Australia: Asiako sheriffak zerbait ezkutatzen du

  • Albiste susmagarriak iritsi ziren berrikitan Australiatik: aborigen jendeen artean haurrei sexu gehiegikeriak erruz egiten zaizkiela jakin eta agintariak neurriak hartzen ari omen direla. Albiste horren sustraian dagoen kolonialismo istorio iluna argitu nahi izan du John Pilgerrek.
Northerm Territoryko iragarki bat
Northerm Territoryko iragarki batPARIAH
John Pilger izenez sinatua bada, zaude ziur artikulu borrokalaria irakurriko duzula. 68 urteko kazetari australiar honi etsaiek, eta asko ditu, iseka egiteko diote esanez bere artikuluak “pilgerkeriaz” beteta daudela: ingelesez “to pilger” eta “pilgerise” aditzak asmatu dizkiote, muturrera botatzeko.

The Guardian
egunkarian eta The New Statesman astekarian idatzi dituen artikulu eta erreportaje ugariez gain, film dokumental sorta dauka egina, DVD formatuan eros daitekeena. Azkenak, War on Democracy, Estatu Batuek mende erdi honetan Latinoamerikako gobernuak desestabilizatu eta uzkailtzeko antolatu dituen operazioak kontatzen ditu, Hugo Chavezek 2002an jasan zuen estatu kolpea barne. Dozena bat libururen egile ere bada.

Pilger gerrako kazetari izana da Vietnamen, Kanbodian, Biafran, Bangladeshen, Ekialdeko Timorren... Irak inbaditzea erabaki zutenetik, erruki gabe eraso die George Bushi eta Tony Blairri. Baina duela aste gutxi bere sorterriaz jardun du Pilgerrek, Australiaz, paradisu lasai itxura salduz Asia eta Pazifikoko botere inperialista moduan ari dela salatzeko: Australia’s hidden Empire (Australiaren inperio ezkutua).

“Kanpokoek Australia aipatzen dutenean –idatzi du Pilgerrek– halako xalotasun batekin ari ohi dira: cricketa, kanguruak jauzika, eguzki amaigabea, arrangurarik eza... (...) Australiak bere inperioa kudeatzen duela ezin da aipatu ere egin. Baina inperioa hasten da Sidneyko txabolategi indigenaz betetakoetatik, segi kontinenteko aspaldiko hinterlandetik eta Arafurako itsasotik barrena Hego Pazifikoraino heltzen”. Txabolategietan bizi diren indigenak? Baina Kevin Rudd lehen ministroak otsail honetan eskatu die-eta barkamena azken mende erdian egindako gehiegikeriengatik... Barkamen eskari hori mozorroa baizik ez omen da izan.
Australia fundatu zenetik zanpatu dira indigenak, Pilgerrek diosku. Lurra ostu eta jende asko lekualdatu zuten australiar berriek, antzinatik bertan zeudenak txirotasunean utziz edo anikilatuz. Orain sentimentalismozko tsunamiak eraginda barkamena eskatu zaie, baina egoera asko hobetu gabe.

Utopia izen polita daraman eskualdean bezala, leku askotan indigenak bizi dira osasun zerbitzurik gabe, iturriko urik gabeko etxeetan, zabor bilketarik gabe, eraikin zarpailetan. Australia aberatsa lehen munduko estatua den arren, lehenengo biztanleek gastroenteritis eta sukar erreumatikoa bezalako eritasunak nozitzen dituzte. Indigenen haurrak oraindik itsutzen ari dira Trakoma gaitzagatik. Sri Lanka atzeratuan menderatu dute gaixotasun hau, baina Australian ez.
Marjinazioan bizi diren herritarrotako askok beren etsipenean suizidiora jotzen duten bitartean, gehiengo zuriaren artean eztabaidatzen da ea ondo ote dagoen Estatuak hainbeste diru alferrik gastatzea itxuraz konponbiderik ez daukaten salbaiok bideratzeko.

Indigenek, gainera, azken aldian lotsakizun berri bati egin behar izan diote aurre. 2006an ABC telebistak Lateline programan salatu zuen Mutitjulu eskualdean haurrek sexu esklabutza eta gehiegikeriak nozitzen dituztela. Nahiz eta akusazio larriok iturri anonimo batean oinarrituta egon, eta lekuko agintariek albistea gezurtatu arren, telebistak ez zuen atzera egin. Alarma zabaldu zen Australia osoan eta John Howard orduan lehen ministro zenak poliziak eta soldaduak bidali zituen Northern Territory estatuko paraje urrun haietara.

Geroago ikerketa egin zen, gertatutako kasuen eta antolatu den emergentziaren artean proportziorik ez zegoela erakutsi zen... baina armadak eta poliziak han segitzen dute, eta australiar indigenak berrogeialdian.

Basatiok ez dira jabetzen

Northern Territoryn gertatzen ari denak badu Pilgerrentzako beste esplikazio bat. Duela 30 urte antzinako lurrak berreskuratu zituzten hango lehenengo biztanleek, kasik txiripaz, eta urteak pasa ahala konpainia handiak ohartu dira jende basa haien oinpean alferrik galtzen ari direla munduan karu pagatzen diren mineralak.

AEBetako Halliburton famatuaren adarra den Kellogg Brown & Root konpainiak Darwin-etik Adelaide-ra trenbidea eraiki zuen, eta horren aldamenean datza munduko uranium meategirik inportanteenetakoa, Olympic Dam deritzona. Handik ez oso urrun, gobernuak Tennat Creek eskualdea ere kendu die indigenei, mundu osoko zentral nuklearretako hondakin nuklearrak han lurperatzeko. Helen Caldicott zientzialariaren hitzetan “aborigenei lurra kentzeak ez du deus ikustekorik haurrei egindako balizko sexu gehiegikeriekin, eta aldiz bai Northern Territoryn uranio meategiak ireki eta han biltegi nuklearra antolatzearekin”.

Baina Australia bere inguruetan ere ari da potentzia inperialista moduan jokatzen. Ekialdeko Timorreko urpean, adibidez, munduko gas eta petrolio hobirik handienetakoa dago. Horrek esplikatzen du zergatik izan zen Australia Indonesiako Suharto jeneralak Ekialdeko Timor okupatzea onartu zuen estatu bakarretakoa. Eta zergatik saiatu zen, indonesiarrek 200.000 pertsona hil ondoren Timorrek independentzia alkantzatu zuenean, itsasoko mugak aldatzen, petrolioa eta gasa bereganatu nahian. Beharrik nazioarteko auzitegietan galdu zuela.

Baina Australiak etengabe sartzen du eskua Ekialdeko Timorren, John Pilgerrek dioenez. Xanana Gusmâo eta José Ramos-Horta Australiako establishmentaren gustukoak direnez, australiarrek ahaleginak egin zituzten Mari Alkatiri lehen ministroa kargutik kentzeko, hau nazionalistegia eta are “komunista” zelakoan. Azkenik, lortu zuten soldadu matxino batzuek 2006an hura kentzea. Alegia, Bush saiatu zen moduan Chavez hondoratzen, berdintsu egin zuela Howardek Alkatirirekin, honek arrakastaz.

Beranduago, komunikabide batzuek heroi moduan aurkeztu zuten matxinoetako batek, Alfredo Reinaldok, jo zuen kolpea Ramos-Horta eta Gusmâoren kontra. Tipoa hiltzaile arriskutsua izaki. Orain Ekialdeko Timor bankarrotan edo faillitan dauden estatuen artean kontatzen da eta bertako haurren ia erdia goserik dago, beren hankapean aberastasun handiak datzaten arren. Eta soldadu australiarrek bermatzen dute bakea.

Solomon uharteetan eta Papua-Ginea Berrian ere Australiak bere soldaduak dauzka bake lanetan. Pilgerrek inteligentziako ofizial bati entzun zionez “gizarte basati horietan esku hartzea erreminta trakets bat bezalakoa da, latza baina beharrezkoa”.

Eta gainera, Australiako militarrak ari dira Afganistanen eta Iraken. Kevin Rudd lehen ministro laboristak agindu zuen soldaduak Iraketik aterako dituztela, baina erdiak han utziko ditu. Australiarrak AEBen soziorik hurbilekoenak dira Asia urrunean. Kulturaz ere antzekoenak. Orain beren estatusa sendotu nahi dute. “Heldu da guk munduaren teilatu gainetik kantatzeko ordua” esan du Kevin Ruddek erretolika harroan. Horra nola mintzatu den Asiarako izendatutako sheriff berria.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Australiako aborigenak
Australiako Egun Nazionala “inbasioaren eguna” dela aldarrikatu dute milaka lagunek aurten ere

Britaniarren kolonialismoaren aurka egin dute, ekintzaile aborigenek inbasioaren eguntzat hartzen baitute. Melbournen hainbat monumentu kaltetu dituzte, esaterako, James Cook kolonizatzaile ingelesaren estatua.


Jatorrizko herritarrak konstituzioan onartzeari uko egin dio Australiak erreferendumean

Konstituzioaren zuzenketaren proposamena Anthony Albanese lehen ministroak bultzatu du. Hala ere, herrialdearen gehiengoak ezezkoa bozkatu du erreferendumean.


2023-08-30 | Ilargi Manzanares
Indigenak aitortzeko erreferenduma egingo dute Australian

Urriaren 14ean egingo dute konstituzioa aldatzeko bozkaketa. Lehen Ministro Anthony Albanesek “nazioa elkartzeko aukera” gisa definitu du erreferendumaren eguna.


Australian jatorrizko herritarrak Konstituzioan aitortzeko erreferenduma egingo dute

Proposamenaren arabera, Herritarren Ahotsa taldeak ekarpenak egingo ditu aborigenen eta Torres Itsasarteko Irlen inguruko gaietan. Azken 50 urteetan ez da aldatu Australiako Konstituzioa.


Hamaika aborigen baino ez daude Australiako Parlamentuan

Alderdi ezberdinetakoak dira, eta orain arte egon den aborigen-errepresentaziorik handienetakoa da.


Eguneraketa berriak daude