Gregorio Diaz Ereño izango da Altzuzako (Nafarroa) Oteiza museoko zuzendari berria. Egun, Lizarrako (Nafarroa) Gustavo de Maeztu museoko zuzendaria da Diaz Ereño. Oteiza Museoa Fundazioko patronatuaren erabakiz, berak beteko du Pedro Manterolaren lekua.
Juan Izuzkizaren Paranoiaren hozberoa (Nintendorena) saiakera plazaratu du Pamiela argitaletxeak. Iazko Juan Zelaia Saiakera Saria irabazi zuen liburu horrek. Bestalde, aurtengo ediziorako lanak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da. Bestalde, Aitor
Arana idazleak Hilezkorrak (SM-Ikasmina) liburua plazaratu du. Aranaren lanak Baporea gazte literaturako narrazio saria irabazi zuen iaz.
Joserra Senperena pianista donostiarrak Dardaren interpretazioa (Gaztelupeko Hotsak) diskoa kaleratu du. Harkaitz Canok idatzitako izen bereko liburuko poemak ditu ardatz Senperenaren lan berriak. Blues ukituko hamahiru abestik osatzen dute diskoa.