Zein da zure saiakeraren tesi nagusia?
Nazio guziak berriak eta asmatuak direla. Nazioak ez dira gauzaki naturalak, ezta fisikoak ere. Gauzaki kulturalak dira, irudimenezkoak, ideia mailakoak. Ildo honetatik, euskal nazioa asmatu egin dugulako –alegia, nazio bat garelako ideia sortu, zabaldu eta onartu egin dugulako– nazio bat garela erran dezakegu. Nazioak ez gaitu egin, ez gaitu osatu, ez digu izaera eman –ikuspuntu tradizionalista batetik argudia litekeen bezala–, baizik eta guk egin dugu nazioa.
Beraz, Euskal Herria nazio asmatua da?
Hori diotenek, aldi berean, Espainia arrunt nazio zaharra dela diote. Beraz, antzinako nazio egiazkoen eta gezurrezko nazio asmatuen artean bereizketa ezartzen dute. Nire ustez, gure antzinatasuna aldarrikatzean, abiapuntuan dagoen bereizketa hori onartzen dugu, lehenik eta behin kritikatu beharrekoa; justu kontrakoa aldarrikatu behar genuke, Euskal Herria herri asmatua dela, eta hain zuzen ere asmatu dugulako existitzen dela.
Zer azaldu nahi duzu horrekin?
Hauxe baino ez: Nazioak –bereziki nazio txikiak– boterea lortu nahian dabiltzan elite batzuen tresna direla. Elite horiek mota guzietako sinboloak eta tradizioak asmatu dituzte, jendea mobilizatzeko. Beraz, ikerlari kritikoak tradizioaren asmatze hori ikertu ez ezik salatu ere egin behar du. Ikuspegi horren liburu ospetsuenetariko bat
The Invention of Tradition izan zen, eta gurean ere oihartzun zabala izan zuen: gogoratu Jon Juaristiren
El linaje de Aitor liburuak
La invención de la tradición vasca zuela azpitutulu.