argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
Jon Torner Zabala @jtorner 2008ko apirilaren 09a

Jose Mari Goenaga zinema zuzendariak Aizu! aldizkarian: "Urtean euskaraz film bakarra egotea? Ez dakit, hobe gehiago egongo balitz. Baina horregatik esaten dut jada hasierakoei egurra ematen hasten bagara, jendeak ez duela filmik egin nahi izango (...) Uste dut momentu honetan oso egoera onean gaudela film gehiago egiteko".

 

‘Morau’ musikariak Aldaketa 16n: "Ez dira garai onak diskoak egiteko. Formatu krisi bat dago mundu mailan eta oraindik ez dago garbi zein izango den musika barreiatzeko erabiliko den formatua, nahiz eta formatu digitala eta Internet gailenduko direla dirudien. Gaur egun disko bat kaleratzea arrisku handia da. Dena den, badirudi udaberri honetan loraldi bat izan dela euskal diskoen produkzioan".

 
 

Patxi Juaristi idazleak Berrian: "Ia-ia konturatu gabe, Internetek euskaldunon bizimodua aldatu du. Egongelatik mugitu barik mila aukera eta tentazio jarri dizkigu esku-eskura (...) Erosotasunean irabazi dugu, baina gure etxeak denda, postetxe eta banketxe bihurtu ditugu, merkatuari gure etxeko ateak parez pare irekiz. Konturatu gabe, arlo publikoaren eta pribatuaren artean lehen zegoen banaketa desagertu egin da".