GGKE altermundialistek onartzen dute globalizazioaren fenomenoak aurrera egiten duela etengabe, eta gero eta jarduera gehiagotan duela eragina. Globalizazio horren ezaugarri nagusiak aldatzeko helburua dute: liberalizazio ekonomikoa, Iparraren eta Hegoaren arteko aldeak, gizarte-gehiengoen baztertzea eta Estatua gero eta ahulagoa izatea. Horien ordez, hauek bultzatu nahi dituzte: elkartasunaren globalizazioa, Iparraldeko eta Hegoaldeko ardura bateratua pobreziaren kontrako borrokan, zerbitzu publikoak zabaltzea, aberastasuna birbanatzea eta gizarte-justizia. GGKE altermundialistek nahi dute, batetik, garapena pertsonen eta herrien eskubidea izatea, eta bestetik, merkataritza-arau berriekin batera, kooperazioa garapen hori posible egingo duen tresna izatea (Bidezko Merkataritza).
Era horretako GGKE altermundialistak progresistak eta ezkertiarrak dira; Espainiar Estatuan, oraindik egitura ahula dute eta beste GKE askorekin alderatuta, bestelako estrategiak dituzte. Gizarte-aldaketa globalerako diskurtsoa egin eta hedatzen dute eta koherente izaten saiatzen dira, sare eta aliantza transnazionaletan sartuta. Hala ere, etortzeko dago aldaketa sakonagoa, antolaketan eta kulturan; horren bitartez, erakundeak prestatuko dira estatuan eta nazioartean eragina izango duen lanean parte hartzeko.
GGKE altermundialistak borrokan ari dira oinarrizko gizarte eskubideak unibertsal bihurtzeko. Justizia globalaren alde daude, honako hauek modu multilateralean hartuta: ekonomia, bidezko merkataritza, ekologia, genero-berdintasuna, eta parte hartzera bultzatzen duen demokrazia. Horretarako, protesta eta proposamenak egiten dituzte.