Humberto Solás: “Filmetan aurreztutako euro bakoitza askatasun euro bat da”

  • Fidel Castroren aginduetara Kubako Iraultzan parte hartu zuen Humberto Solás gaztetxoak 66 urte ditu jada. Hogeitik gora film eta dokumental zuzendu ditu eta makina bat sari jaso –tartean Donostiako Urrezko Maskorra 1974an, Simparele dokumentalagatik–. Latinoamerikako egungo zinemagilerik aipagarrienetakoak kamera atzean borrokalari jarraitzen du, Kubaren ikuspegi tragikomikoa pantailaratzen. 60ko hamarkadan Latinoamerikako Zinema Berriaren fundatzaileetako bat izan zen, eta orain filosofia berri bati ekin dio: Zinema Pobrea. Baliabide gutxirekin egindako kalitate oneko zinema aldarrikatzen du eta xede horrekin jaialdia antolatzen du urtero Kubako Gibara herrian.
Humberto Solas
Humberto SolasJunkal Amores

Nazioarteko kritikaren arabera, Iberoamerikako zinemaren historiako hamar filmik onenen artean dago zure Lucía (1970) –hiru une historiko esanguratsutan kokaturiko hiru emakumeren istorioak biltzen dituena–. Inflexio puntua izan al zen zure ibilbidean?


Pelikula harekin kubatarron nazio nortasuna aldarrikatu nahi izan nuen. Izan ere, gizarte subkapitalista neokolonial batetik gentozen, Ipar Amerikaren eragina handia zen Irlan eta une arriskutsua zen. Halaber, baliabide ugari genuen zinema egiteko eta historia berridazteko borondatea zegoen. Oso gaztea nintzen orduan, 23 urte baino ez nituen –18 urtetatik daramat zinema egiten– eta izugarria izan zen lehen aldiz nire herrialdea erretratatzea, orduan hain historia gutxi zuen zinematografia baten barruan. Gainera, Lucíak sekulako arrakasta izan zuen, sari asko jaso zituen eta itzela izan zen, baina aurrera egitea lortu nuen. Esan nahi dut, badaude autoreak euren arrastoa uzteagatik behin eta berriz errepikatzen direnak eta horrek irteerarik gabeko kalezulora daramatza; nik inoiz ez dut nire lana errepikatu nahi izan: Lucíarekin emakumearen gaia jorratuko zuen zinemagile latinoamerikarraren etiketa jarri zidaten, baina hori ez zen nire borondatea, pelikula ugaritan protagonista emakumea izan bada ere. Lehenbizikoz gizona protagonista moduan jarri nuenean, hainbat kritikarik ez zuen ongi hartu, eskemak puskatu nizkielako.

Kubako Gobernuaren eskemak puskatu zituena Un día de noviembre izan zen, lau urte beranduago…


Un día de noviembre oso film zintzoa da, iraultzaren berrikuspena egiten du testigantzetan oinarrituta, historiaren une oso konplexu batean: 70eko hamarkadak atzerakada jasan zuen, ez Latinoamerikan bakarrik, baita beste herri askotan ere (68ko maiatza ondorengo errepresioa Frantzian, Txinako iraultza kulturala, diktadura ugari…). Garai zailak ziren eta nire filmak sei urte eman zituen atxilotuta, estreinatu gabe, eta zinema mundutik baztertu ninduten, sistemarekin kritikoa izateagatik [Luis Pavón Tamayo Kulturako arduradun zen “bosturteko grisa” deituriko garai hartan].


Ordutik, bilakaera handia izan duzu zinema ulertzeko moduan.


Jauzi izugarria eman dut, dena aldatu delako: errealitatea aldatu egin da eta ni kontsekuente izan naiz beti hamarkada bakoitzarekin. Metaforikoki, alegorikoki edo modu errealistan, garaia irudikatu dut beti. Eta errealitatea une hauetan dramatikoa da, espiritualtasunaren eta baloreen krisia da nagusi, behar asko dago, eta gaiak ere hortik doaz: gogorrak dira, bizitzaren alde zailak erakutsiz: diaspora, familia arazoak, prostituzioa, ustelkeria, turismo degradatua, langabezia, marjinazioa…


Eta hori guztia irudikatzeko, Zinema Pobrea aldarrikatzen duzu.


Egun, Kubako zinematografiak ezin ditu baliabide askoko filmak egin, ez dago dirurik, eta autore bezala autonomia izan nahi badugu, baliabide gutxiko zinema da bidea. Bestela, beste herrialde batzuekin egindako koprodukzioetara jo behar da eta hor ez zara guztiz libre, gidoietan kanpoko interesak kutsatu daitezkeelako.


Zinema Pobrearen eskemak daniarrek 90eko hamarkadan bultzaturiko Dogma du oinarri? Hots, apaindurak alde batera utzi eta gidoia eta antzezpena hobesten duen metodoa?


Dogmak 60ko hamarkadako esperientzia berreskuratu eta kamera digitalekin zinema kulturala, esperimentala, autore zinema egin zitekeela deskubritu zuen, Hollywooden postulatuei desafio eginez. Latinoamerikan ere esperimentatzen hasi ziren eta ni neu konturatu nintzen jaialdi bat behar zela instituzionalizatu gabeko zinegile libertario, alternatibo eta independenteak biltzeko, ohiko industriatik at. Urtean pelikula bakarra egitetik 9-10 egitera pasa gara, Zinema Pobreari esker hein handi batean.

Nire jaialdiak [Zinema Pobrearen Nazioarteko Jaialdiak] 300.000 eurotik beherako pelikulak baino ez ditu onartzen. Horrekin bermatzen dut iritsiko zaizkidala benetan lan alternatibo eta independenteak, erakundeen babesik gabe, guztiz askeak. Miel para Oshún egin nuenean, 25eko lantaldea ginen, inork ez zuen kobratu eta orduan konturatu nintzen ez nuela inongo presiorik; nire gidoi propioarekin, lagunartean eginiko pelikula zen, soila. Ona edo txarra, baina askea. Gai latzak jorratu nituen, askatasun osoz, eta aurrezten nuen euro bakoitza askatasun euro bat zen.

Zinema Pobrearen eskemaren barruan dagoeneko La Trilogía del Pueblo trilogiaren lehenengo bi filmak egin dituzu: Miel para Oshún eta Barrio Cuba, Kubako herriaren eta herritarren isla. Kritika soziala egiten duzu bertan, baina itxaropena aldarrikatuz…


Kuba oso herrialde dinamikoa da, bizitza kultural indartsuarekin, baina ekonomikoki aspalditik oso egoera txarra jasaten ari dena eta hori ez zen Kubako Estatuaren proiektua. Hala ere, esperantza da nagusi, noski. Orain hirugarren zatia ari naiz prestatzen: Guanajay. Aldaketa zantzuak dituen une honekin apropos dator, oinarrietan edo ekonomian dagoen immobilismo soziala kritikatzen baitut. Baina optimista da, gertatzen jarrai ez dezala aldarrikatzen dut.

Zure erretratuek puskatu egiten dute Europan Kubari buruz dagoen ikuspegi estereotipatua.


Ez zait interesatzen Europan daukazuen ikuspegia. Nik Kubako publikoari zuzenduta egiten ditut lanak. Kanpoan banatzen badira, bada bikain, baina ez dut kontuan hartzen. Aldiz, Hollywooden formularen gakoa da kultura eta arraza guztiak kontuan hartuz denak pozik utziko dituen gaiak kontatzen dituela, denengana iritsi nahian.


Habanari buruz zure filmetan ikus daitekeen erretratua ere ez da Europako turistei iristen zaigun ohikoa.


Topikoak saihestu nahi izan ditut. Malekoian dantzan ari den mulata, zoritxarraren aurrean beti barrez ari den jendea, marjinal intelektualak… saihestu nahi izan ditut, jaiotzen ikusi ninduen benetako Habana sakona erakutsiz, kulturalki nahiz arkitektonikoki anitza, ederra, baina aldi berean gogorra eta zakarra, latza.

Zinema humanista, istorio intimoetan oinarritua, eta aldi berean gizartearekin konprometitua, borrokalaria, da zurea.


Finean, kritika soziala eginez zinema humanista egiten da. Zinemaren betebeharra da errealitatean parte hartzea eta aldaketak babestea edo proposatzea. Horretan beti aurretik dago zinema kubatarra…

Beraz oraindik bizirik dirau 14 urterekin Fulgencio Batista diktadorea garaitzeko Movimiento 26 de julio taldeko kide izan zen Solás iraultzailea.


Guztiz. Nire bidea argi izan dut beti eta ez diot utzi Hollywoodi ni abduzitzen, behin baino gehiagotan saiatu badira ere. Nik konpromiso bat daukat, kulturarekin, zinema kubatarrarekin, honen bidez borroka egiten jarraitzeko.


60ko hamarkadako Latinoamerikako Zinema Berriaren sortzaileetako bat ere bazara. Zeintzuk dira zinema horren oinarriak?

Boladaka doan zinema da; orain Mexikokoa dago bogan. Dena den, ez dauka 60ko hamarkadako zinemaren kalitate bikaina. Latinoamerikako Zine Berria Hollywooden erasoari jarritako lubakia da. Bertako filmek batez beste milioi erdi eta milioi bat euro arteko aurrekontua dute, eta Galianok esana da zinema latinoamerikarrak frogatzen duela Jainkoa existitzen dela, borroka egin behar duzulako banatzaileen, ekoizleen, publikoaren, kritikarien, jaialdien eta makina bat gauzen aurka. Eta oztopo horiek guztiak egon arren, zinema latinoamerikarrak bizirautea lortu du.


Zehazki zinema kubatarra nola definituko zenuke?


Ez dugu ez errealismo sozialistaren eta ez partiduaren hierarkiaren mende dauden autoreen zinema eredua jarraitzen. Zinema kubatarra oso zinema polemikoa da, kritikoa eta autokritikoa, borrokalaria, eta politikarien eta artisten arteko harreman desberdinak ezarri dituena. Jende askok dio: “Nola egin ahal izan duzu horrelako pelikula kritikoa erregimen autoritario batean?” Eta nik erantzuten diet: “Beno, agian ez da hain erregimen totalitarista”. Izan ere, Kubari buruzko aurreiritzi asko dago, eta egia da autoritarismoa badagoela, baina polemika eta eztabaida maila oso altua da.


Beraz, zinema inkonformista da Kubakoa.


Nik uste oro har baietz, gainera, gazte interesgarri askok debutatu du azkenaldian eta eskaintza zabala dago. Batzuk ideologiaren eta iraultzaren apologian oinarritzen dira, baina beste zinemagile asko inkonformistagoak dira eta iraultzari babesa eman arren modu kritikoan egiten dute, ez dute bat egin nahi botereak egindako akatsekin. Hori dela-eta, hainbat agintarik ez du ondo hartu izan pelikula kubatarren bat, edo are gehiago, horiek desagertzea nahi izan du, baina gu gremio bezala oso indartsuak gara eta gure bandera eta autoritatea daukagu.

Hala ere, hainbatek zentsurarekin lotuko du Kubako zinema.


Noiz egongo da zentsura? Adibidez, obrak faxismoaren apologia egiten badu gutako inork ez du onartuko, errealitatearen ikuspegi arduragabea denean ere ez dugu onartuko; baina gu geu, gremioa gara erabakitzaileak. Autoritate gorena dago, Zinematografia Zuzendaritza, baina lehenago gure sektorearen batzordearekin hitz egin behar du, eta erabakiak onartu egin behar ditugu. Kontua da atzerrian ez dela barkatu munduko gehiengoaren aurkakoa den bidea hautatu duen Irlaren autonomia, eta desafio politiko-kultural hori oso garesti ordainarazten digute.

Zinemak zuretzako handinahi izateari utzi diola esan duzu duela gutxi. Gaur egun, zein esanahi dute jasotako sari piloak edota Un hombre de éxito (1988) filmaren Oscarretarako izendapenak?


Jada ez ditut pelikulak egiten sariak lortzeko, baina egia da zure lana aintzat hartzea atsegina eta estimulagarria dela, batez ere lanbide honetan aurrera jarraitzeko aukera ematen dizulako. Gaztetan gustura hartzen nituen, eta orain, Cannesen lau aldiz eta beste hainbat jaialditan egon ostean ez diet garrantzirik ematen. Garrantzitsuagoak dira niretzat ibilbidean izandako une etsigarri, zail, eder eta gogoangarriak.
Politikaren bi muturrak
AEBen blokeoa: "Egia esan, Hollywood zinematografia guztien etsai da, ez du kanpoko pelikularik nahi. Planeta guztiko zinema-aretoen %95 bere mendean ditu eta automatikoki gainontzeko zinematografia nazionalak ito egiten ditu. Alde horretatik Kubak beste edozein herrialderen blokeo bera jasaten du, baina horrez gain ezin dugu esaterako gure zinemarentzako baliagarria izan daitekeen AEBetako teknologiarik inportatu".

Kubako egoera berria: "Gertatzen dena gertatzen dela ere, aitzindariak gu geu, zinemagileak izan ohi gara Kuban. Gure lanaren bitartez erakundeen aldaketa sustatzen dugu, aldaketa borondatea daukagu eta beti aurretik goaz, zinema apurtzaile eta ikonoklasta eginez".

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


Eguneraketa berriak daude