Juanjo OlasagarreJudit Fernandez
Lehendabizikoa izatea sortzea. Azken honetan, egin beharreko lan bat dela dezente irakurtzen ari naiz queer teorian oinarritutako hainbat liburutan. Esaterako, Epistemology of the closet edo Reflexiones sobre la cuestión gay.
Izateko une fundazionalak behar dira eta bi ekarriko ditut hona. Bata Foucaultek aipatzen duena da: “Sodomia ekintza debekatu bat zen; egilea subjektu juridikoa baino ez zen. XIX. mendeko homosexuala, ordea, pertsonaia bat izatera ailegatu da: iragan bat, historia bat, haurtzaro bat, nortasun bat, bizimodu bat...”. Segitzen du baina ez zaituztet nekatu nahi, hitz bitan, lehen portaera bat zena izate bat bihurtzen dutela legegile, psikiatra eta abarrek. Erreparatu izate horren definizioa boteretik egina dela eta boterearekin txirikordaturik datorrela.
(Ildo honetatik interesgarria litzaidake jakitea, Iranen, demagun, nola ulertzen duen legeak bi gizonen arteko harremana. Ekintza gaizto baten moduan ala ekintza horri nortasun, izateko modu bat, pentsatzeko modu baten ondorioa den)
Bi. Behin izate hori ezarririk Stonewallekoa izan daiteke bigarren une fundazionala. Bere horretan begiraturik, euskal herritarrondako, horrelakoetara oso ohiturik, txorrada bat lirudike New Yorken 1960. urtean poliziaren asteetako jazarpenaren ondoren, Stonewall Inn tabernako bezero homosexualak errebelatu eta istiluetan aritu izana. Baina oso garrantzitsua izan zen, bagara eta ez gara lotsa esan nahi izan baitzuen.
Bi une horien ondoren bai, Ur, bihur daiteke bat lobby, ez lehenago.
Eta queer teoriarekin jarraituz zure txantxangorri ironikoaz hitz egin nahi nuke errespetu guztiarekin, Jose Inazio. Homosexuala izateak nire bizitza pribatua publiko bihurtu du, armairuaren dialektika deritzon horrek ongi azaldu bezala, beraz, esan dezaket ni asko liberatu ninduela ezkontzeak, armairuaren azken ezpalak sutara botatzea bezala izan baitzen, esajeratuz diot.
Horregatik iruditzen zait, nire baitatik, eta batere faltatzeko gogorik gabe, ezkontza, ez-ezkontzea hobe esanda, euskal (frantziar? ingeles? italiar?) ezkerraren barrikadetako bat dela, jendeak bere bizitza pribatuan ezkerreko dela adierazteko modu bat. Baina hala da? Arrazoi du txantxangorriak?
Seguru aski, trantsizio garaian errotu zitzaigun estatuari, aurrekoen bizimodu burgesari, konformismoari, balore ezarriei uko egiteko modu bat zen ez-ezkontzea; behin baino gehiagotan entzun bezala “ez dugu inoren beharrik gure maitasuna frogatzeko, ez estatu eta ez inor” esateko modu bat.
Konforme. Baina, iritziak iritzi, trantsiziotik hona gauzak asko aldatu dira eta ez-ezkontzearen barrikadak goiko horietaz gain beste gauza batzuk ere adierazten ditu. Ondoko bikoen artean, homosexuala/heterosexuala, emakumea/gizona, atzerritarra/euskal herritarra, pobrea/aberatsa, zeinek eginen luke paperik gabeko amodioaren alde? Ni bikote kide euskal herritarrarekin hona bizitzera etorritako Guatemalako lesbiana banintz ez dakit oso ongi eramanen nuen bere paperik gabeko amodio ezkertiarra.
Ez naiz ezkontzez ari, edo ez soilik, baizik eta ezkerrak sutsu defendatutako hainbat barrikadaz. Barrikadak hor dirau, pelea ordea, beste nonbait dago.