Zenbat Historia dago Liburu Santuan?

  • Garai batean ez bezala, gaur egun nekez irentsi dezakegu Biblian esaten diren gauza batzuk benetan gertatu direnik, baina badaude, zientziaren ebidentzia guztiei aurre eginik, hala sinesten dutenak. Are gehiago, azken boladan indarra hartzen ari dira tesi horiek. Ikertzaile serioek, bitartean, Biblian zer den historia eta zer asmakizuna eztabaidatzen jarraitzen dute. Gaiak nazioarteko politikan ere badu garrantzia.
Biblia
Biblia
Don´t believe all you read in the Bible, dio Queen taldearen aspaldiko kantu batek. Ez sinetsi Biblian irakurtzen duzuen guztia. Aholku horri kasu egiten diote munduko biztanle gehienek, baita Biblia ardatz duten erlijioetako fededun askok eta askok ere. Harrigarriena ordea zera da: XXI. mendean badirela oraindik Biblian esaten den guztia, hitzez hitz, egia dela defendatzen dutenak. Jarrera horren aldekoek betidanik gotorlekua eduki dute Bible Belt delakoan –Hesi Biblikoa, itzul dezakegu–, alegia, AEBetako hego-ekialdeko giro protestante atzerakoienean. Orain, aldiz, badirudi haien pentsaera (kreazionismoa) indarra hartzen dabilela, eta ez AEBetan bakarrik.

Fern Elsdon-Baker ikertzailea Bilbon izan zen orain gutxi, eboluzioaren teoriaren 150. urteurrenari buruzko jardunaldi batzuetan; esan zuenez, AEBetan ez ezik Britainia Handian eta Danimarkan ere gora doa kreazionismoa. Estatubatuar kreazionistak behin baino gehiagotan saiatu dira eboluzioaren teoria eskoletan irakats ez dadin, eta ahalegin horren zipriztinen bat edo beste iritsi izan da Europara. Italian, esaterako, hainbat saio egin ziren 2005ean helburu horrekin.

Eboluzioa kreazionismoaren jomugan egotea ez da harritzekoa. Darwinek XIX. mendean plazaratutako teoria izan zen zientziak Bibliaren interpretazio hertsiari bota zion lehenbiziko harrikada. Gatazkak kronologia zuen oinarri: Jainkoak mundua sortu zuenetik ordura arte igarotako denbora 6.000 urtekoa zen, Biblian adituek egindako kalkuluen arabera. Ez zegoen astirik espezieen eboluzioa bezalako prozesu luzeetarako. Handik gutxira, ordea, geologoek Lurrak milioika urte zituela frogatu ahal izan zuten.

Diseinu inteligentea

Kreazionismo modernoak Darwinen garaikoak baino aurpegi eztiagoa agertzen du. Honezkero ia inork ez du esaten Lurraren adina 6.000 urtekoa denik, Bible Belt-eko fanatikoenek izan ezik. Orain, kreazionistek beste teoria bat defendatzen dute: diseinu inteligentea. Horrek zilegitasuna ematen omen die haien ideiei, izan ere, diseinu inteligentearen teoria ez da erlijiotik sortu –antolatutako elizatik, esan nahi dugu–, AEBetako zenbait zientzialarirengandik baizik.

Diseinu inteligenteak eboluzioa ukatzen du, sistema erabat konplexuen argudioa erabiliz. Hots: bizidunengan dauden sistema batzuk –gizakion begia, esaterako– hain konplexuak dira, atalen bat kenduz gero ez luketela funtzionatuko. Beraz, ez dauka zentzurik eboluzioaren ondorio izateak. Ezinezkoa da begi sinplea begi konplexu bihurtu izana milioika urteko prozesuan, tarte luze horretan zehar begi horrek ez zukeelako funtzionatuko. Eta beraz, sistema erabat konplexuak diseinu inteligente baten emaitza dira. Bestela esanda, eta kreazionisten ikuspuntutik noski, Jainkoaren diseinuaren emaitza. Zientziaren ikuspuntutik ez da inolaz ere teoria sendoa, baina haren aldekoek gero eta zarata handiagoa egiten dute.

Biblia aztertzen

Pentsamolde hori ez dago oso zabalduta gaur egun, hasieran esan dugunez. Azken mende eta erdian, zientziak kreazionisten ideiak suntsitu ditu, eta dagoeneko eboluzioaren teorian eta Jainkoan sinetsi daiteke aldi berean, inolako arazorik gabe. Biologian, geologian, astronomian… fededunak dihardute; baita Biblia aztertzen ere, metodo historiko-kritikoak baliatuz. Kristau ona izateko ez da itsu-itsuan sinetsi behar Moisesek Itsas Gorria zabaldu zuenik Jaungoikoaren laguntzaz.

Kristau on horietako bat Lidia Rodriguez-Fernandez da. Artzaina da Bilboko eliza protestante batean, eta Itun Zaharra ikasgaia irakasten du Deustuko unibertsitate katolikoan. “Zientzia eta fedea ez dira bateraezinak”, diosku, “eztabaida aspalditik dago beste eremu batean; fundamentalistek baino ez diote eusten Bibliaren irakurketa hertsiari, eta horiek eztabaidatik kanpo daude”.

Zenbat da historikoa Biblian?

Ikertzaileek orain dela urte asko ezarri zuten Bibliaren asmoa ez dela historia kontatzea, Rodriguez-Fernandezen esanetan. Hala ere, zenbateraino balio digu Bibliak historia ulertzeko? Bertan esaten denetik, zenbat da kronika historikoa eta zenbat mitoa? Itun Zaharrari dagokionez, hamaika iritzi daude ikertzaileen artean, baina bi talde nagusitan bana daitezke: minimalistak eta maximalistak. Lehenbizikoek diote Bibliak ez duela inongo baliorik historiaren ikuspegitik, dena asmatutakoa dela. Maximalistek, berriz, onartu egiten dute Itun Zaharraren zati handia kondaira dela, baina uste dute badela bertan oinarri historikorik. Beste kontu bat da noraino egiaztagarria den ala ez. Talde biak bat datoz gauza batean: Itun Zaharra K.a VI. mendean hasi zen idazten, israeldarrak Babiloniara erbesteratu zituztenean. “Badakigu hala dela hainbat arrazoirengatik”, dio irakasleak. Arrazoi horiek hizkuntza estiloarekin zerikusia dute, besteak beste. Gainera, Biblia irakurrita konturatu gaitezke hasieratik Erregeen Liburuaren amaierara arte esaten dena historia jarraitua dela, hari bakarra duela, eta aipatzen den azken gauza Babiloniara erbesteratutako azken erregearen historia da. Asmo historiografiko argia dago: Israelen berri eman nahi dute.

Bibliaren ikertzaileak eta arkeologoak ados daude minimalisten iritzia nolabait indartzen duen gauza batean: ez dago, Bibliatik kanpo, Genesia eta Exodoa liburuetan esaten direnak baieztatzen duen datu bakar bat ere. Ez bestelako agirietan, ez arkeologian. Ez dago modurik Abraham, Isaak eta Jakob existitu zirela frogatzeko. Minimalista sutsuenen ustez, David eta Salomon ere asmatutako pertsonaiak dira, benetan bizi izan zirela frogatzen duten hainbat aztarna aurkitu diren arren. Beste kontu bat da, eta horretaz eztabaida handia dago gaur egun, Biblian esaten den bezain errege handiak izan ziren, edo, ikertzaile batzuek dioten bezala, erresuma txiki eta ahul bateko buruak besterik ez. X. mendeari buruzko eztabaida esaten zaio horri, eta garrantzia du gaurko politikan ere. Palestinako gatazkan, zehatzago esateko. Israeldarrek une historiko batzuk nabarmentzen dituzte, monarkia hain zuzen. Eta ez da kasualitatea.

Beste eztabaida handi bat dago Itun Zaharraren inguruan, eta horrek ere eragiten du XXI. mendeko politikan. Honela azaldu du Lidia Rodriguez-Fernandezek: “Guk Israel esaten diogun hori, zer ote da, nondik dator? Canaangoak –gutxi gorabehera, gaur egungo Palestinakoak– ziren, ala kanpotik etorritakoak?”. Ikertzaileak, oro har, bat datoz antzinako Israel ez zela izan batasun etnikoa. Fusioa egon zen Canaangoen eta kanpotik, seguruenik Egiptotik, etorritakoen artean. Eztabaida nagusia zera da: zer proportziotan, batzuk eta besteak? “Nire ustez, eztabaida akademiko hori politikak baldintzatzen du”. Izan ere, galdera horien erantzunetatik abiatuta, gaurko herrien eskubideez mintzo dira batzuk eta besteak.

Arkeologia, fedearen sostengu

XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran, arkeologia biblikoa deritzonak indarra hartu zuen. Erlijio gizonak Palestinara joaten hasi ziren, arkeologo gehienak Egiptoko aurkikuntza handiei begira zeuden garai batean, harri artean Bibliak esandakoaren frogak bilatzera. Hasieran britainiar eta alemaniar misiolariak joan ziren gehienbat, gero frantsesak ere bai. “Nor joango zen bestela, garai hartan? Ez ziren une gozoak fedearentzat. Freudek gizakiaren ikuspegia irauli zuen, Darwinek eboluzioaren teoria eman zuen eta hori mehatxutzat hartzen zuten, iraultza politiko handiak izan ziren… Zer nahi zuten? Fedea indartu. Arkeologia eta historia fedearen zerbitzari”.

Pixkanaka ordea, arkeologiak eta historiak bere bidea egin zuten. Zientzia laikotu egin zen. Eta Elizak berak ontzat eman zuen hori. Horretaz mintzatu zaigu Carmen Bernabe teologian doktorea eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea. Zehazkiago, Itun Berriaz aritu da, horixe baita haren espezialitatea. “Ezin da Itun Berria hartu historiaren kronika edo Jesusen bizitzari buruzko kazetaritza-kronika balitz bezala. Horrelako testu baten aurrean, jarrerak kritikoa izan behar du, bestela irakurketa literalistak egiteko arriskua dago”. Protestantismoan indar handiagoa duen arren, katolikoen artean ere bada fundamentalismorik, ikus daitekeenez.

Bernabek dioenez XX. mendearen erditik hona ikuspegi kritikoa da nagusi Itun Berria aztertzeko orduan, eta Eliza Katolikoak –gainerako eliza kristau gehienek ere bai– hala izan dadin bultzatzen du gainera. “Teologia Fakultateetan hori irakasten da, eta parrokietan, eta Biblia aztertzeko taldeetan. Azken kontziliotik irakurketa kritikoa egiteko gomendatzen da. Baina ez da hedabideetan agertzen. Gehiago saltzen du Da Vinci Kodeak”.

Best sellerrak aipatzen hasita, komeni da Jose Antonio Pagola apaiz eta teologoak iaz argitaratutako Jesus. Hurbilketa historikoa liburua gogora ekartzea. Jesusen bizitzaren berri eman nahi izan du Pagolak, eskura eduki dituen iturri guztiak erabiliz eta zientziaren ikuspegitik abiatuz. Fededun eta fedegabeen artean arrakasta handia lortu du liburuak, baina erasoak ere jaso ditu Espainiako Eliza Katolikoko zenbait pertsonaiarengandik. Ez asko, baina bai esanguratsuak. Pertsonaia horietako batek, Tarazonako gotzainak, arrianismora hurbiltzea ere leporatu dio Pagolari –Jesus gizon hutsa dela diote arrianistek, haren jainkotasuna ukatuz–. Carmen Bernaberen ustez, ulertezinak dira kritika horiek. “Liburuak ez dio inolaz ere kalte egiten kristauek Jesusez har dezaketen irudiari. Gaur egungo ikertzaile gehienek onartutako gauzak esaten dira bertan”.

Pagolaren lana kritikatu dutenei hainbat gauza ez zaie gustatu. Anai-arrebak zituela esatea, berbarako (ikus koadroa). Edo hasieran haren familiak ez zuela ulertu, eta baztertu egin zuela. Bernaberen ustez, berriz, ebanjelioetan nahiko garbi ikusten da hala gertatu zela. Pagolari aurpegiratu egin diote, halaber, Jesusek ustez egin zituen mirari batzuk gertakari historikotzat ez onartzea: ogia eta arrainak biderkatzea, ur gainean ibiltzea… Eta batez ere, Jesusen kezka nagusia justizia soziala –modu sinplean esateko– zela adieraztea ez zaie batere gustatu Elizaren sektore eskuindarrenetatik beste ezeretik baino hurbilago dauden horiei.

Denak ados daude behintzat Jesus benetan existitu zela. XX. mende amaieran batzuek ukatu egiten zuten hori, baina Bibliatik kanpoko datu asko dugu haren bizitzaz. Juan Muela bilbotar artzain ebanjelikoak dioenez, “derrigorrez existitu behar izan zen, Jesusi egozten zaizkionak asmatzeko ere Jesus bat beharko zen eta”.
Maria eta Joseren familia ugaria
Eztabaida zaharra da: Jesusek anai-arrebarik zuen? Edo, galdera modu maltzurragoan eginda: beste seme-alabarik izan zuen Ama Birjinak? Bibliak, itxuraz, ez du zalantzarako aukera handirik ematen; Jesusen anai-arrebak aipatzen dira bertan. Baina itzultzeko orduan hasten dira komeriak, nork bere erara ulertzen baitu jatorrizkoan ageri den adelphos hitza.

Protestanteen ustez, argi dago Jesus ez zela izan Maria eta Joseren seme bakarra. "Eliza Katolikoak bestelako azalpena eman nahi izan dio adelphos hitzari, testuinguru horretan lehengusu edo hurbileko senide esan nahi duela argudiatuz", dio Juan Muela artzain ebanjeliko bilbotarrak. "Baina Occamen labana erabili behar da: azalpenik errazena izaten da egiazkoa. Eta errazena da Biblian aipatzen direnak Jesusen benetako anai-arrebak izatea".

Katolikoen grina horrek arrazoi garbia du: protestanteek ez bezala, Ama Birjinaren irudia goratzen dute. Birjintasuna barne, noski. Zer dio Bibliak horretaz? "Pasarte batean esaten da Maria birjina izan zela Josek ezagutu zuen arte", erantzun du Muelak, "eta badakigu zer esan nahi duen ezagutu hitzak Bibliaren testuinguruan". Hortaz, baliteke Maria birjina izatea Jesusez erditu arte, baina ez gero. Itzulpen kontuak berriz tartean.

Katolikoek badituzte beren argudioak. Esaterako, Bibliaren zenbait pasartetan adelphos erabiltzen dela argi eta garbi anaiak ez diren gizon bi izendatzeko. Edo Bibliak ez duela behin ere aditzera ematen Mariak beste seme-alabarik zeukanik. "Itun Berria grekoz idatzi zen baina egileak hebrearrak ziren", irakur dezakegu talde katoliko baten web orrian, "eta hebreeraz, aramaieraz bezala, hitz bera erabiltzen da anaiak, lehengusuak eta leinu bereko senide guztiak izendatzeko. Hori da egileek adierazi nahi zutena, adelphos hitza aukeratu zutenean". Onartzen dute grekoak baduela beste hitz bat lehengusu esateko (anepsios).

Katolikoa izanagatik, Jose Antonio Pagolak ere esaten du Familia Sakratuak hiru kide baino gehiago zituela. Jesus. Hurbilketa historikoa liburuan, honela dio: "Ebanjelioek esaten digute Jesusek lau anai zituela: Santiago, Jose, Judas eta Simon, eta baita arreba batzuk ere". Pagolak John P. Meierren ikerketa aipatzen du baieztapen horren sostengu. Eta Meierretaz dio beharbada gaur egungo ikertzaile katoliko prestigiotsuena dela. Esan gabe doa Eliza Katolikoko zenbait kide esanguratsu nahikoa protestante agertu direla adierazpen horren aurrean.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude