argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
Tuberkulosioaren kontrako txertoa
  • Badalonako (Katalunia) Can Ruti ospitaleko Pere Joan Cardona doktoreak tuberkulosiaren kontrako tratamendua nabarmen murriztu eta laburtzen duen farmakoa aurkitu du. Txerto terapeutikotzat jo daitekeen medikamentu horri esker, tuberkulosiak gaur egun eskatzen duen tratamendu luze eta traumatikoak hilabete bat baino ez luke iraungo. Can Ruti ospitaleko Tuberkulosi Esperimentaleko Unitatean aritzen da Cardona eta berak asmatutako botika da munduan gaur egun tuberkulosiaren kontra txerto moduan erabiltzeko dagoen tresna bakarra. Aurreneko pausoak behar bezala gainditu ondoren, iazko maiatzean gizakiekin hasi zituen probak, 24 boluntarioz osatutako taldearekin egindako ikerketan.
Jabier Agirre 2008ko martxoaren 17a
Tuberkulosia
Tuberkulosia
XXI. mendean gauden honetan, 2.000 milioi pertsona baino gehiago daude mundu osoan tuberkulosiak jota. Baina bestetik, medikuntzak azken 50 urteotan egindako aurrerakuntzei esker, Koch-en baziloak kutsatutako pertsonen %10ak besterik ez du tuberkulosia garatzen. Kutsatzetik gaixotasuna garatzera doan prozesua eteteko tratamendu estandarrak bederatzi hilabete inguru irauten du, eta egunean hainbat pilula hartu behar dira. Gainera, albo-ondorioak izan ditzake, garrantzitsuak zenbait kasutan. Eragozpen horiengatik, gaixo askok garaia baino lehen uzten ditu botikak, hirugarren munduko herrialdeetan batez ere. Tuberkulosia lurralde horiexetan dago hedatuen, zoritxarrez.

Ruti txertoarekin, ordea, tratamenduak hilabete besterik ez luke iraungo, horregatik jarraipena askoz ere errazagoa litzateke. Bigarren ikerketa fasea amaitu ondoren, beste pauso bati ekingo diote: Asia eta Afrikako 72 gaixorekin hainbat saiakuntza egitea. Horretarako, finantzaketa gehiago behar lukete ikertzaileek –erakunde publikoena, batez ere–, orain arte kosmetika laborategi txiki batek eduki baitu “txerto berriaren” patentea.