«Argitaletxeak beti negarrez, baina laguntzak beti haientzat»

  • Goizueta (Nafarroa), 1959. Leitzan bizi da hamabi urte zituenetik. Lurra bere amorantea dela dio Patziku Perurenak. Baserrian sortua izaki, asko ibili zen larrean bakarrik haurtzaroan, baita ere gaur egun. Lurrarekiko atxikimenduak liluratua bizi da: faunak eta animaliek bizi dute; txoriek, xomorroek, arbolek, errekek, landareek... Arbolei begira edo erreken soinuari adi. Dakiguna ikasten (Alberdania) saiakera dugu horren lekuko. Liburuan eta elkarrizketan ageri denez, ez da gizarteari bizkarra emanda bizi ordea. Inork uste bazuen lurrak irentsi zuela, oker dabil.
Patziku Perurena
Patziku PerurenaMaddi Soroa
Dakiguna ikasten liburuko azalaren irudi-argazkia ezaguna egin zaigu: “Kanpotik barrura etortzen den argitasun hori, ezta? Asko gustatzen zaidak bai. Inozentziarekin lotu zitekek, haurtzaroarekin. Kanpotik sartzen den argitasun hori, norberaren baitako errotan lan egiten duena. Literatura edo sortze lana horren isla modukoa duk” diosku Patziku Perurenak.

Azalean agertzen dena arruka da, ardiborda bateko harleihoa: “Harria maite diat. Zenbat borda eta zenbat pareta ikusi ote ditut, eta sekulan ez nauk aspertu. Arrukaborda izen galdua ere jaso diat liburuan. XVIII. mende bukaeran altxatutako ardibordak dituk. Arruka eta leiho txiki horri buruzko azalpenak eman ditiat eta filologo eminente horien erantzunaren zain geratu”.

Filologoak beti etsai Patzikuk!


Artikuluotan badira filologoen kontraesanei buruzko kontuak, baina geure akatsei buruzko introspekzioa ere egin diat. Gu biok hizketan hasi garenetik kontraesanean harrapa gaitzakek edozeinek. Hitza bera duk gure lehen kontraesana, irudipen hori izaten diat nirekin beti. “Hitz egitea, erratzea dela” zioen Pessoak. Horra hitzak bere baitan daraman ezina.

Beste alderdi engainagarri bat ere badik hitzak. Hik arbola izena ikasi, eta baso osoa ignora dezakek, landare klase bakoitzaren izen eta ñabardura guziak arbola izenpean estaliz. Ikasten dugun apurra, gainerako guzia despreziatzeko egiten baitugu. Ez zekiat nola esplikatu, baina, ederki nozitzen ari naizela bai. Esate bateko, gure semeak arbola hitzarekin, askoz ere gehiago dakiela uste dik Lakoizketak bere bizi guziko lanekin baino.


Filologoekin harreman tirabiratsuak hor dirau hala ere.


Maitale-arerio harreman ernagarri hori gustuko diat. Maite ditiat filologoak, harreman polita diagu. Nire ignorantziatik, haiek eminentziak izaki, huskeria batzuk ekartzen ditudala onartzea eskatzen zieat. Baina, gehienetan ignoratzen naitek. Bazekiat master bat egin gabea edo doktoratu gabeko tipo baten izena aipatzea ez dela batere ohorezkoa, baina lan bat egin badiat, argi pixka bat ekarri badiat aitor dezatela gutxienez.

Arbola eta zuhaitza, esaterako.


Baita. Zuhaitza, erdarazko arbol bravo besterik ez duk. Erdiko enborra zuzen-zuzena duen arbol klase oso jakina. Zurajetako eta materialetako apropos aldatu eta zaintzen dena, azpiadarrak kenduz bakanduz, eta ondorik egokienak aurrerako utziz. Zur-gaitza hori duk. Zura eta gaitza. Gaitza kasu honetan altura izanen huke batik bat. Baina orain zuhaitza hartu ditek hitz generikotzat, arbola ordez. Gernikako Arbola kantua lekuko. “Adoratzen zaitugu arbola santua”. Nazionalistek ikurtzat hartu ziaten eta zerbaitetan arrazoi eman beharko zaiek ez? (Kar, kar, kar...).

“Bere kezkei buruz idatzi du Patziku Perurenak” irakurri genuen liburuaren aurkezpena kari.


“Idazle bat bere buruarena egiten” edo horrelako zerbait idatzi du Bixente Serrano Izkok liburuaz. Alegia, “Patzikuk adierazi nahi ziguk badagoela zinezkotasun bat”. Mundu hau ez dela teatro hutsa. Ongi. Bazekiat. Kontraesana duk hori ere. Baina, ni hizketan ari naizela, solaskideak agudo nabaritzen dik noiz ari naizen hipokresia betean, noiz pasioarekin, noiz barrendik. Nik horri inportantzia ematen zioat bizitzan eta literaturan. Nire literatura errealitatetik sortzen duk, eta errealitatearekin ondo moldatzen ez naizelako idazten diat. Askoz libreago, osoago, sentitzen nauk literaturan, errealitatean baino.

Dena dela, teatro hutsa maite duten horiei, uki iezaiek hik nahi ez duten puntturen bat, eta inor baino xitalago jarriko zaizkik serio-serio segituan. Orduan? Besteok ironia zer den ez bageneki bezala!

Atxaga eta Egañarentzako hitz gozo samarrak izan hituen aurkezpenean Gorrotorik bai? artikuluaren kariz. Euren abegiaren ordainez edo...


Ironia pixka bat erabili behar eta nola pasatzen diren kontuok... Aipamen horrek zerbaiterako balio izan zian, antza. Atxagarena eta Egañarena aipatzean fintasunak funtzionatu zian. Kazetariak galdezka hasi zituan segituan: “Hori egia al da?” Nire kolkorako esan nian: “Patziku gizajoa, ez duk balio gezur saltzeko”.

Alegia...


Ironia hor zegok. Eta ironiaren ezinak ere bai.

Orotariko Euskal Hiztegia hizpide. Honekiko ere ez duk erabateko sosegurik.


Lan handia egin ditek. Hizkuntza idatziaren corpusa egitea ondo zegok. Oraindik gauza asko jaso gabe zeudek noski. Ahozkoari oraindik ez zaiok behar bezalako traturik eman. Oro har tratamendu puristegia. Ibon Sarasola eta besteak ohartu dituk horretaz, halere. Esaterako, Juan Martin Elexpuru hartu ditek atzenaldera aintzat, Bergarako Hiztegian, alegia. Baina, oraindik asko zagok egiteko euskara naturaltze aldera: ordaindu/pagatu, aholku/kontseju, atseden/deskantsu… Sabino Aranak sortu zuen hartatik erruz mejoratu diagu, baina kasik beste hainbeste falta diagu hizketa naturaltze aldera. Goizuetako berendua, pukadua, dañua eta beste asko ez badira euskara, nora goaz?


Herrietako artxiboak Patzikuren bisitaren esperoan.


Birjinak zeudek-eta kasik (kar, kar, kar). Gaur dauden aurrerapenekin, udaletxe bakoitzak bere artxiboa digitalizatzeko ardura hartu beharko likek. Elizako ondasunak eta artxiboak ere hor zeudek. Begira, ni aspertuxea nagok gauzok behin eta berriz esaten. Ortega y Gassetek esaten zian, ongi esan ere: herri batek, bere diziplinaren mailako kultura izan ohi duela. Ez alferrik, gurean behintzat. Beti hutsetik hasi beharreko sentsazioa, bai tristea dela! Oraintxe hasi gaituk Herri Literaturakoak, irratietan jasotako ahozko artxiboen bila, eta kasik deus ez zagok taxuz jasotakorik. Eta ez noski Francok galarazi digulako. Hil ondotik eta okerrago.


Poeta gazteak goraipatu dituzu liburuan: Kirmen Uribe edota Sonia Gonzalez... Zure gogaideak ere ageri dira.


Gogaideak? Bai, gustuz leitu ditudanak. Eta Uribe eta Gonzalez berriz, pasadan bezala, egungo maskulinitate/feminitate kontuak ironia apur batekin iradokitzeko erabili nizkian, behin, eskura etorri zitzaizkidan bi poema zirela medio. “Boterea zor didazunean, erabil nazazu” edo holako zerbait esaten ziok Soniak Kirmeni, baina, Kirmenek erantzuten ziok aurrez imajinatutako perfekziorik ez dela inoiz gertatzen ohean.


Hi hire moduan ondo...


Ni ere poeta sentitzen nauk bai, askotan. Baina, poesia bihurtzeko, denbora eta dedikazioa behar, beste edozein gauzatan bezalaxe... Orain gainera, herri literaturan eta artxiboetan nabilek, eta ez diat bestetarako denborarik. Eta sorkuntza librea beste gauza duk.

Zer moduz argitaletxeekin?


Inutil absolutua nauk. Jar ezak hori. Jendeak gustura irakurriko dik (kar, kar, kar). Nire pentsioa 600 eurokoa duk, ezintasun fisikoa dela medio. Beste sos pizar batzuk literatur kontu ergelotatik eta hola... Baina nola kontrolatu hire lana? Egilea azkeneko eskazalea duk. Eta argitaletxeak beti negarrez, baina, laguntzak beti haientzat. Eta gero gainera bidean habilela, hainbeste detaile mixerable botatzen ditek hire bizkar, berek sos bat ez gastatzeagatik. Ijitokeria hutsa duk euskal fartsa hau.

Kultur ekimenekiko estimu falta edo...


Zer nahi duk esatea? Ez diat zinezko euskal proiekturik ikusten, ez giza grina soziopolitiko eta ekonomiko ondo egituraturik eta fintasunez ari denik. Non sumatzen duk hik euskarazko produkzioan? Bertsotan igual? “Euskal Herria bertso bat da boboa, eta badu bere haizezko globoa”. Jo ze ongi, ez! Bai, haize hutsezko globoaren metafora oso egokia duk [Ikus goiko koadroko Silvestre Zubiturrena].
“Bihotzak irabaziko du nire gatazka honetan”
Literatura gauza intimoa da Perurenarentzat. Nahiko errealista dela uste du. Bizitzen eta sentitzen duenarekin zer ikusia duena: “Baina, gaur lurrari kantari hastea, edo lirikaz hitz egitea barregarria duk. Gaur dena aldez aurretik iragarritako umore ergel horretan egin behar dik. Edo dena prostituzioa, trabestismoa, hibridazio morbosoki kotizatua: gizon haurdunak, ama sementalak. Hau duk gaurko dibertsioa. Haragiaren obsesiora bildu diagu poesia, eta erotzen hasi dituk txuletak ere. Eta arima basura poltsetan ateratzen diagu. Nik etxetik zekiat”.

Baina Patziku beste galaxia batean bizi omen da: “Jendeak nahi duena egin dezala, baina, nik lurra kantatu nahiko nikek, hobekien ezagutzen dudan mirari hau. Virgilio xuhur bat izan Leitzatik Goizuetara bitarte honetan. Hori duk nire frustraziorik handiena. Baina, bazekiat atzenean bihotzak irabaziko duela nire gatazka honetan” diosku.
Leitzarren gainean goizuetarra mintzo
FAMILIARTEKO ESPAK POLITIKAN: “Kuriosoa duk askotan politika edo ideologia zertan oinarritzen den ikustea. Esate bateko, nik ezagutzen dizkiat Leitzan bi familia, esanda ere igual dik, Astibiatarrak eta Zabaletarrak, ezkerrekoak eta abertzaleak biak. Bat ezker moderatuan ibili denean bestea ezker erradikalean, edo alderantziz, baina biak elkarren kontra beti. Eta gurasoen gertakari zahar batetik datorrena ditek elkarren pikea. Leitzako kontuak biltzen ibili nintzenean zenbat holako ez ote nuen sumatu. Familia arteko espa, eta ezin eramana. Gorroto enkixtatu hori politika nola bihurtzen den ikustea izugarria duk. Gure gaitzik okerrena hor zegok. Beste guzia bost axola. Benetako grina hor zegok”.

JOSE JAVIER MUJIKA: “Herrian arrunt ezaguna huen. Munduan izan litekeen gizonik xinpleena. Giputxa aurrekoz. Jeiki abesbatzan elkarrekin ibiliak gintuan, eta oroitzen nauk senar emazteak nola ibiltzen ziren. UPNko zinegotzia huen, baina fin horietakoa. Sanz eta Aznar musukatuko zituena eta aurrean belauniko jarri ere bai. Politikan, galtzaile bat huen ezinean, festetan bere bandera atera nahian eta… Baina, ez aski nonbait, akabatu egin behar gizona. Eta ondotik ikusi eta aditu zirenak: haren aldeko mezan Leitza inbaditua izan omen zela eta… Bo, bo! Zer espero ote zuten, Del Burgo eta Aznar barkazio eske etortzera edo? Eta etazaleez gaineko alderdiak ere arrunt motz eta zuri sumatu nizkian. Lehenaz gain, orduan ohartu ninduan, zeinen koldar eta ustel hezia dagoen euskaldun abertzalego osoa”.

SILVESTRE ZUBITUR: “San Tiburtzio eguerdia Leitzan, eta nolako morboz bildua jendea plazan! Lehen esan diat: horra gure politika guzia. Hik pentsa ezak, eguerdiko giro hartan, balinezko eskopetattar bat hartu eta jende guziaren aurrean, globoa balinaz zulatzen hasteko, nolatsukoa izan litekeen gizon baten psikologia? Eta noski, nolako grinez biziko duen dibertsio politiko hau? Baina gatozen beste aldera: airez puztutako globoak lur jo zian gure ikurrarekin batera. Horra balinttar baten finezia, eta gure barren hutsa, aurrez aurre. Zeinen metafora polita, Euskal Herri osora zabaltzeko. Baina, inor ez huen ohartu. Edo ez zian aintzat hartu. Halaxe itsutuak gaudek. Zenbat eta tontoago, orduan eta harroago”.

PELLO URKIOLA. NIRE HITZE BERTSOATAN LIBURUAREN EGILEA:
“Honen kasua oraindik itsuago erabilia izan duk. Pellok batez ere bere sentimendu politikoa azaltzen dik. Baina, baita bere bizimoduko pasarte polit askoak ere sarreran. Nik Gloria Irurtiak utzita leitu diat, eta haren aita zena Sebastianez esaten dituenak, kasik neronek ere firmatuko nizkiake. Baina dena lau morbo politiko zikinekin desterratu eta hala! Nazka ematen zidak aberegiro mediatiko polarizatu honek. Hemendik hogei bat urtera, batere zentzurik duenak, holatsuko zerbait esan zezakek, liburu hau leitzean: ‘Hona leitzar baten pasadizo hunkigarriak, hona euskaldun espainolista tipiko baten ideografia, hona UPNk babesten omen zuen euskara eredua’. Nik animatu eginen nizkiake Nafarroako euskaldun xahar horiek, edozein dela ere beren ideologia, honen testigantza finak jasotzera”.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude