BBKMonika del Valle
Hego Euskal Herriko aurrezki kutxak eta kooperatibak egoera onean daude, eta hurrengo urteetan, gaur egungo beherakada ekonomikoa tarteko, egoera hori hobetzea aurreikusten da. Hala diote azkenengo asteetan finantza entitate bakoitzak jakinarazi dituen 2007ko datu ofizialek. Baieztapen horren erakusgarri, nahikoa da aipatzea aurrezki kutxen eta kooperatiben irabazi garbia –zergak ordaindu ondoren– mila milioi eurotik gorakoa izan dela. Irabazi hori, batez beste, %18 inguru hazi da 2006ko ekitaldiaren aldean. Ezin ditugu Caja Rural de Navarraren ekitaldi osoaren datuak eman, oraindik ez baitaude eskuragarri; hala ere, 2006an 39,7 milioi euroko irabazi garbia izan zuten eta pentsatzekoa da kopuru hori aise gaindituko zuela 2007an. 2008ko ekitaldian ere, kutxen irabaziak %15etik gora haziko direla aurreikusten da, nahiz eta beherakada ekonomikoko garaia izan.
Bitartean, BBK, Kutxa eta Vital Aurrezki Kutxaren bat-egitea bere horretan dago. Beste eragile batzuk badauden arren, arrazoi nagusia PPren kontrako jarrera da, kontuan hartuta euskal finantza erakundeen arteko kontzentrazio prozesu oro blokeatzeko ahalmena duela Araban. Gainerako kutxek –CANek, esaterako–, euskal aurrezki kooperatibak diren aldetik, bakoitzak bere estrategiari eusten dio.
BBK, euskal aurrezki kutxen buru
BBK da Euskal Herriko lau aurrezki kutxen buru. 2007an, 307 milioi euroko irabazi garbia izan zuen, 2006an baino %22,2 handiagoa, eta hasita dagoen ekitaldi honetarako, %15 igotzea espero du. 75 milioi euro zuzendu zituen gizarte ekintzetara, eta kreditu inbertsioa %15,4 hazi zen. “Aldi gogor” berria gorabehera, BBK-k, 2008-2010 planean, urtean batez beste %11 haztea aurreikusten du, sektoreak baino %20 gehiago.
Hurrengoa Kutxa da; 2007an, 215,5 milioi euroko irabazi garbia izan zuen, aurreko urtean baino %11,1 gehiago. Kreditu inbertsioa %16 hazi zen, eta 14.783 milioi euroraino heldu. Gizarte ekintzetara 78,9 milioi euro zuzendu zituen. Urte amaieran, hipoteka maileguetan 8.929 milioi euro emanak zituen Kutxak, hau da, %18,8ko hazkundea. Euskal ranking honetan, Caja Navarra da hirugarrena, aurreko urteko irabaziekin alderatuta, igoerarik handiena izan badu ere. 2007. urtea ixtean, 175,6 milioi euroko irabazi garbia zuen, hau da, aurreko urtean baino %24,6 handiagoa. 2008an, emaitzak %10 hobetzea aurreikusten dute. Azkenik, Caja Vitalek, 2007an, 72,3 milioi euroko irabazi garbia lortu zuen, aurreko urtean baino %12,28 handiagoa. Ekitaldia amaitzean, hazkunde orekatua izan zuen negozio lerro guztietan.
Euskadiko Kutxa, aurrezki kooperatiben buru
Euskadiko Kutxaren 2007ko irabazi garbia aurreko urtekoa baino %19,7 handiagoa izan zen, eta 185 milioi eurokoa izan zen guztira. Hipoteka maileguak %16 igo ziren, eta 14.982 milioi eurokoak izan ziren guztira. Horrek esan nahi du aurreko urteetan baino erritmo txikiagoa izan zela. Artikulu hau amaitzerako ez genuen Caja Rural Navarraren datu ofizialik. Hala ere, badakigu 2007ko lehenengo seihilekoan 23,84 milioi euroko irabazi garbia zuela, eta, 2006an, 40 milioi euro inguruko irabazia izan zuela; beraz, 2007an, 45 milioi euroren bueltan ibiltzea aurreikusten da. Azkenik, egoitza Bizkaian duen Ipar Kutxak %17 igo zuen irabazi garbia iaz, eta 11,8 milioi eurokoa izan zen. Kreditu inbertsioa %16,1 igo zen, eta 281 milioi eurokoa izan zen.
Blokeatuta dago EAEko kutxen fusioa
Hainbeste aldiz iragarritako EAEko aurrezki kutxen bat-egiteak geldirik jarraitzen du, eta ez arrazoi ekonomikoengatik, politikoengatik baizik. Prozesu hori aurrera eramateko, finantza erakunde horien gehiengoa kontrolatzen duten talde politikoen adostasuna behar da, hau da, EAJrena, PSErena eta PPrena. Une honetan, eta hiru kutxen fusioaren alde egin zenetik, PP horren aurka egon da sistematikoki, eta hura da Arabako Vital kontrolatzen duena. Gasteizko alkate izan zen Alfonso Alonsoren azken adierazpenetan, joan den otsailean, ez dago zalantzarik: “Inoiz ez dugu onartuko Vitalek beste biekin bat egitea” esan zuen.
Bestalde, hiru batzar nagusiak berritu dira aurten. Araban, PPk babestutako hautagai zerrenda aurkeztu da eta Vitalek bat-egite prozesuan sartzea erabakiz gero, prozesua blokeatzeko ahalmena izan dezake. Hala gertatuko balitz, beste bi urte itxaron beharko dira, hurrengo batzar nagusia berritu arte. Horren ondorioz, fusio egitasmoa berriro gorde beharko litzateke beste bi urtez gutxienez.
Beste arazo bat ere badago: M-9ko hauteskundeak PPk irabazi izan balitu, ekimen hori abian jartzea zaildu zitekeen, eta berriro geldiarazi. Hala ere, arazoak ez dira berez konponduko PPk hauteskundeak galdu dituelako, PSEk argi baitu Araban erabakirik ez duela hartuko harik eta ikusi arte EAJk zer irtenbide ematen dion Ibarretxeren erronkari, urrian egitekoa den erabakitzeko eskubidearen gaineko kontsultari dagokionez. Beraz, arazo politikoek berriro ere blokeatuko dute bat-egite egitasmoa, premia ekonomikoa dela eta gehiengoak eskatzen duen bat-egitea, alegia.
Arazo politikoei beste arazo bat gehitu behar zaie, EAEko hiru aurrezki kutxek fusioa babestuko duen Kutxen Legea berritzeko beharra. Hala ere, hala behar izanez gero, hurrengo udazkenerako legea prest egongo litzatekeela ziurtatu du Ogasunak.