Jentilen bideetatik

  • Ataunek konta ezin ahala altxor gordetzen du bere baitan. Aralarko Parke Naturalean kokatua, mendi txango ezberdinak egiteko aukera paregabea eskaintzen du. Horrez gain, aztarnategi historiko garrantzitsua aurkitu daiteke bere mugen barruan. Besteak beste, Joxe Migel Barandiaran maisu handiaren jaiolekua izan da Ataun. Jarraian aurkezten dugun txangoak denboran atzera eginez historiaurrean murgiltzeko aukera eskainiko digu.
Agautz gailurra
Agautz gailurraGorka Azkarate
Ataungo herri-gune nagusitzat hartzen den San Martin auzoan (204 m) hasi eta bukatuko dugu txango eder hau. Gipuzkoako herririk luzeena da Ataun, eta auzo ugari dituen arren, biztanleak San Martin, San Gregorio eta Aian biltzen dira nagusiki.

Lizarrustiko mendaterantz doan errepidea hartu eta Urkillagako lepoa gaindituz Aia auzora heltzen den errepidea hartuko dugu berehala, GR-20 (Aralarko bira) ibilbideko margo ikur zuri-gorriei segika. Bigarren mailako errepide hori utzi eta haren eskuinetik abiatzen den bidexka batetik osatuko dugu Urkillagarainokoa, malda gogorrik gainditu beharrik gabe baina etengabeko igoeran.
Urkillagako lepora (513 m) iristeak atseden txikia egitera gonbidatuko gaitu ezinbestean. Aia auzoa gertu sumatuko dugu, lepoaren bestaldean. Inguruaren edertasuna ikaragarria da. GR-20 xenda nagusia utzi eta haren anaia txikiari jarraituz (GR-20.1), Leizadiko malkarrari egingo diogu aurre, txango osoko malda gogorrenari. Sigi-saga, garaiera irabazten joango gatzaizkio mendiari, eta Leizadiko gailurra bera eskuineko aldetik saihestuz (aukerako igoera) Agautzko (974 m) gailurrera helduko gara, Goierriko zati handi baten eta Aralarko eremu garaienaren ikuspegi paregabeaz gozatuz. Ahalik eta garaiera gutxien galduz, Erremedioko belar-soroa inguratu eta, Lareoko urtegira jaisten den bide nagusia une batez utziz, Sastarriko haitzetara joko dugu, gailurrera heldu garela esango digun gutunontzi ezkutuaren bila (996 m).

Xenda nagusia berreskuratu eta beherantz joango gara, Lareoko urtegirantz. Metro batzuk aurrerago, ordea, modu nabarmenean margoturiko harri batean Sastarriko kobara doan bidegurutzea hautemango dugu. Merezi du bisitatzea. Minutu gutxitan helduko gara basoan ezkutaturik dagoen kobara. Barnera sartzeko aukera ere badago, baina arretaz ibili. Behin koban sarturik, aukera bi izango ditugu: eskuinaldeko osin edo lakutxoa ikustea edo ezkerreko zirriztuak miatzen saiatzea. Espeleologia saiakera amaitutzat emandakoan, bide nagusira itzuli eta zailtasun handirik gabe, Lareoko urtegiaren ertzera helduko gara, jaitsiera lasaian.

Lareoko urtegia inguratzen duen baso pista jarraituz, Baiarrateko igarobide garrantzitsura helduko gara, Enirioko saroira eramango gaituena. Igaratzara zuzen abiatzen den bidea utzi eta Uiduiko saroira joko dugu, Supitaitzeko zutarriaren eta Jentilarriko trikuharri ezagunaren bila. Trikuharri ugari bistaratzeko aukera ematen duen bide nagusi hau jarraituko bagenu, Zaldibiako Olakosaira helduko ginateke, baina Ataun San Martinera itzultzea da gure asmoa, eta halaxe egingo dugu. Horrela, Arategiko lepoa igaro eta Intxustin barrena Eniriora doan baso pista hartuko dugu, Sastarriren oinean bertan, eta kontrako norantzan, Eniriotik Ataunera artekoa egingo dugu, Intzartzuko haitzen azpitik igaroz, eta txangoa Jentilbaratzako igarobide ikusgarrian barrena amaituz.

Osinberde

Osinberdeko iturburuak (Zaldibia), dauka emari hidrologiko handienaren errekorra Gipuzkoan: segundoko 600 litro euri gehien egiten duen urte sasoian, eta 15 litro inguru sasoi lehorrenean. XIX. mende amaieran, ubide sare garrantzitsua eraiki zen Amondarain-Aralar gainean, eta bestalde, bi zentral ere eraiki dira uraren emariaren indarra baliatzeko. Osinberdeko putzua zokogune ezkutu batean gorderik dago, baina iristeko erraza da. Zaldibiatik autoz heldu daiteke Arkakara eta handik abiatuz ordu laurden inguru beharko dugu putzura heltzeko. Bidean, ubide sarearen arrastoak ikusteko aukera dago.

Bestalde, orain gutxi ireki ditu ateak Arkakako uraren interpretazio zentroak. XX. mende hasierako zentral hidraulikoaren goiko solairuan egokitu dute interpretazio gunea, eta horrez gain, Zaldibia herri-gunea eta lakua lotzen dituen bideak eta lakuko arrantza eskolak berak osatzen dute zentroa.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude