Eider Rodriguez delako batek dixit: “Liburugintza sektorea oso-oso ustela da”.
Sormen lan bat produktu bilakatzen denean usteldu egiten da. Hor ez dago ez edertasunik, ez mundua aldatzeko nahirik, hor dirua irabazteko grina dago. Horregatik diot literaturaren arerio handiena liburugintza bera dela.
Nik uste nuen literaturaren etsai handiena liburu-aurkezpenetan kaka esplikatzeko dagoen joera patologikoa zela!
Ez baduzu aurkezpenik egiten liburu hori ez da ateratzen, apenas daukan oihartzunik. Etxe-kalte jokatzea litzateke, eta gauzak dauden bezala, ezin dugu pribilegio hori hartu.
Gizajoak, zuek, piztia mediatikoak bihurtzera kondenatuta zaudeten literaturaren seme-alabak.
Azken finean, dena da produktu, dena merkatu, dena dago erosgai, eta gu ere bai. Pertsona mediatikoa izatea plus bat da saltzeko, ezagunagoa izateko, karrera egiteko, baina idazteko ez.
Baina, neska, idazteak ez du dirurik ematen!
Liburu bat idaztearen ordaina erridikulua da. Idatzi ahal izateko sekulako malabarismoak egin behar dira. Lotsagatik ez dugu sekula diruari buruz hitz egiten. Nahiago dugu arazoa irentsi zezenari adarretatik heltzea baino.
Jakina, errazagoa da balizko lehen nobelari buruz espekulatzea…
Film laburra egiten duenari beti galdetzen zaio noiz kaleratuko duen film luzea, baina ehun metroak korritzen dituenari maratoia noiz egingo duen galdetzen zaio?
Idazle bat izerditan ikusten dugunean, agian…
Idazle izatea gauza eder, handi eta arranditsutzat dugu, baina ofizio xixtrin eta apala baizik ez da.
Primeran gelditu zaizu.
Idazle izatea iragazkia izatea da, mundua eta zure artean dagoen iragazkia zure testu bat izatea.
Ez esan iragazki izateko idazten duzunik.
Ez dakit zergatik idazten dudan. Ez dut inongo plazerik hartzen, ez zait gustatzen liburua plazaratzean sortzen den oihartzuna, ez naiz gustura sentitzen irakurlearekin hizketan, nahiago dut irakurri idatzi baino, eta hala ere...
Lasai, masokismoa modan dago.
Estetikarako joera bat da. Bakoitzak edertasuna edo itsustasuna bilatzeko daukan modu bat. Ez dakit apalagoa edo goragokoa, baina idazketak beste dimentsio bat ematen dio norbere bizitzari.
Idazketak beste dimentsio bat eman? Horretarako kritikak daude!
Begi batekin eta zeharka irakurtzen ditut... jajajaja.