argia.eus
INPRIMATU
Kale bizhitsari jarriak
  • I

    Hauxe egun motela...
    denbora ez-gauza.
    Tabernako barraren
    kanpoaldean dautza
    erratzak daramala
    harlauzaz harlauza
    astelehen akitu
    zahar baten zerrautsa.
2008ko martxoaren 14a
Maialen Lujanbio
Maialen Lujanbio, bertsolariaKarlos Corbella
II

Ez du aste hasieran
jotzen eguzkiak,
astelehen ta astearte
astelehenduz biak.
Herri ilun, kale isil,
espaloi bustiak,
sotoek irentsiak
bizidun guztiak.

III

Sortu asteazkena,
ta noizko adio...!
Bar-man bakartuari
luze dohakio.
Pintxoari mahonesa
tanta bat dario...
goizez jausten hasi ta...
eutsi egin dio.

IV

Ostegun mortuetan
hego-bako hontza,
eskuak patriketan,
zeharrean poltsa,
gau hutsari eztula
egiteko lotsa.
Etxe zuloetatik
“teleberri” hotsa.

V

Egun anfibio bat
bi jaien gerizan,
promesa eternoa,
biharko peskizan.
Jausi da ostiral bat
asteroko gisan,
zerbait zirudiena
ta ez zena izan.

VI

Azkenik larunbata!!
ta antsia jasa!
Whisky, insalus, rona,
kubata, gin-kasa,
WC ta WC
pasa, pasa, pasa!
Izerdia, musika,
tabako arnasa,
litroak, isuriak,
humanoide masa,
jendetza, uholdea,
kaosa, anabasa.
farra, farranda, besta,
manboa, desfasa,
aluzinantea txo!
topea, demasa!
Kristoren martxa dabil!
Tumatxa gaupasa!

I

Hauxe egun motela...
denbora ez-gauza.
...

Doinua: “Errota zahar maitea”.