Txernobilgoaren ondorio larriak estaltzeko konplota

  • Suitzako Genevan Munduko Osasun Erakundeak (MOE) duen egoitzara hurbiltzen bazara, atarian protestari talde bat topatuko duzu. MOEren independentzia aldarrikatzen dute eta Txernobilgo zentral nuklearraren leherketak gizakietan gaur ere eragiten dituen kalteak aztertzeko batzordea osatzea.
Munduko Osasun Erakundearen egoitzaren atarian elkarretaratzea
Munduko Osasun Erakundearen egoitzaren atarian elkarretaratzea
Txernobilgo dosier lurperatuak, horrela bataiatu du Le Monde Diplomatiquek Alison Katz-en artikulua martxo honetako zenbakian. Mezua: mundutarron osagarria zaindu behar duen Munduko Osasun Erakundeak (MOE) zentsuraturik eta ezkutuan dauzkala gorderik Txernobilgo leherketaren inguruko dokumentu garrantzizkoak, zergatik eta Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (EANA) horretara behartu duelako.

Apiril honen 26an ospatuko delarik Txernobilgo hondamendiaren 22. urteurrena, baliteke telebistek erakustea Genevan MOEk duen egoitzaren aurrean biltzen den militante koadrila, kontuan izanik gainera egun horietarako Europa mailako deialdi zabala daukatela egina. Baina urtebete daramate jauregiaren atarian, goizero beren pankartak erakusten, Leioan EHUren sarreran oraindik hiru irakasle kanporatuk egiten duen modu bertsuan. Izan euri edo eguzki, Europa osoko militante adin guztietakoak ari dira hilabeteotan aldarrikapen horiei eusten, Pour l’Independance de l’OMS-For an Independent WHO elkarteak bere webguneko argazkietan erakusten duenez.

Eskandaluaren neurria emateko, honela hasi du artikulua Alison Katzek: “Berriro gezurretan. 2007ko ekainean MOEko bozeramaileetakoa den Gregory Hartl-ek argudiatu zuen Nazio Batuen Erakundeak jadanik plazaratu dituela Txernobilgo hondamendiari buruz 1995eko azaroan egindako biltzarraren agiriak. Baina ez dira sekula argitaratu; ezta Kieven gai beraz izandako biltzarraren aktak ere. Kazetariek eskatutakoan, Hartlek ezin izan zituen aipatu Kieveko txostenen laburpenak eta Genevakoan aurkezturiko hunka artikuluetatik hamabi baizik”. Horregatik diote MOE atarian dauden militanteek Txernobil inguruetan milioitik gora haur daudela erradioaktibitatez kutsaturik eta MOE dela horiek ez artatzearen konplize.

Alison Katz bera MOEko funtzionari izan zen 18 urtez, eta barrutik ezagutzen du erakundea. Izan ere, MOEk ezin du nuklearrari buruzko gaietan urratsik egin ez bada energia atomikoaren kontrolaz okupatzen den EANAren oniritziarekin. Kontua da EANA famatuak –Iran arma nuklearrez hornitzen ari ote den ikuskatzen duena, besteak beste– ofizialki 56 hildako onartzen dituela Txernobilen eta 4.000 tiroideetako kantzer. Posible ote da? Bai, dirudienez, MOEk ere ontzat eman behar izan ditu-eta kopuruok. EANA munduan energia atomikoaren erabilera baketsua sustatzeko erakundea da, NBEaren Segurtasun Kontseiluaren adarra, baina praktikan lobby nuklearraren tresna da.

Txernobilgo zentralaren leherketak berak eta hura menderatzeko lanek eragindako heriotzez gain, ereaktoreak atmosferara isuritako erradiaktibitate kopuru izugarriak ondoko 22 urteotan bere kalteak eragin ditu, eta eragiten segituko du geroan. Ukrainan, Bielorrusian eta Errusian egin diren ikerketetan frogatu da klase guztietako kantzerrak ugaritu direla, haur txikien hilkortasuna handitu, eta gehitu egin direla abortoak, gaixotasun genetikoak. jaiotzatiko elbarritasunak, eritasun neuropsikologikoak, itsutasunak, arnasbideetako gaitzak, bihotzekoak, hesteetakoak, ur-genitalak, endokrinoak... Baina zein kopurutan zehazki?

Lobby nuklearraren eskua

Wikipedian “Txernobilgo hondamendia” bilatu besterik ez dago –euskarazko sarrera oso txukuna da– saltsaren neurriaz ohartzeko. MOEk eta EANAk 2005ean antolatu zuten Txernobil Foroak demostratutzat utzi zituen aipatu kopuruak, 56 hildako lekuan berean eta 9.000 erradioaktibitateak erakarritako kantzerrengatik. Aldiz, Greenpeace-k 52 adituri enkargatutako txostenak dio 270.000 kantzer eragingo dituela Txernobilek sortutako euri erradiaktiboak eta balitekeela horietatik 93.000 kalitzea.

Beste adibide makabro bat, “likidatzaile” deituena da. Likidatzaileak izan ziren Txernobilgo zentraleko sutea amatatzen eta inguruak garbitzen aritu ziren langileak. Likidatzaileen kopurua bera ere ez da segurua, txosten batzuetan 300.000 aipatzen dira eta beste batzuetan 900.000. Behargin armada hori pasatu zen hondamendi gunetik, ez jazki eta ez babesgarri egokirik gabe, ordu edo egun batzuetako lana egitera. Zenbat hil dira? Horien erreferentziarik ez da MOE eta EANAren txostenetan; aldiz, Txernobilgo Likidatzaileen Batasunak dio dagoeneko 50.000 eta 100.000 artean hil direla, eta gainerako gehienak ezindurik daudela. Horien seme-alabei sortu ahal izan zaizkien osasun arazoez ere gutxi dakigu. Nola da posible XXI. mendeko Europan?
Alison Katzek orain arteko akatsak bitan sailkatu ditu. Batetik, informazio txukuna eskuratzeko biderik ez da egin: datuak gorde eta faltsutu egiten dituztela, erradiaktibitatea ez dela sistemaz neurtzen, kantzerren jarraipenik egin ere ez, ikertzaile independienteak zigortu eta pertsegitu egiten dituztela, eta Ukrainan, Bielorrusian eta Errusian sortutako informazio asko ez direla beste hizkuntzetara itzuli.

Baina bada bigarren akats multzoa manipulazioa deitu behar dena, desinformazioa: irradiatutako jendeen jarraipena hamar urteen buruan etetea, gaixo batek bost urte iraun duenean sendatutzat kontatzea, kantzerra ez diren beste gaitzak kontuan hez artzea, aipatu hiru herrialdeak besterik ez kontatzea, eta abar luze bat. Hona manipulazioaren adibide nazkagarri bat: “Iritsi dira haurren arteko kantzerrak gutxitu direla esatera, benetan zera gertatu denean, haur horiek handitu egin direla eta handitzean kantzerra garatu dutela; baina jada ez daude data baseetan”.

Informazioaren ezkutatzeko ahaleginean hiru herrialde kaltetuenetako agintariek badute erantzukizuna. Hala ageri da Iuri Bandazhevsky –Bandajevski, frantsesezko grafian– mediku ikerlariaren kasuan: Bielorrusiako Gobernuak preso hartu zuen, lege antiterrorista erabiliz, Txernobilek herritarren osasunean egindako kalteak ikertu eta publikoki salatzeagatik. 2003an Net Hurbil batean aipatu gizona orain Frantziako Clermont-Ferranden bizi da herbesteratuta.

Baina estatuen indarraz gain industria nuklearraren presioak nabarmendu ditu Alison Katzek Txernobilen inguruko omertá zorrotza esplikatzeko. Urte luzez tabakoa, kimika eta petrokimikako enpresa handiek lobby lana egin bazuten zigarretaren kontrako politikak oztopatzeko, “lobby nuklearra anitzez bortitzagoa da: bere baitan daude arma atomikoak dauzkaten estatuak, batik bat AEB, Britainia Handia eta Frantzia, eta baita gobernuen arteko erakundeak ere”. Horien beso luzeak erraz mugitzen ditu unibertsitateetan ari diren ikerlari askoren hariak, ikastetxeak ere finantziazio beharrean baitaude.

Apirilean zehar MOEaren Genevako jauregiaren atarian ohi baino militante eta aldezle gehiago egongo dira, Txernobilgo egiak ezagutzea eskatuz. 22 urteotan zentsuratu den informazioa plazaratzea, alegia.

ASTEKARIA
2008ko apirilaren 06a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude