren izpiritua beren ukituz aberastuz.

Zuk ez diezu baldintzarik jarri.


Konfiantza egiten diet. Badakit gauzak ez dituztela nolanahi hartzen, saiatzen direla izpiritu hori gordetzen, kantuari fidel izaten. Haien erronka ere badelako errespetu hori.

Musikari handiak dira, baina aski umilak, euren burua kantuaren zerbitzurako jartzeko. Eta jokamolde horixe bera dut neronek ere: kantuaren mesederako gitarrak leku gehiago hartu behar badu, har dezala. Ez da Jojo aitzinean eta besteak gibelean, talde-lana egiten dugu guztiok. Deitura dugu atxiki, baina haiek hala nahi izan dutelako.

Luxuzko taldea da, zernahi gisaz, apustu handia eskatzen duena. Mantentzea ez da erraza izango...


Motibatzen du, zalantzarik gabe. Funtzionatzeko manerak ere arras aldatu dira. Orain kasik notaz nota aritzen gara lanean. Kantua deskubritzen dutelarik, nondik norakoak ulertu direlarik sargenta bezala hasten gara, puntuz puntu, notaz nota, biziki xeheki. Nire kantatzeko modua ere aldatu dut, zintzo-zintzo jarri behar izaten dut besteekin batera… Desafio polita da, diziplina handia eskatzen duena.


Zer erronka jarri diozue zuen buruari?


Lehenik eta behin, atsegin hartzea eta plazer hori partekatzea. Musika ona eginez eta proposatuz plazer hartzen badugu, jendeek ere ber plazera hartuko dutela espero dugu. Halaber, nahi genuke gero kontzertuetan aritu, horretarako egin baitugu diskoa.

Nahi nituzke, gainera, kantu desberdinak idatzi; poza, tristezia, festa... emozio panel guzia abestietan pasatu eta horiek denak taula gainean jarri, gai desberdinak tratatuz, bistan da... Gorrotoa da sorta horretatik kanpo uzten dudan gai bakarra.

Oso disko landua plazaratu duzue, molde eta zapore desberdinak batzen dituena. Bidaiarako gonbitea luzatzen du ezinbestean.


Zoritxarrez ez naiz fisikoki oso urrun ibilia. Haurrak tarteko, ez da beti erraza. Taldekideek eman didate, justuki, bidaien egiteko aukera hori, nor bere zaporeekin eta doinuekin heldu baita. Hala, Europa Ekialdea ezagutzeko parada ukan dut Philipperen bidez, hango izpirituaz jabetzeko aukera. Hura han izan baitzen formatzen, akordeoi klasikoa lantzen. Hortik datorkigu, nahi baduzu, Emir Kusturica-ren eragina, musika zingaroaren ukitua.

Bidaia egiteko beste modu bat da, nahi baduzu, musika bidezko bidaia birtuala… noizbait fisikoki bidaiatzea ere lortuko dudan esperantzan.


Bestalde, diskoa saltoka bezala doa: melodia apalek erritmo biziei ematen diete bidea, doinu alaiek abesti malenkoniatsuei...


Nahita egina da. Puzzle moduko bat proposatzea izan da gure asmoa; emozio, kolore eta zapore aniztasuna nabarmenduko duen puzzlea konposatzea.


Diskoa grabatu aurretik ideia jakin bat eramango zenuten grabalekura. Espero bezala gauzatu al dira zuen asmoak?


Aski serioski prestatu ginen horretarako eta kontent gara eginiko lanaz. Erran behar da Elkar diskoetxeak laguntza paregabea eman digula, konfiantza osoa egin digula eta bihotzez eskertzen diegu.

Horrelako lanak ez dira ustekabean biribiltzen. Bada anitz gaitasunen metaketa. Gu pozik gara sektore desberdin horien elkarlanari buruz eta nahi genuke diskoak harrera ona izan dezan, baina ez dago gure esku. Hori jendeek dute deliberatuko.

Kolaborazioen artean, Itxaro Bordaren abesti bat aurkitzen da. Ez da lehen aldia idazle hau kontuan hartzen duzuna. Zer estimatzen diozu gehien?


Amikuztarra izaki, aspaldi ezagutzen dut Itxaro, eskolatik. Bide urratzaile bat da, karisma handikoa, gauzak bururaino eramaten dituena eta, jakina, olerki ederrak idazten dituena. Ezaugarri apartak, denak.

Ez geldi edo diskoan sartu dugun kantua biziki maite dut, oso motza baita, eta beste hitzekin konparatuz, arrunt bestelakoa, bai formaren aldetik, bai gaiaren aldetik ere. Kantu zerrendan aniztasuna izan dadin, hein batean kanpoko iturrietara jotzea maite dugu.


Etxahun-Iruri handiari ere egin diozue tartea. Zergatik hautatu diozue justuki Laida pilotaria, doinuagatik ala kontatzen duenagatik?


Maite ditut kantu herrikoiak, bereziki horrelakoak. Xiberutarren kultura biziki sartua dugu etxean, aitaren aldetik. Betidanik miretsi izan dugu Etxahun, ikono bat da.

Dena den, kantu hori ez dut taldera nik ekarri, baizik eta Philippek. Euskal kirol horri arrunt atxikia den familia batean sortua da eta biziki maite du.

Beraz, eta zure galderari erantzunez, bi arrazoiak izan dira tartean.


Noiz, nola, non sortzen dituzu kantuak?


Ez da momenturik. Batzuetan besterik gabe heltzen zaizkit. Beti izaten dut paper mutur bat ideiak apuntatzeko, edota tresna ttikiren bat aireñoak grabatzeko. Gero, grabatutakoa etxean berriz hartzen dut eta lantzen dut. Haurrak etzanak direlarik, halere, errazago izaten da beti, batez ere ideia horien biribiltzea.

Gaiak, berriz, eguneroko bizitzari lotuak dira. Batzuetan ezagutzen ditudan pertsonen bizitzatik abiatzen naiz, bestetan asmatzen dut osoki, baina beti bada pertsonaren baten eragina nire letretan. Maite ditut jendeak, maite dut jendeen obserbatzea.

Nori oparituko zenioke Bahaki?


Ez dakit… Euskal letrak maite dituenari, euskarari atxikia den edozeini, baina bereziki euskara ikasten ari denari. Euskalduntzen ari denarentzat badut sekulako errespetua, ez baita partida erraza eta behar zaie zerbait eman, hazi behar dira nonbaitetik, liburuetatik, musikatik... Halako jendeari eskaini nahiko nioke nik, disko hau.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude