Terra Sigillata
Hitza bahiturik dagoen garaian, hitzarmenaren ordez berriro ere armen hitza bultza nahi dela dirudien honetan, geure oroimen historikoa berpizteko beharra sentitu du Joxe Austin Arrietak. Hortik dator Terra Sigillata liburua. Historia beti irabazleek idazten badute, idaztea bera garaipen seinaletzat du egileak. Lan horretan, euskaldunon historiaren nondik norakoak mugarritzen ahalegindu da Arrieta. Aurreneko ehun orrialdeetan literatura filosofiaren zerbitzura jarri du, eta ondorengo hirurehunetan grina osoz azaldu du Yukatan –“Ez dut ulertzen” jatorrizkoen hizkuntzan– inguruan Hernan Cortes eta enparauek aurrera eramandako sarraskiak, baita geurean 1936ko gerra garaian gertatuak eta orain arteko hilketak eta torturak.