Biraoak. Nafarroan bilduak
Apaizen eraginez-edo, auskalo, zenbait urtean zabaldua izan da honako kontu irrigarria geurean: alegia, euskara hizkuntza “garbia” genuela. Ez zuela erdarazko mintzairek zituzten hitz zatarretatik bakarra ere. Baina noski, euskara hizkuntza bizia izaki –eta orain baino gehiago, lehen– izan ditu –eta ditu– ezagunari eta lagun hurkoari kalteren bat opa egiteko esaldi ugari. Horren berri eman digute Juan Jose Zubiri Lujanbio eta Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzain nafarrek elkarren artean osatu duten Biraoak. Nafarroan bilduak izenburuko ikerketan. Lagun arteko hizkera hori karriketan gero eta gehiago erabiltzeko bildu dituzte Nafarroan erabiltzen diren biraoak, hala nola irain edo madarikazio horiek herriz herri dituzten indargarriak.