Zergatik kristautasunari kritika hau?
Gizakiok pentsamendu abstraktua eta mintzaira ditugu: dagoenaz eta ez dagoenaz pentsa eta hitz egin dezakegu, egotea nahiko genukeenaz... Gizakiak heriotzari dio beldurra, eternitate gosea du, askotan ez ditu bere existentziaren mugak onartu nahi eta "beste aldeaz" sinesteko joera du. Joera hori ez da berez kaltegarria; arazoa sortzen da –historia lekuko– joera horren gainean erlijio antolatu eta hierarkizatuak eraikitzen direnean; "egia absolutuen" jabeak dira eta "egia absolutu horiek" inposatzeko eskubidea dutela pentsatzen dute. Horra hor fanatismo, intolerantzia eta zapalketaren ernamuina. Ezjakintasuna. Eliza beti egon da pentsamendu librearen kontra, artalde analfabetoak hobeto irensten ditu eztabaidatu ezin diren egia sakratuak.
Artalde horren erdia emakumeok osatzen dugu. Nondik dator Elizak emakumea gutxiesteko duen joera?
Herri historiko gehientsuenak patriarkalak izan dira, judua ere bai. Kristautasuna judaismoaren adar bat da; judaismoaren liburu sakratua Bibliaren Itun Zaharra da, eta liburu horretan emakumea bigarren mailako pertsona gisa agertzen da: jainkoak Adamen saihets batetik sortu zuen eta Evak seduzitu zuen Adam sagarra jan zezaten. Aurreko horri kristautasunaren benetako egile intelektuala den Pauloren misoginia gehitu behar diogu, ondorengo filosofo kristau gehientsuenek jarraitu zutena. Elizak bekatariak behar ditu, kontzientzia txarra duten menpeko sumisoak manipulatzeko, izutzeko, "salbatzeko"... eta haientzat plazer sexual zikin eta bekatariaren sinbolo nagusia emakumea da.