Gaindegiak, sozioekonomiako euskal behatokiak, aurreko asteburuan aurkeztu zuen 2007ko Euskal Herriko benetako egoera sozioekonomikoaren inguruko hurbilketa lana. Gaindegia Txostena 2007 deiturikoa sei ataletan banatua dago: Euskal Herria 2007ko adierazleak, gakoa zifretan, adituen analisiak, urtekako azterketak, hemeroteka eta agente sozioekonomikoen direktorioa. “Benetako egoeraren hurbilketa” aurkeztu dela diogu Euskal Herriko zazpi lurraldeetako egoera sozioekonomikoaren argazki bateratua egiteko baliabide gutxi dituelako behatoki gazte honek. Izan ere, aipatutako lurraldea bost administraziotan dago banatua gutxienez, europarra barne. Testuinguru horretan, eta Euskal Herri osoaren informaziorik ezean, ez da erraza datu estatistikoak eta analisiak bildu, landu eta interpretatzea.
Hala eta guztiz ere, formatu eroso eta erakargarria duen lehen lan orokor horren emaitza positiboa da. Horregatik goraipatu behar da arlo sozial eta ekonomikoan azken lau urteotan behatoki gaztea egiten ari den lan isila. Halaber, ona litzateke gizartearen, bere erakundeen, agente ekonomiko eta sozialen eta oro har, Euskal Herriaren aldeko apustua egiten duen edonoren kolaborazioa, horrela lortuko baita Gaindegia Euskal Herrian erreferentzia sozioekonomiko garrantzitsua izaten jarraitzea. Horrela lortuko dugu gure herriaren argazki sozioekonomikoaren irudia gero eta argiagoa, hobeto zentratu eta enkoadratua, gardenagoa eta orokorragoa izatea.