argia.eus
INPRIMATU
Abarrak
Gu ere sentitu gara liburutegiko arratoi
  • Firmin. Sam Savage / Seix Barral (2007)
    Firmin izeneko arratoiak nola, halaxe eskuratu nuen Sam Savage idazle estatubatuarraren liburu hau, liburutegiko apaletan marruskatuz, kasualitatez ia, “Berrienak” sailean. Firmin Bostongo (AEB) liburu-denda batean jaio zen 1960ko hamarkadan.
Jon Torner Zabala @jtorner 2008ko martxoaren 17a
Firmin
Firmin
Hantxe deskubritu zuen mundua, liburuz jositako apal artean. Egoerak bultzatuta, bere amak James Joyce idazle irlandarraren Finnegans Wake nobelaren orriekin eraiki zuen hamahiru seme-alabentzako bizitokia. Gazteena izaki, Firminek zailtasunak zituen amaren bularrari heldu eta zerbeza zaporeko esnea zurrupatzeko. Gosea asetzeko Finnegans Wake liburuko pasarteak irensten hasi zen, hortz artean txikituta lehenengo, eta begiekin gero. Irakurtzen zekiela konturatu zen, eta gizakiak berezko zituen dohainak garatu zituela. Hunkitzeko gai zen, haserretzeko, maitatzeko, barre egiteko, kantatzeko, pianoa jotzeko, ardoaz gozatzeko eta amesteko, batez ere amesteko. James Joyce irlandarraren nobela jan zuen lehenengo. Tripazorria engainatu ez, eta liburu gehiago irentsi zituen amorrazioz. Apal artean bizirauten ikasi zuen. Piztia bat zen, piztia itsusia. Arratoi buruhandi zikina. Berak bazekien hori, ispiluak ez zuen gezurrik esaten. Baina bizitzari aurre egitea erabaki zuen, auzoko zinema areto zaharrean Ginger Rogers eta Fred Astaire aktoreen konpainiaz gozatzeko besterik ez bazen ere, edo idazle Handien –Jack London, Stevenson, Dostoievski, Balzac...– babesa sentitzeko.

Firmin, Sam Savagen aurreneko nobela, Minneapoliseko argitaletxe txiki batek plazaratu zuen estreinakoz, baina ahoz ahoko komunikazioari esker oihartzun handia izan du. Liburu ederra da, bizitzari, heriotzari, bakardadeari, adiskidetasunari eta literaturari buruzko istorio bitxia, planteatzen duen ikuspegiagatik bereziki. Umoretsu eta ironikoa da batzuetan, garratz eta kirasduna besteetan. Bizitza bera bezalakoa. Erraz irensten da, baina ez pentsa aho zapore gozoa uzten duenik beti.