Pako Sudupe, idazleaDani Blanco
Aristotelesentzat alde batean (1) mundua edo gauzak daude. Bestean (2) arima. Bion artean (3) munduak ariman eragindako zerak, eta horien sinbolo edo zeinuak (4) hizkuntza eta idazkuntza. Aristotelesentzat konbentzionala bakarrik hizkuntza eta idazkuntza da, beste guztia gizon-emakume guztiontzat berdina. Humboldtek berriz bereziki azpimarratzen du hizkuntzen arteko diferentzia ez dela “hots eta zeinuena” bakarrik, eta Aristotelesi ez ezik hari jarraitzen diotenen tradizio nagusi arruntari egiten dio aurre.
Primeran ohartzen zara liburu honetan zehar mendebaldeko kultura nola datorren Greziatik Chomskyrenganaino eta gurean Txillardegirenganaino.
Jauzi bat egin liburuen ataletan eta Nazioa deritzanera etorriz, ikasten dugu Goethe-ren ustean, 1797an, alemanak alfer-alferrik ari zirela, inoiz ez zirela nazio bat izango (Iraultzaren adieran, hots herrijende burujabea), eta Madame de Staël-ek, era berean alemanak ez zirela nazio bat epaitu zuela bere bidaiakoan, eta alemanek ez zutela karaktererik. Baina haiek Napoleonen aurka armetan altxatu zirenean iritzia zuzendu zuen; eta, ohar hau eransten du liburu egileak: nazioaren kontzeptu epiko bat da inondik ere Iraultzaro horretan, zerikusi oso gutxi baitu horrek Herder edo Humboldt-en nazioarekin.
Mendebaldekoek nagusiki, baina Ekialdeko hizkuntzek, pentsamenduek eta filosofiek ere badute lekua. Shôko Kishitani andre japoniarrari buruzko zatiak merezi du irakurtzea: Hiroshimako bonba atomikoaren biktimei eskainitako monumentuko idazkuna zein zaila den alemanera edo beste ezein hizkuntza indogermaniarretara zinez itzultzen: “Anai-arreba maite zenduok! Jainkoak eman biezagu zuei atseden jabala eta gu bizioi oker honetatik jagotea!”. Chang Tun-Sun-ekin ikasten dugu hizkuntzak berak daramatzala txinatarrak eta mendebaldarrak filosofia –logika, metafisika– ezberdinetara.
Segur aski hiruretan aberatsena, azkena argitaratu baina lehena idatzi zen hauxe da.