argia.eus
INPRIMATU
Chipayak euskararen tankera du?
  • Nila Vigil hizkuntzalariaren Instituto Lingüístico de Invierno webgunean (http://nilavigil.wordpress.com/) sartu gara. Peruko hizkuntza indigena kopuruaz idatzitako artikuluan erreparatu dugu eta baita youtubeko bideoan ere.
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2008ko apirilaren 16a
Rodolfo Cerrón-Palomino hizkuntzalariak aurkeztu berri duen liburua (El chipaya o la lengua de los hombres del agua) aitzakia hartuta, chipaya hizkuntzari buruz hitz egin du telebistan. Halako batean elkarrizketatzaileak, liburua eskuan duela, esan dio hizkuntzalariari chipayaren grafiari esate baterako euskararen tankera hartu diola. Hizkuntzalariak euskara irla linguistikoa dela azpimarratu dio, baina aipatu du baita ere hizkuntza andinoek eta euskarak egituran nolabaitako tankera dutela. Dena dela, gehiago nabarmendu du chipaya hizkuntzak kitxuarekin eta aimararekin duen mendetako harreman estua.

Huroa peruar-boliviar altiplanoko herririk zaharrena da eta aldi berean hizkuntza familia. Bada chipaya, familia horretatik biziraun duen hizkuntza bakarra da. Aimara eta kitxua baino lehenagoko hizkuntza da. Ezetz asmatu zergatik iraun duen bizirik? Cerrón-Palominok elkarrizketan dioenez, aimarek baztertu eta umiliatu zituztelako, eta egoera gogor eta isolatu horretan aurrera egitea lortu zuten. XX. mendean hizkuntza galtzeko arriskuan izan ziren, alegia, 1930-40ko hamarkadetan aimaraz zein chipayaz hitz egiten zuten eta galtzorian zegoen chipaya. Orain, aimara albo batera utzi dute eta bigarren hizkuntzatzat gaztelania hartu dute. Cerrón-Palominoren ustez orain ez dago galzorian eta huroen herritik geratzen diren hiztun bakar horiek harro daude.