Mundu berri bat

  • Endika Fernandezek, oraindik 30 urte bete ez dituen ermuarrak, Amerika osoa iparretik hegora egin zuen bizikleta gainean orain dela urte bi. Harekin batera bidaia bera egitera gonbidatzen zaituztegu hurrengo orrialdeetan. Fernandezek bizikleta aukeratu zuen, guk oraingoz irudimena baizik ez dugu erabiliko Amerikara alde egiteko. Oraingoz.
Ozeano Bareko itsasertza
Ozeano Bareko itsasertzaEndika Fernandez
Gogoz zebilen Endika Fernandez txirrindula gainean abentura handiren bat bizitzeko, 20 urte zituela Kuba alderik alde zeharkatuz geroztik. Ia dena asmatuta dagoenez, eta abenturazaleentzako ibilbideak ere bai, Fernandezek aurrez prestatutako bideetako bat aukeratu besterik ez zuen egin behar. Amerikakoa iruditu zitzaion erakargarriena. Iparretik hegora, Alaskatik Patagoniara, kontinentearen mendebaldetik joatea zen erronka, Panamerikar deritzon bideari jarraiki. 2005eko udaberria zen.

Alaskako (AEB) Anchorage hirian hasi zen 22.000 kilometroko bidaia. Alaska naturaren paradisua da. Gutxi gorabehera Gipuzkoak adina biztanle dauka, hedaduraz Frantziako edo Espainiako estatuen hiru halako den lurraldean. “Bertakoek diote han bandera dela gauza estatubatuar bakarra”, diosku Fernandezek. Etorkin mordoa dago AEBetako estaturik zabalenean, king crab izeneko karramarro erraldoiak harrapatzen diren sasoian batez ere. Oso ondo ordaintzen den lana da, baina asko hil egiten dira ahaleginean. Juneau, hiriburua, herri handia da, eta ez dago errepiderik bertaraino. Izan ere, asfaltatutako errepide bakarra dago Alaskan.

Kanadan sartzeak ez zion aldaketa handirik ekarri gure bidaiariari. Paisaia ikusgarriak nonahi, basoak, mendiak... Vancouverrera iritsi arte. Bere odisean, Endika Fernandez hiri handiak saihesten saiatu zen, baina askotan ez zuen igarotzea beste irtenbiderik eduki. Kanada eta AEBetako hiriak, hala ere, pagotxa dira txirrindulaz dabiltzanentzat, bidegorriz beteta daudelako. Eta Vancouverren bertan, campingak daude hiri erdi-erdian.

AEBetan sartuta, bandera festa, bertakoen abertzaletasun sutsuaren erakusle. Bide osoa kostaldetik egin zuen ermuarrak, 101 izeneko errepide zaharretik hain zuzen. Hainbat hiri zeharkatu behar izan zituen, baina San Diegon eta Tijuanan (Mexiko) ikusitakoak utzi zion oroitzapenik biziena. Munduko mugarik handiena da bi hirien artekoa. Hondartza bera ere alanbrezko hesi batek erdibitzen du, eta asteburuetan han elkartzen dira zatitutako familiak, hesiaren alde banatan, otordua egitera.

Mexiko basamortuz hasten da, baina gero eta landaredi oparoagoa dago hegoaldera joan ahala, Txiapaseko oihanera heldu arte. Han, borrokan segitzen du gehienok erdi ahaztuta daukagun zapatismoak. Pobreak dira eta gaizki daude, baina badago halako ordena bat. Guatemalan sartu bezain laster, aldiz, bidaia askoz arriskutsuago bihurtzen da. Tikaleko piramide maia ospetsuetatik hurbilen dagoen hiriak lakua du erdian, eta lekuaren erdian uhartea. Han gordetzen dituzte turistak, poliziak babestuta. Guatemalan, El Salvadorren eta Hondurasen, marak izeneko gazte-taldeak benetako arazo bilakatu dira. Urtean milaka hildako eragiten ditu haren indarkeriak.

Costa Ricak eta Panamak naturaren eztanda dakarte. Oihan tropikalak estaltzen ditu, eta biodibertsitateari dagokionez ez omen dago munduan parekorik. Panaman, zer esanik ez, kanala da beste ikuskizun ederra. Handik 500 kilometrora, errepidea eten egiten da. Dariengo oihan erraldoiak Erdialdeko amerika eta Hego Amerika bereizten ditu; ez dago inolako biderik, eta egiteko asmorik ere ez. Droga trafikatzaileei eta etorkinei gauzak erraztea ez da komeni. Hala, Endika Fernandezek hegazkinez egin behar izan zuen Cartagenarainoko (Kolonbia) bide zatia, Panama hiriburutik.

Kolonbian, zenbat eta hegoalderago okerrago. Giroa gero eta arriskutsuagoa delako, eta Andeak gero eta handiagoak direlako. Beldurrik pasa zuen Fernandezek, baina onik iritsi zen Ekuadorrera. Quito inguruan, itsasertzera jaistea erabaki zuen, oxigeno apur baten bila. Hala, kostaldetik egin zuen gainerako bide guztia, amaierako zatia izan ezik. Peru hegoaldean ikusi zuen bidaia osoko lekurik harrigarrienetakoa: Nazcako lerroak, munduko zientzialariak zoratuta dauzkaten irudiak.

Txilera sartzea Europara itzultze bezalakoa da, ordura arteko txirotasuna bat-batean desagertzen baita. Iparraldean basamortua, erdian mahastiak, hegoaldean baso eta mendi ikusgarriak, denetik du Txilek. Bide australa deritzonera helduta, zikloa ixten da: berriz Alaska ematen du honek.

Bide australa Pinocheten aginduz eraikitako 1.100 kilometroko mendiko pista da, fiordo artean dabilena. Hark garamatza Patagoniako oihanera, eta Suaren Lurraldetik itzulitxoa egin ostean, munduaren amaiera omen den Ushuaiara. Edo gure bidaiarenera behintzat. Endika Ferandezek urtebete eman zuen.
Zer abentura eta zer abenturaondo?
Bidaia osoan zehar, Endika Fernandezek eguneroko gertakizunak, sentipenak, emozioak... idatzi zituen. Azken egunekoa irakurtzen utzi digu, helmugara iritsita sekulako negar jarioa isuri zuela esaten duenekoa hain justu. Beste pasarte batzuk berak esan dizkigu aurrez aurre.
  • "Askok ez zuten ulertzen zertan nenbilen. Beraiek beste behar batzuk dituzte. `Zer abentura eta abenturaondo´?, zioten. Harrigarri zitzaien musutruk egitea halakorik".
  • "Alaskan esan zidaten pistola eramateko aldean, hartzak zirela eta. Oso merkeak dira gainera, pistolak. Baina ez da hainbesterako. Biologo batek esan zidan jende gehiago hiltzen dela Coca Cola lata makinan erostean elektrokutatuta, hartz batek eraso eginda baino".
  • "Basamortuan ez nuen kanpin-dena ipintzen. Lo-zakuan sartu eta gora begira egoten nintzen, zeruari begira. Milaka izar, konstelazioak... hemen ikusten ez den guztia. Diotenez, Behe Kalifornia (Mexiko) da munduko lekurik onena izarrak ikusteko".

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude