Euskal Herriko behategia indartzen ari da

  • Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, 2007 Txostena aurkeztu du, bere lehenengoa. Bertan, besteak beste, Euskal Herriko errealitatea islatzen duten 25 adierazle soziodemografiko eta makroekonomiko biltzen dira.
Gaindegia
GaindegiaJuan Carlos Ruiz / Argazki Press
Gaindegia finkatze garaian dago jada; duela lau urte sortu zenetik, bilakaera handia bizi izan du zuzendaritzaren lanari, bazkideei eta zenbait erakunderen laguntzari esker. Horren erakusgarri dira egindako lanak, dosierrak eta txostenak. Azken adierazlea joan den apirilaren 4an aurkeztutako urteko txostena izan da, Gaindegia 2007, txostena-report, alegia. Hemendik aurrera urtero kaleratuko da Euskal Herrian gehien hitz egiten diren hiru hizkuntzetan, hau da, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.

Nazioaren kohesiorako adierazleak aztertzen

Behategi honetako lehendakariak, Xabier Isasik, arduradunen apustua laburbildu du apirilean aurkeztutako azkeneko txostenaren sarreran. “Gaindegiak, lan honen ildora, hiru gogoeta esanguratsu egin ditu. Lehenengoa, aurretik ere ezagutzen genuena, ez dagoela Euskal Herri osoari buruzko informaziorik ia. Bigarrena, desberdintasunak egon arren, gehiago direla Euskal Herriko lurraldeak batzen dituzten elementuak. Eta hirugarrena, aurrekoari lotuta dagoena, ekonomia eta gizarte eremuan are eta joera handiagoa dagoela Euskal Herriko lurraldeak beren artean erlazionatzeko. Hain zuzen ere, kohesio elementu horiek aztertu nahi ditugu”.

Argitalpen honen xedea ez zen soilik informazioa biltzea. Datu estatistikoak antzuak dira inork interpretatzen eta erabiltzen ez baditu. “Argitalpen honekin hori lortu nahi dugu, hain zuzen ere –dio Isasik–, bildu eta interpretatu ditugun datuak gizarte eta ekonomia eragileen eskuetan uztea, haiek erabil ditzaten”. 2007 Txosten honek oinarrizko bi irizpide izan ditu: bata, Euskal Herriko informazio esanguratsuena eta osoena argitaratzea; eta, bestea, informazio erabilgarria eta ulergarria eskaintzea formatu eroso eta atseginean.

Pobrezia arriskuaren tasa, enpresa inbertsioa, BPG...

Txosten horretan, beste eduki batzuen artean, adierazleen oinarrizko galeria nabarmentzen da. Euskal Herriko errealitatea islatzen duten 25 adierazle soziodemografiko eta makroekonomiko biltzen dira. Horretarako, alderaketak egiten dira Europako Batasuneko, Amerikako Estatu Batuetako eta Japoniako beste datu batzuekin. Adibidez, adierazle horien artean daude biztanleria, BPG, I+G gastua, pertsona aktibo bakoitzeko errenta, enplegu tasa (emakumezkoena barne), pobrezia arriskuaren tasa, enpresa inbertsioa, zientzia eta teknologietan graduatuak, eta abar.

Txostenak, gainera, urteko beste gai estrategiko batzuei buruzko erreportajeak eta analisiak ere biltzen ditu. Adibidez, errepide sarea, teknologia, garapena eta berrikuntza, saltoki txikiak, lanbide heziketa, eta abar. Bestalde, 2007an Euskal Herriari buruz argitaratutako ikerketa lanen laburpenak ere aurki daitezke, ugalkortasunaz, nekazaritzaz, zenbait adierazle makroekonomikoz, egitura adierazleez eta Baiona-Donostia lan merkatuaz dihardutenak. 2007 Txostenaren beste atal batean, kazetarien iritziz urteko berri nabarmenenak izandakoak ere biltzen dira, baita horiei buruz kazetariek dituzten iritziak ere: AHT, laneko ezbehar tasa, hazi transgenikoak, hipotekak, sozietateen gaineko zerga, eta abar. Bukatzeko, urteko aipamen garrantzitsuak biltzen dituen atal bat dauka, eta horrek sozioekonomiarako oinarrizko direktorioa eta behategiaren argitalpenen katalogoa ditu.

Nazio mailako eta lekuko dosierrak

Azken urteetan, Gaindegiak zenbait dosier landu ditu eta orain interesa duten pertsona eta erakundeen eskura daude. Esparru nazionaleko zein tokian tokiko gaiak lantzen dira. Esaterako, ondoko dosierrak aurki daitezke: Euskal Herriko Lurraldearen Antolamendua; Ipar Euskal Herriko ekonomia; Euskal Herriko gazteria; Euskal Herriko demografia eta ugalkortasun tasa; Euskal Herriko nekazaritza; Euskal Herria, Europar Batasunaren hego-mendebaldera dagoen nazioa; Nafarroa eta Deslokalizazioa.

Laguntzaileak

Proiektu horiek gauzatzeko –dagoeneko batzuk burutu dira–, zenbait erakunderen eta bazkideen laguntza du Gaindegiak. Honako hauek nabarmenduko ditugu: Hemen Elkartea; Ataungo, Adunako eta Etxalarko udalak; Bizkaiko Foru Aldundia –Ekonomia Sustapenerako Saila–; Gipuzkoako Foru Aldundia –Gizarte eta erakunde gaietarako Saila–; Euskal Herriko Unibertsitatea; Ipar-Hegoa Fundazioa; Eusko Jaurlaritza; Iparraldeko Euskal Irratiak; Nabarra aldizkaria; Udako Euskal Unibertsitatea eta Udalbiltza-Udalbide.

Gaindegiara jo nahi baduzu:
3 www.gaindegia.org
3 gaindegia@gaindegia.org
3 Tlf: 943 30 43 65 (Andoain, Gipuzkoa)
Gaindegiaren sorrerako xedeak

Gaindegiaren sorrera aktan biltzen denez, oinarrizko eta sorrerako hiru xede ditu behategiak:

  • Egindako lan propioekin batera, ekonomia, gizarte eta azpiegitura gaien inguruan instituzioetan, administrazioan, sindikalgintzan, enpresagintzan eta unibertsitatean garatutako azterketa lanak ikertzea, biltzea, prozesatzea, zerbitzatzea eta zabaltzea. Horretarako euskal lurralde osoaren ikuspegia hartuko da.
  • Euskal Herriko gizartegintzan edo ekonomian diharduten eragileen egituraketa indartu dezaketen ekimenak bultzatzea: profesionalen taldekatze eta elkargoak, merkatal ganbarak, enpresarien elkarteak, eta abar. Euskal lurralde osoko hedadura emango zaio.
  • Eztabaida sustatzea Euskal Herriko gizartegintzaren eta ekonomiaren garapenerako estrategikoak diren gaien inguruan.

Helburu horien arabera, Gaindegia izan daiteke gaur egun Euskal Herri osoko etorkizuneko ekonomia eta gizarte arloko eragileak bilduko lituzkeen gunea edota erakundearen lehen hazia. Beraz, Gaindegia ez da sortu bere burua xede bihurtu asmoz, unean uneko garapen mailetara egokituz aipatutako helburuaren bila tresna eraginkorra izateko gogoz baizik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ikerketa eta Garapena
2022-12-26 | ARGIA
Zuhaitz zaharrek uste zena baino bi aldiz karbono gehiago gordetzen dute, ikerketa batek erakutsi duenez

Oxfordeko unibertsitateko irkerlari talde batek puntako teknologiak erabili ditu zuhaitz zaharrek metatutako karbonoa kalkulatzeko eta orain argitaratu berri duten txostenean erakutsi dute, eraitsitako baso zahar hektarea bakoitzeko alferrik galtzen (eta atmosferara isurtzen)... [+]


Alzheimerra ikertzeko zentroa sortuko dute EHUk eta CITA fundazioak

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta CITA-Alzheimer fundazioak garatutako proiektuak gaixoen bizi kalitatea hobetzea eta etorkizunean prebentziorako metodoak bilatzea du helburu.


2020-05-24 | Estitxu Eizagirre
Ugo Mayor Martinez
"PCR test masiboak egingo balira, ez legoke jende guztia eduki beharrik konfinatuta"

Apirila hasieran jakin genuen berak koordinatutako ikerlari taldeak COVID-19 atzemateko PCR proba bat garatu zuela, eskas ziren test komertzialik behar ez duena. Munduko Osasun Erakundeak test masiboak egitea gomendatzen du koronabirusaren hedapena saihesteko eta hala egin dute... [+]


2020-04-10 | ARGIA
Euskal ikerlari talde batek Covid-19a atzemateko test berria sortu du

EHUko hainbat sailetako zientzialari sare batek, Ikerbasque, Achucarro, Biofisika Bizkaia Fundazioa, Biocruces Bizkaia eta Bioaraba institutuetako ikertzaileekin batera, Covid-19 atzemateko 'RT-PCR' test bat garatu du, 15 euro balioko duena eta emaitzak lau ordutan... [+]


Estrategia

Euskal Herrian dauden administrazio publiko guztiek, eta nabariki Eusko Jaurlaritzak, euren estrategia industrialean digitalizazioa erabiltzen dute ardatz gisa. Honen oinarrian dagoen ikerketa ere digitalizazio ahalik eta aurreratuena egitera zuzenduta dago.

Euskalgintzak eta... [+]


Eguneraketa berriak daude