«Taldearen lorpen handiena da hasi ginenetako hiruk jarraitzea, eta harremanari eustea»
Erraza izan da aukeraketa? Bigarren diskoko abestirik ez dago, sui-generis samarra zelako?
Bai. Hastapenetako batzuk berreskuratu ditugu, eta gaur egun jotzen ditugunei batu dizkiegu. Bi ikusle mota ditugu: hastapenetakoak eta azken urteotan ezagutu gaituztenak. Bigarren diskoa kanpoan gelditu da, abesti pertsonalak eta luzeak direlako.
Hiru kontzertu grabatu, eta bakarra, Durangokoa, aukeratu duzue…
Santurtziko X-tremekoa, Sestaoko txosnetakoa eta Durangoko Plateruenakoa grabatu genituen, baina kantu guztiak Durangokotik hartu ditugu, soinu eta giro onena izan zuelako.
Hastapenetan punk-rockaren eta heavyaren arteko mugak apurtu zenituzten.
Ni punka entzuten hasi nintzen, eta gerora heavya deskubritu nuen. Lehenengo diskoa oso zuzena zen; eta bigarrenean esperimentatu egin genuen. Gerora, taldearen soinua punk-rockean finkatu genuen. Baina, beti tartekatu ditugu estiloak, askatasun handiarekin aritu gara rockaren barruan.
Aspaldiko arantza al zen zuzenekoa?
Orain zen unea. Nik Nortonklub daukat, eta kantu berriak egin beharrean pentsatu genuen zuzenekoa egitea. Gainera, erronka ere bazen, eta oso gustura gaude.
Lau teilatu aldarrikatzen jarraitzen duzue?
Bai. Lehenengo diskoan grabatu genuen eta nahiz eta sasoi batean errepertoriotik kanpo izan dugun, gure zuzenekoan egotea bidezkoena da. Bitxia da aspaldiko kantuak berreskuratzean guk ere sentsazioak berreskuratzen ditugula.
Zer du berezia EH Sukarrak hainbeste urte irauteko?
Gauzak egiteko gogoa dugun lagun taldea garela. Lorpen handiena da hasi ginenetako hiruk jarraitzea, eta harremanari eustea.
Zuen hitz gehienek gaurkotasun handia dute…
Bai,
Argi ibili, 10 urte gartzelan… Gaur egun gauzak okerrago daude. Lehenengo diskoan hitzak oso zuzenak ziren; eta gerora, Asier Serranorekin pertsonalagoak ziren arren, beti izan dute kritika.