argia.eus
INPRIMATU
Punk-hardcorea izaera handiko ahotsaz gozatuta
  • No Relax ::Indomabile

    Maldito Records

    iraupena ::42’03’’

    prezioa ::14,70€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2008ko martxoaren 23a
No relax diskoa
No relax diskoa
Diskoa entzun ahala, Micky abeslariaren ahots indartsu eta melodikoa da gehien harritzen gaituena; izaera handia ematen dio taldeari. Horren atzetik, baina, punkaren eta hardcorearen artean kokatutako oinarri indartsua dago. No Relax Nafarroan jaio zen orain dela urte batzuk, eta honako hau hirugarren diskoa du. Taldearen ideia Italian sortu zen, Ska-p taldeak han egin zuen bira batean Joxemi gitarra jotzaileak –nafarra bera– Micky, talde italiar bateko abeslaria, ezagutu zuenean. Nahiz eta oinarrian punk azkar eta indartsua egiten duten, Mickyk emaitza leundu egiten du; eta gai dira, gainera, bestelako estiloetan ere murgiltzeko: hala nola, reggae-an, metalean, surfean edota Jimmy Cliff-en The harder they come kantuaren bertsioa egiten. Hitzetan, berriz, gizartearen alor askori kritika zorrotza egiten diete.
«Egiten duenarengatik hasi da No Relax ezaguna egiten: idazten ditugun kantuengatik eta Mickyren ahotsagatik»

Melodia handiko hardcoreaz gain, zuen kantuetan Euskal Herriko punkaren eragina antzematen da…


La Polla, Cicatriz eta Kortatu moduko taldeengatik ez balitz, agian ez nuke inoiz talderik egingo. Haiek erakutsi ziguten musikako ezagutza handirik gabe musika egin zitekeela.

Gogorra al da hutsetik hasi beharra Ska-p taldearekin arrakasta nabaria izan ostean?


Hasten diren guztientzat da gogorra, oso aukera gutxi daude ezagutzera emateko. Ska-p taldeak geldiunea egin baino urtebete lehenago sortu genuen No Relax. Baina hasieratik aukeratu genuen ibilbide propioa egitea eta hutsetik hasi gara beste askoren moduan. Ska-p-ren kontuari ez diogu oihartzunik eman nahi izan, eta poliki-poliki No Relax ezaguna egiten hasi da egiten duenarengatik: idazten ditugun kantuengatik eta Mickyren ahotsarengatik. Bestalde, hasi berri diren taldeetan jende atsegin eta solidario asko aurkitu dugu, beste maila batzuetan aurkitzea zailagoa da.

No Relax. Zergatik? Arretaz egon beharra dago?


Izen horrekin gure izaera definitzen saiatzen gara: telebistan esaten dutena sinistu ez eta ematen digutenarekin konformatzen ez garen jendea. Gero eta arreta handiagoarekin jokatu behar da elkartasunik gabeko mundu indibidualista honen aurrean. Zer eskaintzen digute gazteentzat? Futbola? Play-stationa? Drogak? Etxebizitza bizi osoan ordaindu ahal izateko lanpostu prekarioa? Kaka zaharra!

Orain arteko diskoak gaztelaniazko eta italierazko bertsioetan argitaratzen dituzue. Hizkuntza hainbesterako muga da?


Jakina baietz! Bestela, Su Ta Gar munduko talde onena izango litzateke! Argi dago hizkuntza muga dela. Nik ez ditut berdin sentitzen La Pollaren eta Extremoduroren kantuak edota Alemaniako Die Toten Hosenenak. Gazteleraz eta italieraz hitz egiteko gai garenez, lan bikoitza egiten dugu bi herrialdeetan hobe uler eta senti dezaten.