argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik
Ibarretxeren edo kontsultaren erorketa
  • Hauteskunde aurreko hilabete eta asteetan indar handiz entzuten zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak urte bukaera aldera egingo zirela, azaroko data ere entzun izan zen. Eusko Jaurlaritzako bide-orriak ere aurreikusten zuen halako eszenatokirik, Ibarretxe lehendakariak iragarritako kontsultaren testuinguruan.
Xabier Letona Biteri @xletona 2008ko apirilaren 01
Eta orain zer? Orain seguruenik EAJk denbora beharko du bere mezua ondo hausnartu eta berau gizarteratzeko. Sozialistekin konpondu behar dutela argi dago jeltzaleen artean, intentsitate mailan egon daitezke desberdintasunak. PSEk eta EAJk adierazi dute jada aurrekontuan eta gobernagarritasunean ez dela arazorik izango; Vital Kutxan Gregorio Rojoren inguruan lortutako akordioak ere behin eta berriro atzeratu den kutxen batasuna ekar dezake behingoz.

Baina gatazkaren desblokeorako formulan ez da aurrera egin oraindik, eta Ibarretxe planaren kontsultak joan den irailean EAJri ekimen politikoa berreskuratzeko balio bazion ere, oraingoan ez du argi halako zama gainetik nola kendu. Ibarretxe lehendakaria eta hirukoa oso ukitua geratuko lirateke kontsultarena aurrera atera ezean; eta bide-orriarekin jarraituz gero, konfrontazio maila bat bederen sustatu beharko lukete, kontsultaren inguruko dinamika politikoa ez bailitzateke errentagarria giro lauso eta txepelean, are gehiago sozialistak euren garaipena gozatzen eta hedatzen ari diren honetan. Ez da hautu samurra eta seguruenik ez da hartuko azken lau urteetan EAJn izandako barne tentsio hori dantzan jarri barik.

Eta nola aterako da onik Ibarretxe ataka honetatik? Kontsultaren bideari sendo eustekotan bakarrik litzateke logikoa beste legealdi bat errepikatzea, gestiogintzan arituko den gobernu bat gidatzeko, jeltzale askoren ustez hobe litzateke bidea beste norbaiti uztea. Ibarretxek berak, bigarren legealdian argi esan zuen gatazkarekin amaitu ezean, beste buruzagi batzuen ardura izan beharko lukeela haren konponbidea bideratzearena. Heldu da bidegurutzera.

PSOEren posizioa samurragoa da, oraingoz itxaron. Datorren astean, Espainiako Diputatuen Kongresuan, Jose Luis Rodríguez Zapateroren izendapenean lehenengo zantzuak argiago ikusiko dira.

Gorteetako politikak bere bidea jarraitzen duen bitartean, Fernando Etxegarai euskal preso ohiak beste lau urte gehitu beharko dizkio bere 21 urteko espetxealdiari. Parot doktrinaren azken danbatekoa izan da, orain arteko krudelenetakoa. Mina egiten ari da aipatu doktrina euskal presoen arten, baina saminez gain, gorrotoa ere barreiatzen ari da presoekiko gertutasun humano eta ideologikoa duen gizarte sektorean. Halako enborretik gaitza da gorrotoa eta mendekua ez den bestelako ezpalik ateratzea. Eta horretan gaude.