ZapateroJagoba Manterola / Argazki Press
Patxi Lopezek gidatutakoak aparretan dira, garaipenez gainezka, Ajuria Enera ate handitik sartzeko ametsetan blai. Eta haietako kide eta zale asko jota, Isaias Carrascoren gisako “mezua” bihurtzeko izua gainetik kendu ezinean.
Alderdiaren 1986ko zatiketaren ondoren, une latzenetakoa bizitzen ari dira jeltzaleak; Josu Jon Imazen agurrean legez, EAJ den transatlantiko horri norabide finkorik emateko zalantza bizian antzematen da bere zuzendaritza.
Zehaztu ezin daitezkeen datu oparoekin eskuetan, ezker abertzaleak pozik egoteko moduko arrazoiak ditu, Zapatero eta ETAren erasoaldiei primeran eutsi die, batez ere Gipuzkoan. Harrokerietarako arrazoi gutxi du, ordea, azken 30 urteetako une latzenetakoa bizi baitu; eta, seguruenik, epe laburrean biziko duena ere ez da makala izango.
PPk zauriak miazkatzen jarraitzen du, ez Raxoik Madrilen ezta San Gilek ere hemen ez dute asmatu. Madrilgo erreferentzia nagusia euskal gizartean sozialistak dira eta ez popularrak, baina asko dira eta, eskuinaren gose eta amorrazioa akuilu, jadanik hurrengorako jauzia prestatzen ari dira.
EA, Ezker Batua eta Aralarrek zur eta lur jarraitzen dute, balizko koalizio galduaren erresuman galduak. Txikienek estrategia bateratzaileei ekiten ez badiote, zergatik handiek bai?
Abertzaleen koalizioek ondo eutsi diote egoerari, batez ere Ipar Euskal Herrian EH Bai ekimenarekin, baina baita Nafarroa Baik ere. Ez da errealista Espainiako hauteskunde batzuetan PSN garaitzea, hori jakin badakite NaBaiko agintariek. Abertzaletasuna seguruenik bere sabaian dago Nafarroan, eta NaBaik nahiko lan izango du bere zorua mantentzen.
Azkenean, epe labur eta ertainera, Jose Luis Rodriguez Zapaterok, beste bi erpinei dagokienez, bi desafio nagusi ditu negoziazioaren eta bakearen eremuetan. Hiruko gobernuarekin, eta funtsean jeltzaleekin, EAEko herritarren erabaki eskubidearen inguruan noraino iristeko prest dagoen erakutsi beharko du, horretarako Ibarretxeren herri kontsultaren abagune hau profitatuz, edo bestelako bideren bat landuz. Horretarako, Jaurlaritzaren bide-orriak datozen hilabete hauek balia ditzake, edo seguruago dena, besteenak diren tenpus horietatik ihes egin eta hauteskunde autonomikoei lasai itxaron, ondorengo emaitzekin hobeto negoziatuko duelakoan.
Ezker abertzaleari begira, erronka aurreko negoziazio saioa amaitu gabekotzat jotzea litzateke, eta Loiolan ihes egindako akordioa erdiestea. Ez da samur ikusten, konfiantzak oso urratuta daude eta denak adierazten du aldeen indar erakustaldi berri baten aurrean gaudela. Gaitza bai, baina esperantzarik gabe ere ez da erraza normaltasunez bizitzea.
Ajuria eneko itunaren sorreraren 20. urteurrena iragan berri da urtarrilean. Ezker abertzalea zokoratzeko estrategia hura –hori izan baitzen nagusiki– hutsala izan zela erakutsi du denborak. Egoera hartara itzultzeko tentazioa antzeman liteke zenbait proposamen eta ildotan, EAE-ANV alkatetzetatik kanporatzeko proposamenetan, adibidez.
Ezker abertzaleak ere ihes egin beharko luke balizko isolamenduetatik eta horretarako dena ez dago besteen eskuetan. “Denak nire aurka” horrek balio dezake hauteskunde kanpainan botoei eusteko, baina ez da errealista eguneroko politikan, eta horren erakusgarri dira beste indar batzuekin dituen gobernu akordioak edo gai askotan eta hainbat gunetan diren adostasun eta ekimen bateratuak.
Baina posible ote da isolamendutik ihes egitea ETAk Carrascorena moduko hilketekin jarraitzen badu? Gaitza. Errepresioak trikuaren defentsara eraman dezake ezker abertzalea, baina posizio horretatik politika eraginkorra egitea ia ezinezkoa da.