1772, hura bai patataren urtea!

  • Paris, 1772. Patatak jangarriak zirela erabaki zuen Frantziako hiriburuko Medikuntza Fakultateak. Bizpahiru mende lehenago Amerikatik iritsitako elikagai berriek, kakaoak edo piperrek esaterako, berehalako arrakasta izan zuten Europan. Baina, Patataren Nazioarteko Urtean gauden honetan harrigarria badirudi ere, garai hartan Andeetatik etorritako tuberkulua baztertu egin zuten elikagai gisa.
Van Gogh-en 'Patata-jaleak'
Van Gogh-en 'Patata-jaleak'
Gehienez ganadua elikatzeko erabiltzen zuten baina, aukeran, nahiago zuten landare gaiztoarekin inolako harremanik ez izan. Medikuek patatak osasunari kalte egiten ziola esaten zuten, eta herriaren sineskeriek berehala madarikatu zuten labore amerikarra; “deabruaren sustraia” ezizena ipini zioten hainbat lekutan. Mesfidantza hark bazuen, hala ere, benetako oinarririk: argitan eta toki hezeetan gordez gero, patatak solanina izeneko substantzia toxikoa sortzen du, egostean ere desagertzen ez dena. 1784an, adibidez, Frantzian patata lantzea debekatu zuten, besteak beste, legenarra eragiten zuelakoan.

Salbuespena Prusia izan zen. Batetik, XVII. mendeko baldintza klimatiko berriek zerealen uzta suntsitzen zuten, baina egokiak ziren patatarako. Bestetik, Hogeita Hamar Urteko Gerrak (1618-1648) gosea ekarri zien prusiarrei. Ondorioz, Federiko II.a Handiak patataren ustiaketa sustatu zuen bere agindupeko lurretan. Armadako soldaduak ere erresuma osoan zabaldu zituen, nekazariei erraz gorde eta prestatzen zen laborearen onurak azaltzeko. Horri esker, Prusiako herria eta armada jendetsua elikatu ahal izan zituzten, baita Zazpi Urteko Gerran (1756-1763) preso egindako atzerritarrak ere.

Preso horietako bat Antoine-Augustin Parmentier frantziar botikaria zen. Etxera osorik –eta legenar zantzurik gabe– itzuli zenean, patatak mendetan jasandako bidegabekeria konpontzeari ekin zion. Horrenbestez, 1772an Besançoneko Zientzia Akademiak goseteen aurkako elikagaien lehiaketa antolatu zuenean, Parmentierrek patataren inguruko lana aurkeztu zuen. Akademiako kideek lana saritu zuten eta, neurri handi batean, horren ondorioz erabaki zuen Medikuntza Fakultateak patata gizakiak jateko modukoa zela.

Profesionalen oztopoa gaindituta, herritarren sinesmen eta ohiturak aldatzeko ordua iritsi zen. Lan gaitza zen, baina Luis XVI.aren laguntza izan zuen Parmentierrek. Erregeak hainbat soro utzi zizkion ikerketa egiten jarrai zezan, eta soroak gau eta egun zainduko zituen soldadu taldea ere ipini zuen haren agindupean. Baina benetako bultzada Frantziar Iraultzak eta Gerra Napoleonikoek eman zioten patatari. Gosea apaltzeko aproposa zenez, haren kontsumoa Europa osoan zabaldu zen eta, azkenean, oinarrizko elikagai bihurtu zen deabruaren sustraia.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude