Abu Dhabi Investment Authority erakundearen egoitzaUaesaint
Peter Mandelson Europako Batzordeko Merkataritza komisarioak bere ustez erabaki estrategikoa dena jakinarazi zuen joan den otsailaren 23an, eta gu ez ginen enteratu: Europan inbertitzen duten atzerriko estatuei, Ondare Funts Subiranoei alegia, hemengo agintariek kode berria proposatuko diela, hauen jarduera gardenagoa eta homologatzeko modukoa dela bermatzeko. Herritar europarrei ez zaie albistea iritsi, eta posible da kode hori asmo hutsean geratzea, baina gai horren inguruan asko dago jokoan, maila askotan.
Amerikako Estatu Batuetan kreditu ustelen krisia hasi zenetik, eta batik bat uholdea 2007ko abuztuan banku nagusietaraino iritsi zenetik, gero eta gehiagotan aditu dugu Sovereign Wealth Fund izena, euskaraz Ondare Funts Subirano (OFS) itzuli dezakeguna. Citigroup banku erraldoia estuasunetan zegoenean, Abu Dhabik sartu zituen 7.500 milioi dolar bertan, korporazioaren ia %5aren jabe eginez. Beste erraldoi bati, Merril Lynch, urak okotzeraino iritsi zitzaizkionean, Kuwait eta Koreako funtsek erosi zioten puska bat.
Geroztik, OFS horietara jo dute krisiak zanpatutako enpresa askok, diru fresko bila. Guregandik hurbilago, Espainian etxegintzaren burbuila lehertu delarik, adreiluaren krisia gogor nozitu duen lehen enpresa handietako bat, Colonial, Dubairekin aritu da tratutan, azkenean ezer garbirik erdietsi ez duen arren.
Diru freskoa, diru-dirua, hori da arazoa orain. Mendebaldean beroaldi ekonomikoa hein handi batean finantz ingenieritzari lotuta egon da, hala erakutsi du subprime arazo izaten hasi eta dagoeneko adituek lotsarik gabe 1929tik gertatutako krisi handiena dela dioten honek. Dirutan zenbatua egon arren neurri handian espekulazioan oinarritutako beroaldia fite aski hozten hasi denean, txanponak behar dira. Eta nork dauzka une honetan txanponak? Petrolioak eta beste energi iturriek ekarritako sosak funts berezietan pilatu dituzten herrialdeek.
Ondare Funts Subirano nagusien artean, adituen ustez, 3 bilioi dolar inguru dauzkate pilatuta. Konparazio bat egiteko, Britainia Handiak edo Txinak daukaten urteko Barne Produktu Gordina adinako dirutza. Horien artean Abu Dhabik ia 900.000 milioi dolar dauzka, Norvegiak 350.000 milioi eta Saudi Arabiak 300.000 milioi, handienak baizik ez aipatzeagatik. OFSak gehienetan petrolioak edo gasak ekarritako dirutzak biltzen dituzte, baina badaude batzuk bestelako esportazioen ondorioz sortu direnak, hala nola Txina, Singapur, Kanada, edo Hego Koreakoak.
Atzerriko inbertsiogileok Mendebaldeko ekonomietako eliteek ezin dituzte, ordea, ondo kontrolatu. Eta azken urteotan halako paranoia bat zabaldu da prentsa ekonomikoan idazten duten askoren artean. Fred Halliday kazetari ezagunak aztertu ditu mugimendu berriok Open Democracy aldizkari elektronikoan, Sovereign Wealth Funds: power versus principle artikuluan. Bere ustez, azken krisi honek badu ezaugarri nabarmen bat: “Hiru hamarkadaz politikariek eta propagandak ‘merkatua askatu’, ‘estatuaren betekizunak gutxitu’ eta ‘sektore pribatua sustatu’ behar zirela aldarrikatzen jardun ondoren, OFSek berriro mugiarazi dute erabakigunea estatuenak diren korporazioetara. Tori neoliberalismoa!”.
Estatua ahuldu behar omen zuten
Europako Batzordeak aurkeztu berri duen kode proposamenarekin, muga batzuk ezarri nahiko lizkieke OFSei: urtero egin dezatela beren baliabideen deklarazioa, inbertsioak ez ditzatela politika egiteko erabili, funts horien egiturak eta ariera gardenak izan daitezela. Berehala, ordea, OFSek uko egin diote horrelako kode bat izenpetzeari, eta Europako Batzordeak orduan “asmo zerrenda” bihurtu du agiria. Jokatzen denarekin alderatuta, nahiko naif dirudi europarren jarrerak.
Bestalde, Hallidayk gogorarazi du ez direla europarrak horrelako eskariak egiteko aproposenak. “Europako Batzordea eta orohar Mendebaldeko gobernuak ez daude gaiotan gainerako herrialdeei lezioak emateko moduan”. Europak protekzionismo gogorrez jokatzen du komeni zaion gaietan, dela nekazaritzan edo industrian edo energiaren arloan ere. Zer esanik ez indar ekonomikoa presio politikoa egiteko erabiltzeari dagokionez, betidanik egin du Mendebaldeak.
Baina gainera, “Europako Batzordeak ahazten du nolako estatu eta gizartetan eraiki diren OFSak. Estatuaren jabego den inbertsio funts batek ezin du jokatu bere sortzailea den estatuak jokatzen duen modutik oso bestela”. Izan Errusia, Arabiar Golkoko estatuak edo Txina, herrialde horietan estatua eta interes pribatuak ez daude garbi bereizita, sistema autoritarioak dituzte. Arabiar Golkokoen kasuan familia jakin batzuek daukate botere politiko eta ekonomiko osoa, ezin da ezagutu agintariaren ondasunen eta estatuarenen arteko muga non dagoen, eta zenbateko ondarearen jabe diren jakitea bera ezinezkoa da.
Herrialde horietako askotan prentsa askatasunik ez dago, legearen funtzionamendu autonomorik ere ez eta parlamentuen independentzia oso mugatua izan ohi da. Esanahi moralaz gain, eragin praktikoak ere baditu horrek guztiak. Errealitate ekonomikoa ondo epaitzeko moduko estatistika fidagarririk ez da, itun eta kontratuak agintetik erraz eten daitezke, eta konkurrentziak eskatzen duen gardentasunik ez du inork bermatzen, sortzen diren eskandaluak zein azkar estaltzen dituzen ikusita nabari denez.
OFSek badute beste ezaugarri bat are indartsuago egiten dituena: gehienak energi iturrien gainean daude eraikiak, eta XXI. mendeko gatazka iturri nagusia hauetan izango dela ezin da zalantzan ipini.
Baina Ondare Funts Subiranoek erakargarritasun izugarria daukate garaiotan, non munduko banku eta finantz erakunderik famatuenek ere balantzeak zulo beltzez beterik baitauzkate. Duela urtebete arte dena diru merke eta erraza zen lekuan, orain dirurik ez da, kredituak idortu dira, bankuak ez dira elkarren artean fio. Begi-itsuan esaten diote baietz sosak eskuan dakartzan edozein emaztegairi.
Diru idorte gorrian egonik, korporazioetako buruzagiek ahaztu dituzte “zenbat eta estatu gutxiago, hobeto” bezalako aldarrikapenak, negozioetan jarduera gardenak beharrezkoa direlako usteak eta bestelako kalitate estandarrak. Agintariak, aldiz, orain ohartu dira globalizazioak bertako subiranotasunak ere jartzen dituela auzitan, bertako korporazio handiak urrutiko agintarien esku egon daitezkeela.
Europako Batzordeak otsailean plazaratutako agiriak puntu interesgarri bat baino gehiago dakartza, baina bat da argigarriena: 2015. urtean OFSek 12 bilioi dolar edukiko dituztela pilatuta. Ia gaur Europar Batasunak daukan Barne Produktu Gordin osoa adina. Kontrola ezazu hori kode batekin.