Catch-22
Joseph Heller soldadua izan zen AEBetako armadan, bonbaketaria. Bonbaketaria da Yossarian ere nobelaren hasieran, nahiz eta gibeleko mina daukala esanda ospitalean dagoen. Beldur izugarria dio bere lanari eta, ahal duenean, betebeharra saihesten ahalegintzen da. Gerra gorrian “Ni hil nahian ari dira” kexatuko da; “Inor ez da ari zu hil nahian” erantzungo diote; “Zergatik ari zaizkit orduan tiroka?” galdetuko du, eta mundu guztiari tiroka ari direla azaldu beharko diote. “Eta zein da diferentzia?” Yossarian jeniala esnatu da lehen aldiz.
Marx anaien umorea hartu diot nobelari pasarte batzuetan, baina liburu batez hizketan zinema erreferentziak erabiltzea baten batentzat itsusi samarra izan daitekeenez, beste hainbat iturritatik edaten duela esan dezadan. Bi boxeo izar aipatzeagatik, Franz Kafka eta Louis-Ferdinand Céline nabarmenduko nituzke. Oso nobela kafkiarra da, bizitza bezain absurdo, paradoxiko, gordina; umorea nobelan etengabea den arren.
II. Mundu Gerrako giroak ordea, Célineren Gauaren muturrerainoko bidaia-ren Gerra Handiarekin antzekotasunak ere baditu. 1910eko hamarkadako Paris, bere zoko ergel-itsusiak, prostitutak eta bere bizia salbatzeaz gain idealik ez duen Ferdinand Bardamu; 1940ko hamarkadako Erroma, Tonyren jatetxea. Janari fina. Alde hemendik. dioen kartela, prostituta gehiago eta gau eternala. Hellerren pertsonaiak, dena dela, etika apur bat gehiago duela esango nuke Célinerenarekin konparatuta.
Gaiaren trataerak harritu nau, gerraz sano barre egin daitekeela ikusteak. Askoz gehiago ere badago baina: eromenaz, laguntasunaz, etikaz, askatasunaz... Hari asko josten dituen obra da.
Joseph Hellerrek 1961ean idatzi zuen Catch-22 eta azkar demonio bihurtu zen bestseller. Time aldizkariak ingelesez idatzitako ehun nobela garaikide onenen artean jarri zuen. Batzuetan merkatuak liburu onak ere asimila ditzake, zorionekoak gu.